Veneziako zinemaldian ‘L’événement‘ ikusten ari nintzen bitartean konturatu nintzen egun disfrutatzen ditugun lorpen asko atzo irabazitakoak direla, nahiz eta askorentzat horiek musu truk lortu zieten, atzean egon den borroka ahaztuta. Gauza bera etorri zait burura Silvia Muntek zuzendu eta Malagan estreinatu berri den LAS BUENAS COMPAÑÍAS ikusterakoan. Bukaeran gogoratzen denez Espainian 1985etik baino ez abortatu daiteke legearen barruan eta arriskurik gabe. Eta hori hein handi batean emakumeen taldeei esker da, filmearen iturburu den Errenteriako talde bezalakoei esker. Abortuaren eskubidea kanpoan eta baita barruan zalantzan dagoen une honetan hori gogoratzea beharrezkoa da. Eta oraindik puri purian dauden eta filmean subtramak diren emakumearen aurkako beste indarkeriak. Testuinguru horretan kokatu dute Muntek eta zuzendariarekin batera gidoia landu duen Jorge Gil Munarrizek Bearen istorioa. 16 urteko neskak bere sexualitatea eta gurasoekiko erlazioa definitzen duen unea.
1977an Errenterian, Bea (kamara harrapatzen duen Alicia Falcó katalana) mugimendu feministara batzen da. Emakumeek jasandako indarkeriak salatuz, herriko bortzaile jotzen dutena (Mikel Laskurain) salatuz kasu eta batez ere, abortu legalaren aldeko protestetan parte hartuz. Aldi berean barne su batean harrapatuta ikusten dugu: nor naiz, nora noa galdereei erantzungo balio bezala. Aita (‘El Hoyo‘ko Ivan Massagué) kartzelan du, zigorra amaitzear duen preso komuna, hura noiz askatuko zain amak etxea prestatzen dihardu. Amak (bikain dagoen Itziar Ituño) ez dakien zerbaiten jakitun da Bea. Emakume biei abortuaren aldeko borroka etxera iristen zaie, Ainhoa Santamariak jokatzen duen Belének, Bearen izebak eurekin babes hartzen duenean. Umekia galtzeko joztorratza umetokian sartu du. Oso gaizki dago baina ezin da ospitalera joan.

Eta hori gutxi balitz, uda horretan, Bearen bizitza goitik behera aldatuko da. Ama Sagrarioaren (Itziar Aizpuru)ren etxean lan egiten du eta Bea eramango du laguntzeko. Sagrarioren iloba ez molestatzeko eskatzen dio. Baina Miren (telebistan hasi zen Elena Tarrats katalana) ezagutzen duenean Beak ezin dio begirada kendu; Mirenek sortzen dion lilura, erakarpena sahiestezina zaio. Alicia Falcók ederki jolasten du eta Silvia Muntek eszena ederrak prestatu ditu horiek harrapatzeko. Mirenek Beak eta ikusleek gutxinaka ezagutuko dugun sekretua du. Bea Mirenek behar duen eta filmari izenburu ematen dion lagun on hori bilakatuz. Eta horretan Bearen familiarekiko harremana, aitarekiko baina batez ere, amarekiko finkatuko da. Buruan geratzen diren eszena horietako batean Bearen amak, Felik, onartzen du alaba habiatik alde egitera doala.

Zuzendaritzari heldu aurretik Silvia Munt bere belaunaldiko aktore sendo eta erakargarri horietako bezala ezaguna izan da. Munt gazte zeneko antzekotasun fisikoa duen Falcók bezala kamara harrapatzen zuen. Aktore lan horrek indarra eman dio antzeztalde sendo baten antzezpenei. Alicia Falcóren antzezpena nabarmentzekoa da, bere lehen protagonista izanik, ederki gainditu du erronka, bizi duen zurrunbilo emozionala pantailaz gandi helearaziz. Goiz bada ere aktore berrien sailean Goya sarietarako izendatua egon beharko luke. Itziar Ituño bikain sentimenduak gordetzera dagoen baina ulerkorra den amaren paperean.

Emakumeen ekintzak, pankartak prestaketak, protestak gehienbat kalean edota portuan itsasoa atzean egiten dira, ekintzek ekarriko dituzten aire berrien, ufada berrien sinbolo. Bea eta Feliren etxean argi-ilunetan dauden bitartean. Eta hor Muntek kolaboratzaile ezin hobea izan du: Gorka Gomez Andreu argazki zuzendari gasteiztarra. ‘House of Others‘ film georgiarrean edota ‘Errementeri‘n egin zuen modura barnealde ilunetako grabazio bero hori, edota Andrea Arnolden ipar Inglaterrako herri industrialak gogora ekartzen dituen Errenteriako irudi horiek. Eta azpimarratzekoa Pascal Gaignen ikaslea, Paula Olaz iruindarrak ondutako musika fina, ederra.

EITBren laguntza duen LAS BUENAS COMPAÑÍAS Irusoin, Oberon Media, En La Frontera Película AIE, Manny Films eta La Fidèle Production ekoizetxeen lana da. Malagatik pasa ondoren, maiatzaren 5ean aurreikusita dago estrenaldia zine-aretoetan.
Please comment with your real name using good manners.