Duela lau urte bildu ziren Hazparne (Lapurdi) inguruko hiru erakunde eta Zinegin Festibala sortzeko burutazioa izan zuten. Asmoa: euskarazko filmeen hedatzea eta euskal kulturak bizitzeko behar zuen hatsgunea proposatzea. Hastapen mantsotik egun sendotzen ari den zinemaldira. Eta horrela aurten 16 film labur eta luze programatu dituzte. Hegoaldeko harribitxi hainbat eta iparraldeko berritasun frango. Ostegunean hasi eta iganderarte.
Eta abiaratzeko egunotan Kalifornian euren “Loreak” filma Oscarretarako iragartzen ari diren Jose Mari Goenaga eta Jon Garañok elkarrekin egindako lehena, “80 Egunean“ ikusteko aukera izango da Hazparnen. Horren ondoren, urte batzuk dituzten “Aupa Etxebeste“, “Izarren Argia“ filmak edo berriago diren “Bingen“, “Pikadero“ eta “Amama“ proiektatuko dira, besteak beste. Oskar Alegriaren azken proiektua, “Margo Dantza“ eta “Galtzerdi Berdeak“ film laburrak, osatzen ari den proiektu zabalago baten aperitifak ere izango dira ikusgai. Eta berritasunen artean azken asteetan aurkeztu den “Gernika Bataloila“, Nazien aurka Parisen sartu zen euskal bataloiaren inguruan Iban Gonzalezek egindako dokumentala emango dute, film gehientsuak bezala Haritz Barne zineman.
Berezia izango da “Gure Sorlekuaren Bila“ filmaren proiekzioa larunbatean. 1956an Hazparnen Euskal Herriaz, euskaraz egindako dokumental bat aurrestreinatu zen. Gerora dokumental hori Parisen, San Franziskon edoeta Senegaleko Dakarren eman zen. Pista galdu zen arte. 60 urte geroago, Josu Martinez zinegilea bere bila arituko da. Eta berezia zalantzarik gabe “Euskal Harriaren ABDak“ film kolektiboaren emanaldia. Bidasoaren bi aldeetako 26 zinegilek fantasia, beldurra edota zientzia fikzioa erabili dute euren film laburretan. Horietako bat Zineginekoek beraiek egin dute.
Aurten euskal zinemarekiko transimizioa gazteekin landu nahi izan dute. Eta horrela Xalbador ikastegiko ikasleek “Aupa Etxebeste” filma ikusteko aukera izango dute Kanboko L’Aglion zineman. Hortaz gain, eta film honen 10. urteurrena ospatzeko emanaldi berezia prestatu dute, larunbatean. Goizeko hamarretan filma ikusi eta ondoren Asier Altuna zuzendariarekin, Miren Manias euskal zinemaren inguruko adituarekin eta Txema Muñoz Euskadiko Filmategiko kidea eta Kimuak ekimenaren arduradunarekin solasaldia egingo dute. Aipatzekoa da ere Buster Keatonen “Safety Last” (ordukarian eskegitako eskena ezagun hura duen filma) ipiniko dutela Zoophonic taldeak musika zuzenean jarriko duela. Emanaldi berezi hau bihar gaueko hamaiketan egingo dute. Aukera zabala beraz Ipar Euskal Herriko biztanleek euskaraz zinea ikusteko. Film askok gainera azpitituluak frantsesez dutenez, euskararekin zailatasunak dituztenentzat ere aukera.
Please comment with your real name using good manners.