Donostiako Zinemaldian harrera ona izan ondoren, “Jai Alai Blues“ dokumentala Bilbon, Gernikan eta Zumaian, filmak laguntza jasotako herrietan eskeini zen. Gaurtik aurrera areto komertzialetan ikusiko da Berdeak Produkzioak Gernikako ekoiztetxeak egindako filma. Nostalgiaz beteriko pelikula baina kirola bera bezala erritmo biziko kontakizunarekin, bukaera aldera thriller printzak dituela.
Lau urte eman dute Gorka Bilbao zuzendariak eta lantaldeak munduko lau puntetan jasotako testigantza asko eta artxibo material ugari duen zinta bukatzen. Beste lanekin tartekatzen zuten hasieran, baina ETB, Eusko Jaurlaritzaren eta beste babesleen dirua sartu ahala, azkartu zuten lana. “Dokumentalaren puntu inportante bat, pertsonaiak dira, oso indartsuak” dio Bilbaok. “Denbora eman dugu eurak bilatzen. Asko atzera bota ditugu” gehitzen du.
Horietako bat da Juan Ignacio Zulaika, pilotari ohia eta dokumentalean narrazioa abiaratzeko erabiltzen duten baliabidea. Ohiko off narrazioa baino bere elkarrizketak abiaratzen du dokumentalaren kontakizuna. “Aurkitu bezain pronto argi genuen, blog bat du, ikertzen dihardu, batez ere urrezko urteak” dio Bilbaok. Agertzen den beste pertsonaietako bat Angel Ugarte pilotari ohia Estatu Batuetako trenbideekin aberastu zen Vanderbilten laguna izan zen. “Garai horretan pilotaria izatea esklusiboa zen. Gainera Angelito bezala, jendearekin traturako erreztasuna bazenuen …” dio.
Dokumentalak jai alai kirol-ikuskizunaren hainbat aro desberdintzen ditu. “1940 eta 1950eneko hamarkadetan eta 1960eneko hasierako urteetan frontoia Estatu Batuetan esklusiboa zen, VIP zonak zeuden. Pilotariak politiko, eliteko beste kirolariekin eta Hollywoodeko izarrekin -esaterako Esther Williams- nahasten ziren“, gogoratzen du Bilbaok. 1970eneko hamarkadan gauzak aldatzen hasi ziren, AEBtako kiniela apostu sistemaren erruz, “800 bat frontoi daude eta pilotariak enpresaren langile sinple bilakatzen dira“, argitzen du.
Estatu Batuetako jai alaia agertzen da eta Mexikon, Kuban edota Asian eta Egipton egondako kantxak eta jokalariak gogoratzen dira. “Elkarrizketatu batek Andoaingo lagun batengana eraman gituen. Hark senidea izan zuen Txinan jokatzen” dio. Dokumentalak urrezko urteak eta gainbehera agertzen ditu. “Mexikon eta Kuban kirolaren sena gorde zen, eskolak zeuden, jokalari ezagun bat ikustera joaten zen jendea frontoira“, dio Bilbaok. “Estatu Batuetan apostua zen garrantzitsua, ez zen kirola hainbeste zaindu. Miamin frontoira afaltzera eta apostu egitera joaten ziren. Berdin zitzaien zein pilotari zen kantxan” azpimarratzen du. Eta gehitu “azken partea, AEBtan gainbehera horren narrazioa thriller modukoa da, hilketekin, etab“.
Ameriketan urrezko denboretan ibilitako jokalari asko Gernikatik atera ziren. “Horien istorioak entzuten zituzten Zigor Etxeberria ekoizleak eta Hannot Mintegia muntatzaileak. Biak txikitan jai alai jokatutakoak eta zaleak“, dio Bilbok. Eta gogoratzen du dokumentalaren ideia Etxerriarena dela. Mintegia gainera Audience bere taldearekin batería musikaren arduraduna da. “Aurreko dokumentaletik “Amerikanuak” lanetik lankidetza dugu. Hemen gehiago hitzegiten da eta gehiago kostatu zaie, baina ederki moldatu dira” dio. Eta benetan musikak ederki uztatzen du irudiarekin. “Jai Alai Blues” gaurtik ikusgai Donostiako Príncipe, Gasteizko Florida eta Bilboko Azkuna Zentroko zinemeetan..
Please comment with your real name using good manners.