CANNESetik
Ohiko batzuekin zabaldu du lehia zinemaldiak. Zazpi aldiz Lehiaketa Nagusian izan den Hirokazu Kore-Eda japoniarrarekin eta Urrezko Palmaren bila laugarren filma aurkezten duen Catherine Corsini frantziarrarekin. Azkena polemikaz ingurutata, hotz hartu du prentsak. Lehena berriz txaloz prentsa pasean ere eta Urrezko Palma eskaeren artean. Bitartean bikain zabaldu dira Un Certain Regard, Zinegileen Hamabostaldia eta Kritikaren Astea.

Burtsan esaten den moduan, Hirokazu Kore-Eda balio ziurra da. Beste behin ez du hutsegin. Canneseko Lehiaketa nagusian jada Epaimahaiaren saria (‘DE TAL PADRE, TAL HIJO’ 2013) eta Urrezko Palma (‘SHOPLIFTERS’ 2018) duena lan fina osatu du aurten lehian dagoen KAIBUTSU (edo MONSTER) filmean. Frantzian LA VERITÉ eta Hego Korean BROKER filmatu ondoren, jaioterrira, Japonira itzuli da, sinadura duen familia dramaz baina haratago joateko.
Estrainekoz ia 30 urtetan, beste batek idatzitako gidoia filmatu du Kore-Edak. Telebistarako idazten du Yūji Sakamotok. Bion artean emakume alargun, honen haurra eta irakasle baten arteko harremana irudikatu dute. Minato (Soya Kurokawa) ikaslearen portaera gero eta kezkarriagoa da. Ama (Sakura Andō) eskolako batzordearengana joko du. Hori izena duen irakasle bat (Eita Nagayama) jotzen du portaera horren erruduna. Baina usteak, erdi ustel bilakatzen dira. Hirutan, hiru ikuspegitik kontatutako istorioa baten bidez benetako arrazoiak agertuko zaizkigu geruzaz geruza, puzzle batean bezala
Lukas D’Honten CLOSE filmarekin puntu amankomunak dituen film sakona, bihotza harrapatzen duen horietakoa, itxaropentsua osatu du. Horretan jada SHOPLIFTERSen Kore-Edarekin lan egindako Ryuto Kondo argazki zuzendaria izan du laguntzaile. Eta batez ere martxoan hil zen Ryūichi Sakamotoren pianoa. Zinemarako Sakamotoren azken soinu bandak leunki, gozo bat egiten du Kore-Edaren lanarekin. Japoniarraren beste maisu, egunero Screen aldizkarian notak jartzen dituzten kritikoek hotzago hartu badute ere. Donostiako Zinemaldian PERLAK sailean ikusiko dugu. Urrezko Palma? Nork daki? Agian goizegi programatu dute.
NORK MAITE? Mezua duten filmak, aldi berean thriller mantsoak jarraitzeko gai direnak. Kore-Edaren zale kopuru handia.
Bigarrena lehiatzen polemikaren erdian azaldu zaigu. Hirutan Lehiaketa Nagusian aritu den Catherine Corsini frantziarraren – azkena duela bi urte LA FRACTURE komediarekin – lan berria LE RETOUR segurutzat jotzen zen aurtengo Cannesen. Gonbidapena zuen. Baina azken unean gonbidapena bertan behera geratu zen. Filmaketan jazarpen salaketak eta hamasei urteko neska baten sexu eszena aitortu ez izana leporatu zioten. Frantziako gobernuaren diru laguntzak itzultzeko eskatu ziren. Azkenean eszena hori ez da filmean sartu eta LE RETOUR bueltan da Lehiaketa Nagusiko hautapenean.
Filmaren hasieran Khédidja (Aissatou Diallo Sagna) ihesean ikusten dugu. Hiru urteko Jessica eta besoetan daraman Farah haurrekin Korsikatik ihesean. 15 urte beranduagoa lan egiten duen Pariseko familia aberatsak eskatuta uhartera itzuliko da. Familiaren haurrak zaintzera, alboan jada nerabe diren alabak, Jessica ikasle azkarra (Suzy Bemba) eta Farah istilutsua (Esther Gohourou) dituela.

Unibertsitatea hasi baino lehen Mediterraneoan uda bat profitatu nahi du zaharrenak, gazteenak berriz ahizpa eta bera jaio diren herrira, aita korsikarraren herrira itzuli nahi du. Baina ama ez dago eroso. Alabeei kontatutako familia narrazioa bestelakoa baita. Bere ihesaldiaren benetako arrazoiak azalaratzeko beldurrez dago. Iragan horri aurre egin behar dio.

Aktore profesional eta ez profesionalak erabili ditu Corsinik arraza, desioa eta atsekabearen gestioaz erreflexionatzeko. Kritikoek nota ona jarri badiote, gauen ikusi dugunek hotzago hartu dute. Agian polemikak kaltetuta. Edo agian saio hori ia ordubeteko atzerapenez hasi delako, ia ordu txikitan hasi zela, lehen egunean metatu diren atzerapenengatik.
NORK MAITE? Udako filmak, drama familiarrak gustuko dituztenak.

Lehiaketa ofiziala hasteko filma eskasa izan bazait, Zinegileen Hamabostaldiak zabaldu duenak, LE PROCÈS GOLDMAN zintak berriz kategoridun horietakoa da. Cédric Kahn aktoreak eta zuzendariak 1970eneko epaiketa ezagun bati heltzen dio. Holocausto ondoren Frantzian jaiotako bi juduak aurrez aurre jartzeko. Batak legeari muzin eginez, bere arauez bizitzari heltzen diona, Pierre Goldman (Arieh Worthalter) akusatua, besteak legeei kasu egiten dionak, Georges Kiejman (Arthur Harari) abokatua. Defentsa zaila izango du honek Goldman mesias modukoa baita iraultzaren arrakasta mundura ekartzeko sortutako umea baita, askotan kontrolaezina gertatzen da. Epaiketa film batzuk ikusi ditugu azken aldian, baina horiek albo batera utzi gabe antzezpen eta elkarrizketa bikainek pantailera itsatsita eusten zaituzte.
Please comment with your real name using good manners.