Askotan galdetu izan didate
zertarako balio duen poetak.
Eta nik erantzun izan dut
galdera txarto jarria dela.
Poeta batek ez du ezertarako balio:
konpainia egiteko ez, behintzat.
Oso da despistatua;
begiak joaten zaizkio hodeietara,
eta haiek abian ekialdera;
eta eskuak, infinituraino;
eta adimena, auzoan.
Ez du balio baxera garbitzeko,
lixiba egiteko,
alkandorak lisatzeko,
bazkaria berotzeko,
aspiradora pasatzeko,
mandatutara joateko,
erosketak egiteko,
alabei lazoa jartzeko.
Hori bai, postariari
Nerudari buruz hitz egiten dio;
eta arotzari,
Manuel Rivasi buruz;
eta iturginari,
Odiseori buruz;
eta alabei,
ai alabei!
Sherezaderen historiak esaten dizkie,
bereak balira bezala,
plajiante halakoa!
Oso da jakintsua
eta, barka atrebentzia,
pedantea ere bai.
Galdera, ordea, beste bat da:
Zertarako balio du poesiak?
Bada, poesiak balio du
hitz itsusiei buelta eman
eta alde ederra erakusteko;
toki irudimenezkoak eta urrunekoak
ekartzeko
bertakoak balira bezala:
Zipango, Thule, Katai, Esparta, Liliput;
poza katilu txikietara botatzeko,
kafe gogorra balitz bezala;
bihotzaren erlojua aurreratzeko;
eguzkiari pilak jartzeko;
eta iluntzeari, farol txiki bat,
ezpainaren tamainakoa;
eta tristura zerbitzatzeko
droga pozontsua balitz bezala,
ilargia betea denean soilik,
sendagilearen zaintzapean;
isiltasunaren ezteietan
trikitria jotzeko,
Laja eta Landakandaren erara;
oroimenaren belarriari tiraka egiteko,
ez dezan ezer ahantzian utzi;
maitasuna munduaren errege
izendatzeko, erreginarik gabe;
etorkizunari iruzur egiteko,
eta orainari muzin.
Iragana zaborrontzira botatzeko,
eskolako liburuak bezala.
Zutik altxatzeko,
hondakin guztien gainetik.
Bizitza kartzela dela dioten horiei
barre eta iseka eginez.