Eskarmentu handiko dokumentalista (NOUS, 2020) Alice Diop paristarra ezin hobe hasi da fizkioan. SAINT OMER bere epaitegi dramak Veneziako Zinemaldiko azken edizioan Epaimahaiaren saria eskuratu zuen. Amatasunaz eta ama-alaba erlazioaz ari den filmak lehen filmeei eskenitako ikurra ere eskuratu zuen zinemaldi horretan. Sari bera errepikatu du duela aste batzuk banatutako Frantziako Akademiaren César sarietan.
Diopek eta berarekin gidoian lan egindako Amrita Davidek eta Marie Ndiayek epaiketa baten transkripzioak erabili dituzte, zine zuzendariak interes handiarekin jarraitu zuen epaiketa baten transkripzioak. Fabienne Kabou etorkin senelgadarra epaitu zuten filmari izenburua ematen dion hirian apenas urtebeteko alaba hondartzan marea igotzen ari zela utzi baitzuen, ito zedin. Epaiketa bukatzarekoan Diop eta juizio horretan gehienbat emakume ziren askok biziki hunkituta bukatu zuten. Ondorioz, filma egitea erabaki zuen zuzendariak.

Diopek egin zuen moduan epaiketa jarraitzen ari da Rama (Kayine Kagame), Pariseko irakasle eta idazle bat. Calaisetik gertu dagoen Saint Omer hirira joan da editoreek eskatuta. Argitaletxeak Laurence Colyren (Guslagie Malanda) epaiketaren erreportai literario baina komertziala espero dute. Coly epaitzen ari dira alaba Kabouk egin zuen moduan hil duelako. Colyk magia beltzaren eraginpean egin zuela dio.

Epaiketan akusatuak lasai, ia hoztasunez, kontatzen du Senegalen izan zuen haurtzaro bakartia, Frantziara iritsiera eta bere alabaren aita zenarekin zuen erlazioa. Berresten du ez zuela konsziente egin, sorgikeriaren eraginpean burutu zuela krimena. Narrazioak epailea (Valérie Devrille) eta fiskala harritzen eta haserretzen ditu. Estatu laiko baten ordezkariak dira. Arreta harrapatzen duten epaiketaren saioetan arraza eta klase kontuak, sexismoa, talka kulturala eta identitate gaiak azaltzen dira. Diopek ikusleak epaile bilakatzen ditu tarteka eta aldi berean, gure burua itauntzera behartu.

Colyren eta beste lekukoen testigantzak Rama kolpatzen dute. Coly bera bezala Ramaren familia Senegaletik dator, emakume biek ikasketa dituzte, arraza ezberdineko bikoteak dituzte eta biek harreman zaila dute euren amekin. Rama haurdun dago eta bere bizitza ispiluan jarriko du flash-back batzuen bidez, amatasunari buruz eta ama-alaba erlazioari buruz dituen zalantzak agertuko zaizkio.

Zalantza horiek eta epaiketaren nondik norakoak indarrez filmatu ditu Alice Diopek. Aipatzekoa ere eskarmentu gutxiko aktoreen lana, Kagame eta batez ere Malandaren lana. Coly hotz, ia bukaerarte emozorik agertzeko moduak gure begirada harrapatzen du.

Please comment with your real name using good manners.