BERLINALE 2017: Basque Audiovisual aterkiaren pean, 26 euskal produktu mundura

Eusko Jaurlaritzak eta euskal ekoizpen etxeen elkarteek sorturiko erakundea den Zineuskadik iaz ekin zion eskaintza berri bati. Eiken eta Etxepare Instituarekin batera sortutako Basque Audiovisual markaren pean, euskal produktuak aurkezten ditu Berlingo European Film Marketen. Ekimen horren arduraduna Ainhoa Gonzalez da. Berau Europe Creative-Media ordezkaria da Euskadin. Baina aldi berean Zineuskadiren nazioarteko proiektuetaz arduratzen da. Eta horrela Basque Audiovisual marka eramango du Berlinera. Berarekin mintzatu da “Pantaila Handia” bloga Berlinera bidaiatu baino lehen.

Berriro jarriko duzue postua. Iazko esperientza ona, ezta?

Joan den urtean lehen aldiz izan ginen Berlingo European Film Marketen Basque Audiovisual markaren azpian, eta esperientzia oso positiboa izan zen, eta produktiboa. Europako Zine Institutuekin, Film Commissions ezberdinekin, Nazioarteko Jaialdiekin, ekoiztetxe askorekin eta saltzaileekin egoteko aukera izan genuen; jaialdiak iraun zuen bitartean 80tik gora lan-bilera izan genituen. Guztiek interes handia azaldu zuten Euskadin ikus-entzunezko sektoreak egiten dugun lanarekin, eta kanpora begirako proiekzio hori oso interesgarria da”.

Zergaitik hain da garrantzitsua Berlineko Azokan egoteko?

Berlingo jaialdia erreferente bat delako sektorean. European Film Marketen 550 enpresa baino gehiago izango dira, ehundik gora herrialdeetako 9.000 profesional elkartuko gara bertan. Berlinek koprodukziorako edota finantzazioa lortzeko ateak zabaltzen dizkie gure ekoiztetxeei, eta ez hori bakarrik, negozio unitate berriak zabaltzeko eta euskal sektorea indartzeko aukera bat da“.

Zenbat produktu daramatzazue? Eta zer dira, dokumentalak, animazioak, fikzioak?

Hemeretzi ekoiztetxek egindako hogeita sei proiekturekin goaz. Dozena bat dokumentalak dira, bederatzi fikziozko lanak eta gainontzeko bostak animazio generokoak“.

Proiektu bukatuak dira, alegia, filma egina zinemaldi edo kanpoko banatzaile baten bila edo bukatu gabeak?

“Gehienak garapen fasean daude, hortaz, European Film Marketek aukera paregabea eskaintzen die proiektua sustatzeko. Aurkezten diren proiektuen artean 7 euskaraz egindakoak dira, eta hori ere nabarmentzeko datua da, euskarak Europako aniztasun linguistiko eta kulturala elikatzen duelako. Bukaturako proiektuen artean zortzi daude: “El ataud de cristal”, “Gutik Zura”, “Pixi Post and the gift-Bringers”, “Acantilado”, “Picadero”, “The glass coffee”, “Teresa & Tim” eta “Central Africa´s closed eyelids”.


Zer nolako lana egiten da Berlinen? Ekoizpen etxeei nola laguntzen zaie?

Basque Audiovisualek stand bat izango du European Film Marketen, eta hasteko, horrek ikusgarritasuna ematen dio euskal sektoreari, eta bide batez, aurtengo edizioan aurkeztuko diren egitasmoei: katalogoa prestatu dugu, jaialdiko euskarriak erabiliko ditugu, gure ekoizleek eramaten dituzten flayer eta abarrak uzteko leku fisiko bat izango dute…

Eta elkarteratzeak laguntzeko aukera?

Bi pertsona izango dira matchmaker lana egiten eta hemengo produktoreei beste eragileekin egin beharreko bilerak errazten, aholkularitza ematen eta interesa duen guztiari gure proiektuen berri ematen“.

Ekoizle eta zuzendariak al doaz? Eurek nola egiten dute lan?

Bai, dozena batek Berlinen izango direla baieztatu digu. Bakoitzak bere lan sistema propioa izango du, baina funtsean, Berlinalera joan aurretik eskaleta moduko bat prestatzen dute. Horretarako, aurkezten dituzten proiektuen beharrak identifikatzen dituzte, eta behar horiek betetzeko norekin elkarrizketatu behar duten zehazten dute. Hori izaten da abiapuntua, baina Berlinen jende asko dago eta inoiz ez dakizu non topa dezakezun zure proiektuari ekarpena egin diezaioken pertsona“.

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online