CANNES 66: guraso izateaz eta desherrian bizitzeaz

Gertakariz betetako zinemaldia izaten ari da 66. edizioko hau. Ostiraleko goizaldean zinemaldiko babesleetako bat den Chopard bitxi etxeari 800.000 euro bitxietan lapurtu bazioten, arratsaldean CANAL PLUS katearen zuzeneko emisio batean pistola eta granada bat eskuetan zituen gizonak eten zuen saioa. Gizonak burutik jota zegoen eta armak faltsuak ziren baina segurtasuna indartzea eskatu du Cannesen batek baino gehiagok.

Choparden harribitxien faltan, Cannesen pelikulak ikusteko aukera dutenek zinemazko harribitxiak izan dituzte. Gutxitan hutsegiten du Kore-Eda Hirokizu japoniarrak. Eta oraingoan ere ez du hutsegin. Sekulako pelikula ederra da Soshite Chichi Ni Naru” (Halako aitako, halako semea). Hain maitatua duen familiaren gaiari heltzen dio. Jaio zirenean aldatu zituzten bi umeen istorioa kontatzen digu zalantzik gabe egun japoniar zinegile onena denak. Gure zinemaldiak asko maite duenez, litekeena da PERLAK sailean ikusteko aukera izatea. Edo Golem banatzaileak gerturatuko du.

Lehiaketan bestea Arnaud Desplechin frantziarrak Ameriketako Estatu Batuetan filmatutakoa. Parez pare Benicio del Toro eta Mattieu Almaric jartzen ditu, Jimmy P. (Psychotherapy of A Plains Indian) filmean. Benicio Ameriketako Estatu Batuetan indiar bat da, Bigarren Mundu Gerran borrokatu ondoren, gaisorik dagoena eroetxe batean. Inork ez du diagnostikoarekin asmatzen Almaricek egiten duen psikiatra frantziar batekin topo egin arte. Etno-psikologiren aintzandarietako bat da psikiatra hau. Egiten duten saioetan bi gizonak deserrotutako arimak direla ikusiko dugu. Bien arteko elkarrizketan, ametsetan, sustraitutako filmak ez du Kore Edarenak izandako txaloak jaso.

Donostiako Zinemaldian Zabaltegi saila izango litzateke “Un Certain Regard” sailean bi emakume gaur. Batetik jada 2010an Cannesen bere lehen filmarekin izena lortu zuen Rebecca Zlotowski. “Belle Epine” aurkeztu zuen duela hiru urte. Lea Seydoux izan zuen aktore nagusia eta berriro errepikatu du larunbatean estreinatu duen Grand Centralean. Honetan Tahar Rahim izango du koprotagonista. Biak zentral nuklear bateko langileak dira eta euren amodiozko istorioa kontatzen digu Cannesen txalo artean hartu duten filmak. Bigarrenak Urrezko Kamara lortzeko lehian dago. Flora Lau-ren Bends, Hong Kongeko zine zuzendariaren lehen luzea da. Emakume aberats eta bere gidariaren arteko amodio istorioa kontatzen digu dramak eta Urrezko Kamara lortzeko lehian dago.

Zinezale askorentzat berri pozgarriena Alejandro Jodorowski frantziar/txiletar zuzendariaren lehen filma 23 urtetan egunotan ikusgai dagoela Cannesen. Kultuko zine zuzendaria denak “La Danza de La Realidad” ekarri du zinemaldira. Ikusi dutenen aburuz oso film ona.

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online