Egunen bat atera behar dut. Aginduta. Egunen bat Bilbora hurbiltzeko eta gaur hasi eta aste osoan egingo den Zinebiko edizio berriaz gozatzeko. Bilboko Dokumental eta Film Laburren Zinemaldiaren 57 edizioan 30 herrialdetatik etorritako 65 film lehiatzen dira. Horretaz gain, hiru Ohorezko Mikeldi emango ditu aurten, propio ekoiztutako bi film erakutsiko dira eta bi ziklo berezi antolatu ditu.
Zinebik ostiralean abiaratuko du zinemaldia Campos Antozkian egingo duen inaugurazio galarekin. Bertan Ohorezko Mikeldi bana emango diete Juan Ruiz Anchía argazki zuzendariari, eta hilondoko omenaldi gisa, Aitor Mazo aktoreari. Azken urteetan ohikoa bihurtu den modura, Sail Nagusian Urrezko eta Zilarrezko Mikeldien bila arituko diren 7 euskal ekoizpen emango dira ondoren. Dokumentalgintzan, fikzioan edota animazioan lehiatuko diren zazpi euskal laburrak hauek dira.
* “Dena ez dabil ondo“. Zuz.: Ander Parody (fikzioa).
* “Artificial“. Zuz.: David P. Sañudo (fikzioa)
* “Lost Village“. Zuz.: George Tondria (fikzioa)
* “The Devil on Your Back“. Zuz.: Haritz Zubillaga (fikzioa)
* “Luz a la deriva“. Zuz.: Iñigo Salaberria (dokumentala)
* “I Said I Would Never Talk About Politics“. Zuz.: Aitor Oñederra (animazioa)
* “Amore d’invierno“. Zuz.: Isabel Herguera (animazioa)

Azaroaren 19an, Bilboko Zinemaldiko Sari nagusia, Euskal Zinemaren Sari nagusia , Espainiar Zinemaren Sari Nagusia , Latinoamerikako Zinemaren Sari nagusia eta fikzio, animazio eta dokumentaldean Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak banatuko dira. Horren bila 5000 bat film labur ikuskatu behar izan ditu batzordeak hilabete hauetan. Azkenean 30 herrietatik etorritako 65 hautatu dituzte, horien artean zazpi euskaldun horiek.
Aurten zinemaldirako propio egindako bi pelikula estreinatuko ditu Zinebik. EHUrekin batera egiten duten #Zinergetziak15 proiektuaren barruan, euskal zuzendari gazteen “Distantziak“ luzemetrai kolektiboa aurkeztuko dute larunbatean Guggenheim Museoan. Maddi Barber, Cris Ezquerra, Aitor Gametxo eta Jesus Mª Palacios-en begirada ikusiko dugu. Bestalde, astelehean lehen aldiz ikusiko da Bilbon errodatutako zazpi laburrez osatutako “Bilbao-Bizkaia.Exterior-Día“ luzea. Laburren generoa eta Bilbo errodatzeko hiri bezala azpimarratzeko helburuaz sortutako lan honetan hiru belaunaldiko zinegileak aritu dira: Pedro Olea, Imanol Uribe, Javier Rebollo, Enrique Urbizu, Luis Marias, Sra. Polaroiska kolektiboa (María Ibarretxe eta Alaitz Arenzana) eta Mikel Rueda dira zinegile horiek.
Aurten egitarauan sartu dituzten zikloen artean aipatzekoa Leslie Thornton zinegile estatubatuarrari eskeinitakoa. 1951an Estatu Batuetan jaiotako zuzendari esperimentalak etengabeko lekuz aldatzearekin eta zirrikituetatik begiratzearekin jokatu ohi du. “Hitza eman, keinua hartu” izenburupean, bestalde, Josetxo Cerdán zinegile eta kritikoak trauma, topaketa, memoria eta gainditzea landu nahi ditu, dokumentalaren papera istilu politiko gogorretan landu nahi du. Horretarako kutsu politikoa duten bost dokumental erakutsi eta komentatuko ditu.

Aurtengo hirugarren Ohorezko Mikeldia Aki Kaurismäki zuzendari finlandarrari emango diote datorren ostegunean, zinemaldia bukaetzar dagoela. 2011ean zuzendutako “Le Havre“ filma emango dute gainera. Eta larunbatean jakingo da zeintzuk diren indartsu datorren edizio honetako garaileak.
Please comment with your real name using good manners.