Euskaraz generoko pelikula. Euskaraz lehen film luze fantastikoa da “Errementari“. Paul Urkijo Alijok (Gasteiz 1984) “Patxi Errementaria, txikitan gehien maite nuen ipuina” moldatu du bere lehen luzea idatzi eta zuzentzeko. Deabru bat giltzapetuta eduki zuen errementeriaren istorioa, Europako hainbat ipuinen oihartzunak dituzten kondairekin nahastu ditu, istorio unibertsal bat sortzeko. “Sei urte gogorrak izan dira” pelikularako dirua ateratzeko eta egiteko. Sitgesen aurkeztu ondoren, gaur hasi eta datorren ostiralerarte martxan izango den Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astea zabalduko du “Errementari” filmak.
– Donostia Zinemaldian trailerra aurkeztu ondoren, Sitgesen estrenatu zuten. Orain Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astea zabalduko du. Horrek pozten zaitu ezta?
“Sitges zinema fantastikoko zinemaldi zaharrena eta inportanteena da. Guretzat euskaraz egindako pelikula fantastiko bat Sail Ofizialean izatea oso garrantzitsua zen. Lekurik onena. Baina argi genuen Euskal Herrian estrenaldi polita egin behar genuela. Eta nire zinemaldi gogokoena da hau. Hemen aurkeztu ditut nire bi film labur. Ohorea da zabaltzea“.
– Patxi Errementari euskal ipuina mahai gainean jarri duzu prentsaurrekoan, oso maite duzula esanez. Nola heldu diozu gaiari?
“Bai, nire txikitako ipuin maitatuena da. Niri txikitatik gustatu zait euskal mitologia. Ipuinaren bertsio zabalagoa egin dut. Horretarako deabruen imagineria klasikoan inspiratu naiz. Deabrua gorria, buztan luzea eta hirukian bukatuta behar zuen. Baina horretarako efektu fisikoak nahi nituen, digitalak baino. Gustatzen zait buztinarekin lan egitea eta modeloak egitea eta probatzea. Gero retoke digitala batzuk badaude ere”.
– Euskal mito bati heldu diozu, baina mito unibertsalen oihartzunak topatu ditut nik ere, esaterako, “Orfeo eta Euridice” greziarra, “Piztia eta Ederra” …
“Eta Fausto, deabruari arima saltzen dion gizonarena. Berez Europan dauden ipuinen konpendio baten partea baina ez da. Erresuma Batuan eta Irlandan badaude deabruarekin itun egin eta iseka egiten dioten pertsonaiak. Baita Errusian ere. Hor sartu ditut gainera Miguel Deuna eta Goñiko Teodosio istorioa, San Miguel deabrua hiltzen duena“.
– “Handia” eta “Errementari” filmek biek karlistadeetatik abiatzen dira …
“Konzidentzia izan da. Karlistadak oso gai potentea dira drama bat kokatzeko. Garai horretan kokatu dut oso testuinguru egokia iruditu zitzaidalako. Garai horretan pentsamolde ilustratua sartzen da Frantziatik eta talka egiten du pentsamolde tradizionalago batekin. Mendietan galdutako herrixketan dagoen pentsamolde tradizional, erlijioso eta superstizio hori ederki zetorkidan deabru istorio bat kontatzeko. Eta aparte estetikoki oso garai indartsua da. Erresuma Batuko epe biktorianoren garaikidea da eta hor daukagu Drakula, Frankestein, etb. Hori izango litzateke Euskal Herrian kokatua“.
– Garai baten isla da euskalkian filmatu izana?
“Argi genuen euskaraz eta XIX. mendean kokatua, euskara zaharra izan behar zuela. Filmeko euskara arduradunak, Gorka Lazkanok, gomendatu zidan Arabako euskalki zaharra erabiltzea. Entzunda nuen Araban euskara bat zegoela. Mendebaldeko euskara, Bizkaitik Arabaraionara zihoana. Koldo Zuazok idatzi du euskalki honi buruzko liburua eta beraren laguntza izan dugu. Niretzat ohorea da euskara hori azalaratzea. Baina ez da film historikoa, fantastikoa baizik eta jendeak ez du arazorik izango ulertzen“.

– Nola hautatu dituzu aktoreak?
“Kandido Uranga hasieratik argi nuen. Deabruaren kasuan, Eneko Sagardoyz hitzegin zidaten eta bere umorea eta espresibitatea ikusita berehala hartu nuen. Oso errodaia zaila izan da. Abenduan, lokalizazio naturaletan, koreografiak, akzioa dauzka, monstruoak, euria, sua, burni piloa. Rodaje bortitza. Eta Enekoren kasuan are gehiago. Protesiak zituen eta horrela antzeztea zailago da. Paper zaila da baina Enekok berea egin du. Duen antzezpen indarragatik eta talentuagatik, agian filma ez zen posible izango“.
– Beste pertsonai bat, Usue neskatoa da, Errementari samurtzen duen neskato umezurtza. Uma Bracagliak antzeztu du. Usue zure alter egoa ematen du. Gustura lortutakoarekin?
“Bai, ni txikitatik egon naiz basotik jolasten eta basoko istorioak entzuten. Niri gertatutako pasadizo bat eszena batean eman dut. Garbi nuen Usue basatu izan behar zela, bihurritxoa. Eta Uma agertu zenean, Mogwli ikusiko banuen bezala izan zen. Kamaran agertzen zen bakoitzean maitemintzen gintuen. Eta txalogarria da nola aguantatu duen errodaje bortitz hori hain txikia izanda. Beteranoa balitz bezala aurre egin dio“.
– Arte zuzendaria Izaskun Urkijo da, zure arreba, ezta?
“Bai. Saiatu naiz film laburretan edukitako ekipoa mantentzen. Denok bultzatu dugu batera, bai familiak, bai lagunek eta teknikariek edo industria kideek. Horregatik izan da posible pelikula“.
– Zurekin lan egindakoa da Gorka Gómez Andreu argazki zuzendaria. Lan itzela egin du …
“Ia egin ditudan film labur guztietan lan egin dut berarekin. Gorka oso argazki zuzendari bikaina da. Argi neukan oso tenebrista nahi nuela argazkia. Beti kontra-argia erabiliz, su naturala argiztatu, ze kolore nahi nituen, itzal ipuin bat izango balitz moduan, sutondoan kontatzen den moduan, txikia, beroa, eta Gorkak ederki ulertu du, aspaldi lan egiten dugulako elkarrekin eta bere lan ederra ikusten da pelikulan“.
Kinoskopik, Ikusgarri, Nadie es Perfecto, Gariza Films eta The Project ekoizetxeen lana da. Alex de la Iglesiasen Pokeepsie Films proiektuan sartu ondoren, medioetan ikusgarritasun gehiago eman zaio. Eusko Jaurlaritza, EITB eta ICAAren laguntzak izan ditu. Otsailean areto komertzialetan estrenatzea espero dute.
Please comment with your real name using good manners.