SEVILLA 2015, bi lagun, merkatal ontzi bat eta umezurtz bat

Abiatu da Sevillako Europako Zinemaldia. XII. edizioaren gure lehen eguna hiru opera prima ikusten pasatu dugu.

Sevillako Zinemaldiko aurtengo kartela

Izen ona duen Canneseko “Semaine de la Critique” sailean estrenatu zen film batekin zabaldu dute Sevillako Zinemaldia. Louis Garrel aktorearen lehen zuzendaritza lana da Les Deux Amis filma. “Errealizadore modura egin gabe nengoenez, heldugabeen istoria kontatu nahi nuen. Heldugabetasunaren inguruko tratatua da “Les Deux Amis” filma” esan zigun prentsaurrekoan Philippe Garrel zuzendari ezagunaren semeak. Christian Honoré zuzendariarekin batera idatzitako gidoiak gartzelan lo egiten duen Monaren (Golshifteh Farahani) istoria kontatzen digu. Monarekin maiteminduta dago Clément (Vincent Macaigne), amodio platonikoa da. Gauzak nahastuko dira Clémenten lagunak, Abelek, (Louis Garrel), Mona ezagutzen duenean. Ondo kontatutako istoria, gustagarria, zinematik ateratzerakoan irriparra ahotan eramatea ekarriko dizuna.

Donostiako Zinemaldian euskal ekoizleek egiten duten koprodukzio foroaren barruan Dead Slow Ahead filmaren irudi batzuk ikusi nituen. Foroan telebistako babesleen bila zebilen. Irudi horiek ikusi eta pantailara itsatsita geratu nintzen, gehiago ikusteko irrikitan. Bukatutako filmak agindutako bete du Sevillan osorik ikusitako emanaldian. Mauro Herce argazki zuzendariak irudia erretratatzen duen maisutasuna erabili du zuzentzen duen lehen filma, “Dead Slow Ahead” filma burutzeko. Ia osorik filipinoen tripulazioa duen merkatal ontzi bat jarraituko dugu, apokaliptikoak diren pasaien barrena. Guk ez dakigu barkua nondik nora doan. Noraezean doazen kapitalismoaren piezak ematen dute barku gizonak. Ontziaren soinuek, musikak eta tarteka tripulariek senideei egiten dieten telefono deiek laguntzen dute irudia. Locarnoko Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen hemen “Nuevas Olas” sailean ikusi dugun film honek.

“Dead Slow Ahead”. Zuzendaria: Mauro Herce

Zinemagintzan dauden begirada berriei eskeintzen dieten Nuevas Olas lehiaketa sailak Kosovok Oscar sarietara bidalitako filma ikusteko aukera izan genuen atzo. Babai filmak egun han hurbila egiten ari zaigun ume errefusatuen istoria kontatzen digu. Hamar urteko Nori (Val Maluko), amak familia utzita, tabakoa saltzen duen Gezim aitarekin (Astrid Kabashi) bizi da. Kosovoko gerra eztandarazteko zorian, aitak Alemaniara ihes egingo du Nori familiaren etxean lagata. Baina Norik ez du hori nahi. Visar Morinaren lehen luzea hainbat zinemaldietan saritu dute eta Karlovy Varyko ezagunean zuzendari onenaren saria eskuratu zion. Azaroaren 20ean Donostian Tabakaleran ikusteko aukera izango dugu.

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online