Beti bezain mamitsu zabaltzen zaigu BERLINALE

Berlinen ez da giro egunotan. Gehienez jota termometroak 4 gradu hartuko ditu. Baina Alemaniako hiriburura hurbiltzen diren askori berdin zaio. Eurak zinema ikustera doaz. Bihar hasita eta hurrengo asteko iganderarte Berlinale, munduan dauden A mailadun urteko lehen festibala izango baita martxan.

Eta ohi duenez eskaintza paregabea prestatu digute orain ere. Epaimahaia esaterako. Wong Kar-Wai zuzendari txinatarrak izango du buru. Deseando Amar pelikula ezagunenaren egileak bere azken lana aurkeztuko du gainera. The Grandmaster Bruce Leeren maisuaren inguruko film biografikoa, biopic, bat egin du eta berau izango da zinemaldia zabaltzen. Kar-Wairekin batera, epaile izango dira Tim Robbins aktore eta zuzendari estatubatuarra, Andreas Dresen zuzendari alemaniarra, Ellen Kuras kamara estatubatuarra eta hiru emakumezko zuzendari: Susanne Bier daniarra, Shirin Neshat irandarra eta Athina Rachel Tsangari greziarra.

Epaimahai honek erabaki beharko du zeinek merezi du Berlinaleko sari nagusia, Urrezko Hartza. Horretarako 19 pelikula ikusi beharko dituzte. Batzuen aburuz, hautaketa eklektikoa izango da. “Gustu asko asetzeko lehiaketa izango da” dio Dieter Kosslick Berlinaleren zuzenadaria. Gustu desberdinak asetzeko, Europa ekialdeko film asko emango direlako eta baita errealizadore berrien filmak. Besteak beste, estrainekoz, Kazajastaneko pelikula bat izango da Urrezko Hartzaren bila.

Baina ez dira faltako izen ezagunak. Adibidez, Gus Van Sant-ek Promised Land filma aurkeztuko du, Matt Damonekin. 15 urtetan ez dute elkarrekin lanik egin biek. Steven Soderberghen azken lana ere, Side Effects, lehiatuko da. Eta Hong Sang-soo korearrak goraipatutako “In Another Country” filmaren hurrengokoa aurkeztuko du, Nobody’s Daughter Haewon. Catherine Deneuve aktore frantsesa protagonista duenElle S’En Va” filmak itxiko du lehiaketa.

Izarren artean frantziarrak azpimarratu behar dira, Deneuvez gain, Juliette Binoche eta Isabelle Huppert izango baitira Berlineko alfonbra gorrian. Cannes izarren pasealeku bada, Berlinek badu konpromezuaren aldeko ospea. Eta horregatik Jafar Panahi irandarraren azken lana Pardé erakutsi nahi dute. Iraneko gobernuak debekatu egin dio Panahiri zinema egitea baina hala eta guztiz ere, ekiten dio eta ahal duen moduan film horiek Iranetik kanpo ateratzen ditu.

Guztira 400 film daude ikusgai egunotan Berlinen.

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online