Larunbatean Zaragozan ospatuko dira AICE elkartearen (Espainiako Zine informatzaileen) FEROZ sarien X. edizioa. Eta zine eta telebista izarrez beteko da Ebroren alboetan dagoen hiriburua. Nazioartekoan izena duen Pedro Almodovar zinegileak hartuko du Ohorezko Feroz saria. Horiez gain, beste 20 irudi ‘basati’ banatuko dira. Horiek eskuratzeko izendapen gehien besteak beste Ibon Cormenzana bilbotarrak ekoiztutako AS BESTAS filmak ditu, 10 nominazio. Ondoren Nahikari Ipiña bilbotarrak ere ekoiztutako eta Alauda Ruiz de Azuak zuzendutako CINCO LOBITOS dator, 7 izendepenekin. Sari hauetan zuzendari onenen sailean estrainekoz lau emakume eta gizon bat lehiatuko dira eta emakume horietako bat da barakaldarra. Serietan ere euskal izendatu asko ditugu. Esaterako launa izendapen dituzte Bilbon filmatutako INTIMIDAD eta Ipiñak ekoitzi eta Borja Cobeaga donostiarrak sorturiko NO ME GUSTA CONDUCIR telesailek.
Berlinalen estreinatu eta Malagako Zinemaldian sari asko jasotako CINCO LOBITOS filmak askoren bihotza harrapatu du. Tartean AICE elkartean bilduta dauden 220 zine komunikatzaileena. EITBk babestutako filma zazpi sailetan izendatu zueten, tartean film onena sailean. Zazpi izendapenetan, zuzendaritza onenaren saileaz gain, Alauda Ruiz de Azua gidoi onena eskuratzeko moduan dago. Antzeztaldeko aktore onenaren ikurra eskuratu nahirik Ramón Barea aktore bilbotarra dugu eta musika onenaren sailean Aran Calleja bilbotarra ere. Calleja bigarrenez lehiatuko da FEROZ sarietan, duela bi urte AKELARRE filmagatik izendatuta baitzegoen. Aipaturikoekin batera, filmaren beste aktoreetako bat, Mikel Bustamente amurriotarra, aipamenik gabe ere, alfonbra gorritik ibiliko den gonbidatuetako bat izango da.
Musika onenaren sailean Fernando Velázquez getxotarra beste behin izendatuta, aurten LOS RENGLONES TORCIDOS DE DIOS filmerako egindako soinu bandagatik. 2017an eskuratu zuen Velázquezek Feroz saria UN MONSTRUO VIENE A VERME filmaren musikagatik. Aktoreei dagokionez, aurretik aipatutako Ramón Bareaz gain, film bateko aktore protagonista onena lehian izango da Karra Elejalde gasteiztarra. VASIL filmean egindako lanagatik Valladolideko Semincin saria jaso ondoren datorkion beste aitorpen bat. Bilbon ospatu ziren Feroz sarietan ere izan zen Elejalde izendatuta. Fikziozko ARREBATO saria lortzeko izendatuen artean, UniKo ekoizetxe bizkaitarrak egindako eta Alberto Vazquez galiziarrak zuzendutako UNICORN WARS filma dago.
Serietan daude beste izendapenak: Bilboko udala abiapuntu duen INTIMIDAD seriean egindako lanagatik, Basauriko Itziar Ituñok aktore protagonista sailean eta Gasteizko Patricia Lopez Arnaizek antzeztaldeko aktore alorrean lortu dute izendapena. Gainera Txintxua Films etxeak ekoiztutako seriea bera dago drama serie onenaren sariaren bila. Komedietan berriz Nahikari Ipiña bilbotarrak ta Borja Cobeaga donostiarrak ekoiztutako NO ME GUSTA CONDUCIR seriea lehiatuko da. Aipatzekoa ere film onenen bila dauden luzeetan ere badaudela euskaldun batzuk. Nazioarteko film onenen César sarirako izendatu berri duten AS BESTAS dramako ekoizle taldean Ibon Cormenzana bilbotarra dugu. Komedietan berriz, Álex de la Iglesia bilbotarrak ekoiztutako eta zuzendutako EL CUARTO PASAJERO dago lehiakideen artean.
Serie eta filmeen izarrez gain, gonbidatuen artean Espainiako gobernu presidente orde bigarrena, Yolanda Diez eta Kultura ministroa, Miquel Iceta izango dira galan. Alfonbra gorri eta sarien galaren erretransmisioa Youtubeko esteka honetan jarraitu ahal izango da 19:30tik aurrera.
Please comment with your real name using good manners.