Frankismoaren ondorengo lehen urteetan, zanpatuta zegoen euskara eta euskal kultura berreskuratzeko beste ekimen bat izan zen Lekeitiko Euskal Bilera. Duela 38 urte sortu zuten euskara eta ikus-entzunezkoen mundua uztartzeko eta aldi berean filmak euskaraz egiten zituzten amateurren oztopoak gainditzen laguntzeko. Amateurrei bultzada emateko borondate hori senan du Lekeitiko jaialdiak. Horrela euskarazko lan amateurrak saritu eta bidea egiten laguntzen dituzte. Baina aldi berean euskarazko zinemagintza profesionalaren bilgunea izan nahi du.
Euskal zinemagintzan hitzordu garrantzitsua denaren edizio berrian, azaroaren 22tik 29ra egingo den edizio berrian 41 film lehiatuko dira. Horietatik 31 amateur dira, 10 profesional. Horretarako 80 film ikusi ditu hautaketa batzordeak. Hautatukoak epaitzeko Aitor Merino aktore eta zuzendaria, Iban González zuzendaria, Izaskun Álvarez artista eta hainbat unibertsitatetan irakaslea, Gotzon Sanchez aktorea eta Oihana Garro Arte Ederretako EHUko irakasle eta ikerlaria dira edizio honetan epaimahaian. Aurten estreinakoz gainera epaimahai honek saritutako filmak datorren asteko igandean emango dira.
Irekiera gala igandean egingo da Ikusgarri aretoan 19:30tik aurrera. Silvia Manzana eta Jon Ander Alonsok gidatuta, epaimahaia eta lehiatzen diren filmak aurkeztuko dira. Ondoren “Amama“ filma pantailaratuko da eta Asier Altuna zuzendariarekin eta filmeko aktore nagusiekin solasaldia egingo da. Gala honetako sarrerak hiru egunetan saldu ziren. Egunean bertan takilan heren bat eskainiko da. Euskal zinemaren bilgune izan nahi honetan, ostiralean, “Euskal Harriaren ABD-ak” taldekako filma eskeiniko da eta larunbatean “euskal film laburren kartografia“ deitutako solasaldia egingo da. Bertan Txema Muñoz Kimuak film laburren programako zuzendaria, Jon Garaño zuzendaria, gidoilaria eta ekoizlea, Maider Fernandez zinegilea eta Kepa Sojo zinegilea eta historialaria mintzatuko dira, Miren Manias euskarazko zinemagintzan adituak moderatuta. Amaiera ekitaldia ere irekierako bi aurkezleek itxiko dute Kepa Errastirekin batera. Sarien banaketarekin batera, egun horretan Euskal Zinemaren Begirada ikurra ere eskaintzen da. Aurten Aitor Mazo aktorearen desagerpenak euskal zinemarentzat kolpea izaki, hilondorengo omenaldia egingo zaio eta Mazoren senideei emango zaie ikurra.
Euskarazko zinemagintza bultzatu nahi horretan sari garrantzitsuak banatzen ohi ditu Lekeitiko Euskal Bilerak. Ohikoak diren film onenaren sariarekin batera, Zuzendaritza onena, eta ezohikoagoak diren Ekoizpena, Gidoia eta Argazkia onena saritzen dituzte. Profesionalen kasuan 1.300 euro eta ikurra eramango dute saritutakoek. Film Onenaren kasuan, Urrezko Antzarra eta 1.900 euro. Amateurren kasuan, 1.000 euroko sariak dira. Azken urteetan, genero perspektiba hobekien lantzen duen filmak Antzar Morea jasotzen du. Eta Gaztea 22 saria ere banatzen da, gazteak bultzatu nahiez. Zine Bilerako Sari Nagusia Benito Ansola beka izaten ohi da, 3.000 euro ematen da eta proiektu hori hurrengo urteko Euskal Bileran aurkeztu behar da. Beraz dena prest Euskal Zinemaren hitzordu garrantzitsu hau hasteko.
Please comment with your real name using good manners.