Lapurdiko hiri turistiko ezagunak itxi gabeko zauri bat du. 1946an Biarritz hautatu zuten beste hiriekin lehian nazioarteko zinemaldi bat hartzeko. Azkenean Cannesek irabazi zuen lehiaketa hori eta egun ezagutzen dugun zinemaldien zinemaldia egiten da Kosta Urdinean. Luzea da baina Biarritzen harremana zinemarekin. Lumière anaien lehen emankizun bat hemen egin zen. 1949an Jean Cocteau zinegilearen eta André Bazin zine kritikoaren gidaritzapean film madarikatuen jaialdiaren edizio bakarra ospatu zen. Egun besteak beste urtarrilean egiten den FIPADOC eta irailearen bukaeran garatzen den Festival de Biarritz Amérique Latine zinemaldiak ditugu Lapurdiko kostaldeko hirian. Gaurtik Barritzeko Nazioarteko Zinemaldia – Nouvelles Vagues batu zaie. Gazteei eskainitako zinemaldia iganderarte garatuko da.
Lehen edizio honetan zortzi film lehiatuko dira – egungo gizartearen gaiak (dibertsitatea, ingurumenari buruzko kezka, gizarte-inklusioa, edota artea eta sormena) aztertzen dituzten zortzi film. Zortzi horietatik Canneseko azken zinemaldian Urrezko Palmaren bila aritu zen Ramata-Toulaye Sy senelgadarraren BANEL & ADAMA edota Cannesen ere, Un Certain Regard saila irabazi zuen Molly Manning britaniarraren HOW TO HAVE SEX lehiatuko dira. Biak euren zuzendarien lehen film luzeak. Zuzendari biak Biarritzen izango dira. Cannesetik ere dator Zihan Geng txinatarraren lehen film luzea A SONG SUNG BLUE. Estreinatzeke dauden Bastien Milheu frantziarraren SUPER-BOURRES eta Frantziako Angela Ottobah-ren PAULA lehian ere ditugu. Horiekin batera Chandler Levack kanadiarren lehen film luzea, I LIKE MOVIES, Veneziako Orizontti sailean lehiatu zen Carolina Cavalli italiarraren AMANDA eta Donostian Urrezko Maskorraren bila aritu zen GIRASOLES SILVESTRES Jaime Rosales katalanaren filma.

Lehian arituko diren filmeez gain, Canneseko Sail Ofizilean lehiatu zen Wang Bing dokumentalistaren JEUNESSE – PRINTEMPS izango da ikusgai, zuzendari txinatarra bertan izango dela. Eskarmentu handiko Tina Satter antzezgilearen lehen luzea REALITY eta Andrew Durhamen FAIRYLAND luzemetraien estreinaldi frantziarrak izango dira. Gazteria aipatuz burura zein film datorkien galdetu zaie Cedric Klapisch, Zar Amir Ebrahimi eta Jean-Benoit Dunckel zine munduko gizon eta emakumeei eta eurek botatako filmak programatuko dira. Eskoletako ikasleek ere aukeraketa bat egin dute eta horrela ostegunean esaterako 1998an Djibril Diop Mambétyk filmatu zuen LA PETITE VENDEUSE DE SOLEIL filma emango dute.

Zinemaldi honen presidentea Biarritzen jaiotako Jérôme Pulis da. Pulis Dior Perfums etxeko komunikazio arduraduna izan zen. Berari esker markak besteak beste Canneseko zinemaldian izarrez beteriko afariak egiten zituen. Orain lortu du Channel enpresa sorturiko zinemaldi berri honen babesle nagusi izatea. Pulisen agendari esker edo Penélope Cruz aktore espainiarra ostegunean izango da Lapurdiko kostaldeko hirian, ekoiztu eta antzeztu duen Juan Diego Bottoren EN LOS MARGENES filma aurkezten. Ostiralean Anna Castillo aktorea izango da Rosalesen LOS GIRASOLES SILVESTRES aurkezten. Aipatu behar da zinemaldiaren lantaldean Rosalie Varda aktore, ekoizle eta Agnès Vardaren alaba dagoela.
Please comment with your real name using good manners.