EITB babestutak bi film Andaluziako Carmen sarien bila

Duela 3 urte, Andaluziako zinegileek Akademia sortu zuten, Catalunyako, Valentziako, Aragoiko eta Galiziako zinegileek zuten antzera. Iaz, indarra hartu, eta autonomi-erkidego horretako zinema goraipatzeko sariak sortu zituzten, CARMEN sariak. Larunbatean Almerian banatuko dira bigarren ediziokoak eta lehiakideen artean Euskal Irrati Telebistak babestutako bi film izendatuta daude. Koldo Zuazua donostiarrak ekoiztutako LA CONSAGRACIÓN DE LA PRIMAVERA luzea sei sailetan lehiatzen da. Besteak beste, Nahikari Ipiña bilbotarrak ekoiztu eta Alauda Ruiz de Azua barakaldarrak zuzendu duen CINCO LOBITOS filma sail bakarrean.

Donostiako zinemaldian estreinatu eta lehiatu zen LA CONSAGRACIÓN DE LA PRIMAVERA herri txiki batetik Madrilera ikastera doan neska baten historia kontatzen du. Nola egin behar dion aurre bere beldurrei. Lagun batekin festa batera joan ondoren, Telmo Irureta zumaiarrak gorpuzten duen mutil baten eta honen amaren ezagutza egiten du. Hiruron artean erlazioa jarraitzen du Fernando Franco sevillarrak eta Begoña Arosteguik idatzitako gidoia. Berau Carmen Sarietan gidoi onenaren sailean dago izendatuta. Franco bera zuzendari onenaren sailean lehiatzen da. Makilaia eta ileapandegian, jantziterian eta soinuan dago izendatuta. Zuazuak Francoren ekoizetxearekin, Ferdydurke Films eta beste konpainia andaluziar batekin egindako filma Andaluziako film onenaren sarian lehiakide izango da gainera.

Andaluziatik kanpoko ekoizetxeek egindako filma ere saritzen da Andaluziako Akademiaren sari hauetan. Eta hor EITBk babestutako beste film bat dago lehiakideen artean. Alauda Ruiz de Azuak idatzi eta zuzendutako lehen film luzea. CINCO LOBITOS luzeak bi emakumek eta gizon batek zuzendutako hiru filmak ditu aurrean. Carla Simonen eta Pilar Palomeroren bigarren filmak, ALCARRÀS – Berlinaleko Urrezko Hartza – eta LA MATERNAL (Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zena) daude sari horren bila. Eta pasaden asteburuan film onenaren Feroz Saria irabazitako Rodrigo Sorogoyenek bakarrik zuzentzen duen bosgarrena, AS BESTAS. Galizian girotutako nekazal western-a, Cannesen estreinatu zen.

Francok zuzendutako filma sari pottoloetan izango da lehiakide baina ez ditu hainbeste nominazioa jaso. Izendapen gehien Donostiako zinemaldia zabaldu zuen MODELO 77 filmak hartu ditu. Alberto Rodriguezek zuzendutako luzeak 14 nominazio ditu, besteak beste,  film onena eta zuzendari onena sailetan. Hamairu izendapen ditu nerabeen  inguruko LAS GENTILES luzeak eta hamabi Natalia de Molina kartel buru duen LA MANIOBRA DE LA TORTUGA film poliziakoak. Sari ziurra Maria Galianarena. 87 urte dituen eta Andaluziatik kanpo batez ere Benito Zambranoren SOLAS filmean ezagutu genuen aktoreak jasoko du Ohorezko Carmen Saria.

@Andaluziako Akademiaren argazkia

 

Morartiren LA TRINCHERA INFINITA filmagatik Goya saria duen Belén Cuestak eta Salva Reinak aurkeztuko dute gala. Zuzenean emango da Canal Sur-en, Andaluziako Telebista Publikoan. Hain juxtu, Cuesta Andaluziako Akademiako lehendakari ordea da Almeria eta Jaengo zinemaldien zuzendariarekin Enrique Iznaolarekin batera. Lehendakaria Marta Velasco ekoizlea eta Akademia sortu zuen presidenta da. Andaluziako Akademia pandemian sortu zen eta 2020an eman zuten ezagutzera erakunde berria. Iaz Malagan antolatu zituzten lehen Carmen sariak eta aurten beste hiriburu batean, Almerian, spaghetti western asko filmatu diren lekutik gertu prestatu dituzte.

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online