Mikel Gurrea donostiarraren lehen luzearen estrenaldi komertziala ezin unerik onenean dator. Ostegunean ezagutzera eman diren Goya 2023 galarako bi izendapen eskuratuta: zuzendari berri onenaren sailean, Mikel Gurrearentzat eta emakumezko aktore protagonista atalean, itzel dagoen Vicky Luengorentzat. Bi aipamen horiek ikusleak zine aretoetara erakarri ditzakete. Agian baina publiko hori jada prest zegoen Donostiako Zinemaldian SURO filmak izandako harreragatik. Sail Ofizialean lehiatu zen zintak Nazioarteko Kritikaren sari entzutetsua, FIPRESCI saria eskuratu zuen, kritiko askoren txaloak jaso ondoren. Gainera euskal zinta onenari ematen zaion IRIZAR saria boltsikoratu zuen eta euskal gidoi onenaren saria. Horrek lagundu du seguruenik zine akademikoek kontutan izan ditzaten.
Vicky Luengo eta Pol López Helena eta Ivan dira, bizitzan etapa berri bati heldu behar dion bikote bat. Lan egiten zuten arkitektura kooperatibak porrot egin eta Bartzelona uztera doaz herrixka batera joateko. Euren agur festan ezagutzen ditugu, non lankideek bikoteaz duten irudia ematen dute. Helena da bikotean ekintzailea, Ivan geldoagoa. Haurdun, Helena da bikotearen aro berria piztutako elementua jaso duena. Izeba batek masia, baserria, utzi dio eta etxe hori berritzea dute proiektu berria. Oinordetzan gainera inguruko artelatz basoa hartu dute. Etxearen berritzeak eta baso horretako kortxo (suro katalanez) zuriketak ekarriko du bikotearen harremana geruzaz geruza zuritzea. Nor naiz ni eta nola ikusten nauten? Nor naiz ni bikotean eta nola ikusten nau bikotekideak?

Berehala agertuko dira arrakaladak. Helenak etxearen berritze proiektua pijoegia deritzo Ivanek, emakumeak euren autoa baserrian hobeto datorkien 4 x 4 ibilgailu baten truke aldatuko du gizonaren oneritzirik gabe, Helenak ur biltegia konpondu nahi du etxea suteengandik babesteko baina Ivan entretenitua dago kortxoaren zuriketan. Hain zuzen, egoera irregularrean lanean ari den gazte marokoar batek (aurkikuntza den Ilyass El Ouahdanik gorpuztua) arrakala gehiago zabalduko du. Mikromatxismoa eta arrazakeriak printzak ere tartekatzen dira. Oso ederra gertatzen den azken eszena batean Helena eta Ivan etxearen aurrean paratuta daude, ur tutu bana eskutan, etxea hurbil piztu den sutegandik babestearren. Baina zutik ote dago oraindik defendatu behar den etxea, familia?
HELTZEAR film laburrarekin Venezian lehiatu zen Mikel Gurreak beste behin kritika gustura utzi du. Luzean debut sendoa sinatu du donostiarrak, aurten uzta oparoa duen zine espainarrean distira egiten duen filma. Horregatik guztiz merezita da zuzendari berrien sailean izendapena lortu izana. Azpimarratzekoa aktoreen lana. CHAVALAS eta batez ere ANTIDISTURBIO seriengatik Katalunyatik kanpo ezaguna egin zaigun Vicky Luengo itzel dago. Merezita izendapena. Are gehiago, emakumezko aktore lan zoragarriak erruz aurkitu daitezken. Pena berriz Katalunian telebistan eta antzerkian eskarmentua duen Pol López berak izendapena lortu ez izana.
Please comment with your real name using good manners.