Eurei, senideei eta hurbilekoei gertatutako pasadizo askotan oinarritu dira Alejandro Rojas eta Juan Sebastián Vásquez venezolarrak UPON ENTRY idatzi eta zuzentzeko. Aduanetan gertaturiko galdeketen, unetan tortura psikologikoen trazak dituzten galdeketen inguruko thriller indartsua, zinemaldietan saridun ateratako 78 minutuko lehen luzea.
Goya saria jasotako Bruna Cusí katalana eta Alberto Ammann hispano-argentinarra Elena eta Diego dira. Bartzelonako dantza garaikideko dantzari eta egun irakaslea bata, hirigintza ikasitako arkitektoa baina beste beharretan dabilen venezuelarra bestea. Etorkizun hobeago baten bila, Green Card, bisen loteria lortuta, Estatu Batuetara bidaiatzen dira, Madriden enbaxada estatubatuarrak bisa onartu ondoren. Baina New Yorkeko aireportura iristerakoan ezustea dute zain. Aduanetan, ondoko gela batera eramaten dituzte, mugikorra itzali eta eskuko maletan itxeko eskatzen diete. Orduan galdeketa zorrotz, bortitza egiten hasten zaizkie.

Galdeketaren hasieran jada enbaxadan egindako itaun berdinak egiten diete, bikotearen harridurarako. Europarrak, Elena pribilegiatuak, aurre egiten die. Aurretik migrazioaren sufrikarioak bizitutako Diegok, urduri, apal erantzuten du. Filma aurrera egin ahala galderak sarkorragoak, jakingurazkoagoak dira, bikotearen barru-barruko harremanan sartzeraino. Biei aldi berean edo banaka, euren erlazioa goitik behera aztertuko dute aduanetako agenteek. Bikotean zalantzak sortuz, konfidantza hautesko punturaino. Bruna Cusí eta Alberto Ammann primeran azaltzen digute, ezinegotik, beldurra eta amore ematerainoko bidai emozionala, tortura psikologikoaren biktimak, panpin. Malagako zinemaldian bien antzezpena txalotu zuen prentsak eta Ammannek gizonezko aktore onenari ematen zaion zilarrezko Biznaga eskuratu zuen.

Milaka etorkinek egunero sufritzen duten egoeratik tira egin dute zuzendariek. Baina bestelako ikusleak propio sentitu dezakete boterearen esku egoteak sortarazi dezakeen ezinegona. Filma Texaseko South by Southwest jaialdi prestigiotsuan estreinatu ondoren, Buenos Aireseko BACIFIn eta Bartzelonako D’A Zinemaldian izan da. Donostia bezala A mailadun den Tallineko Black Nights Film Festivalen, Estonian, kritikaren ikurra, FIPRESCI saria eskuratu zuen. Ekoizleen artean, EL HOYO filma ekoiztu zuen BASQUE FILMS etxe bizkaitarra dago.
Please comment with your real name using good manners.