Aste honetan Hego Euskal Herrian oparoa dator zine karteldegia. Euskal animazioa euskaraz, Oscar sarietarako hautagaietako bat, Cannesen irabazitako bat eta jokoen mundutik etorritako blockbusterra.
Entzutea duen euskal animazioaren beste produktu bat izango dugu gaurtik aurrera ikusgai pantailetan. Agurtzane Intxaurraga antzerkigilea zinera pasa da. “Teresa eta Galtzagorri“ umeentzako animazioa zuzendu du. Eta arrakasta lortu. Berau bihar banatzen diren Goya sarietarako hautagaia da. Tim galtzagorria udaberria ekartzen duen iratxo bat da. Mentura bila, hirira doa eta han zirku batean harrapatzen dute, Teresa neskatoa ezagutu arte. Euskadiko hiru hiriburuetan eta Getxon euskaraz emango dute. Uharten eta Portugaleten gazteleraz.
Oscar sarietarako sei hautagaitza ditu “Manchester frente al Mar” (Manchester by the sea) drama. Besteak beste, film onena, zuzendari onena (Kenneth Lonergan) eta antzeztaldeko emakumezko aktore (Michelle Williams) eta antzeztaldeko gizonezko aktore (Lucas Hegdes) onenak. Baina aukera gehien Casey Affleck-ek ditu. Berak eskuratu beharko luke gizonezko aktore onenaren Oscarra, galera kudeatu gabe, oso minduta dagoen gizon baten paperagatik. Lee Chandler (Casey Affleck) herritik kanpo, Bostonen, etxe bateko zaindari lanetan ari da, deia jasotzen duen arte. Anaia hiltzorian dago. Dei horrek ardura berriak eskarriko dizkio eta horiek konpondu bitartean, Chandlerren ezkutuko minaren jatorria argituko digute. Hizki larriko drama. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta Leioan eta Usurbilen itzulita estreinatzen da.
Canneseko zinemaldiko azken edizioan, “Un Certain Regard” saria lortu zuen, besteak beste, Hirokazu Koreedaren azkenekoarekin lehian. “El día más feliz en la vida de Olli Mäki“ finlandiar boxeolari ezagun baten benetako istorioa kontatzen du. Nola 1962an munduko luma lehiaketan aukera bat izan zuen. Baina zuri beltzean Juho Kuosmanen zuzendariak filmatutako pelikula boxeo filma baino gehiago da. Maitasun istorioa kontatzen digu eta arrakasta lortzearren zertan galtzeko prest garen. Kaurismakiz gain, finlandiar beste zinegile bat ezagutzeko aukera. Kuosmanen bigarren film luze indartsua osatu du. Bilbon itzulita emango da. Iruñean eta Donostian jatorrizko bertsioan.
Eta Europa iparraldetik hegoaldera, Balkaneetara goaz, “Hotel Europa“ (Smrt u Sarajevu). Bosniarrez eta ingelesez “Heriotza Sarajevo”n badu izena, Espainian banatzen duenak Bernard-Henri Lévyren lanaren izena eman dio. Lévyk “Hotel Europe” antzezlana idatzi baitzuen Sarajevoko Hilketaren Urteurrena, Lehen Mundu Gerra piztu zuen Austriako artxidukearen hilketaren urteurrenerako. Eta horretan oinarritu da Danis Tanovic zuzendari bosniarrak film berri hau egiteko. “En tierra de nadie” filmagatik Oscar saria irabazitakoak thrillerrekin Bosniako egungo errealitatea, gerra osteko banatuta dagoen herri baten radiografia eskainiko digu. Iazko Berlinalen Lehiaketan aritu zen. Eta Epaimahaiaren Saria eta kritikaren zinemaldi horretako FIPRESCI sariak jaso zituen. Frantz Ferdinand taldeak artxidukearen izenarekin euren burua baitaiatu zuenez, taldearen musika erabiltzen da filmean. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan emango dute.
Colm McCarthy eskoziarrak eskarmentu handia du telebistan. “Sherlock” eta “Peaky Blinders” serie arrakastatsuen kapitulu batzuk zuzendu ditu. Orain zinerako bigarren film luzea zombien inguruan ari da. “Melanie. The Girl with All The Gifts“ etorkizunean girotuta dago. Zombi birusarekin jaio diren neska-mutikoen belaunaldi bat jarraitu behar dute zientzilari batzuek. Gemma Arterton eta Glenn Close bezalako aktoreak ditu antzeztaldean. Sennia Nanuak emakumezko aktore onenaren saria jaso zuen Sitgeseko zinemaldian. Donostian jatorrizko bertsioan emango da. Iruñean itzulita.
Eta “Resident Evil” bideojokoaren atala estreinatu berri den honetan, sortu arazi zuen zine sagaren azken kapitulua izango omen dena ere estreinatzen da: “Resident Evil. El Último Capítulo” Paul W.S. Anderson (ez nahastu Paul Thomas Anderson maisuarekin) zuzendariak berriz gidatu du Mila Jovovich emaztea bideojokoaren zinemarako atal berrian. Ustez zinean emango duten azken atalean. Jovovich berriz Alice da, Apokalipsian bizirik iraun dutenak babestu behar dituen emakumea. Zineko atalaren estrenaldia dator hain justu munduan arrakastatsuen izan den bideo-jokoen sagaren atal berria kaleratu denean.
Please comment with your real name using good manners.