Prentsak ematen dituen sarien hamargarren edizioan besteak beste Ibon Cormenzana bilbotarrak ekoiztutako AS BESTAS nominazio gehien dituen filma da, 10 izendapen jaso ditu. Ondoren Nahikari Ipiñak ekoiztu eta Alauda Ruiz de Azuak idatzi eta zuzendutako CINCO LOBITOS dator. Barakaldarrak zuzendutako lehen luzeak zazpi izendapen izan ditu. Tartean, drama onena eta zuzendari onena saileetan. Hain zuzen, Feroz sarien hamar urte hauetan estrainekoz lau emakume eta gizon bat izango dira lehian zuzendari onenaren sariagatik. Urtarrilarean 28an Zaragozan egingo den galan jakingo dugu nork eramango du.
Berlinalen estreinatu eta Malagako Zinemaldian sari asko jasotako CINCO LOBITOS filmak askoren bihotza harrapatu du. Tartean AICE elkartean bilduta dauden zine komunikatzaileena. Alauda Ruiz de Azuaren gidoia ere izendapenetan dago. Antzeztaldeko aktore onenaren ikurra eskuratu nahirik Ramón Barea aktore bilbotarra dugu eta musika onenaren sailean Aran Calleja bilbotarra ere. Calleja bigarrenez lehiatuko da FEROZ sarietan, duela bi urte AKELARRE filmagatik izendatuta baitzegoen.
Musika onenaren sailean Fernando Velázquez getxotarra beste behin izendatuta, aurten LOS RENGLONES TORCIDOS DE DIOS filmerako egindako soinu bandagatik. 2017an eskuratu zuen Velázquezek Feroz saria UN MONSTRUO VIENE A VERME filmaren musikagatik. Aktoreei dagokionez, aurretik aipatutako Ramón Bareaz gain, film bateko aktore protagonista onena lehian izango da Karra Elejalde gasteiztarra. VASIL filmean egindako lanagatik Valladolideko Semincin saria jaso ondoren datorkion beste aitorpen bat. Bilbon ospatu ziren Feroz sarietan ere izan zen Elejalde izendatuta. Serietan daude beste izendapenak: Bilboko udala abiapuntu duen INTIMIDAD seriean egindako lanagatik, Basauriko Itziar Ituñok aktore protagonista sailean eta Gasteizko Patricia Lopez Arnaizek antzeztaldeko aktore alorrean lortu dute izendapena.
Hain zuzen Txintxua Films etxeak ekoiztutako INTIMIDAD bera dago drama serie onenaren sariaren bila. Komedietan berriz Nahikari Ipiña bilbotarrak ta Borja Cobeaga donostiarrak ekoiztutako NO ME GUSTA CONDUCIR seriea lehiatuko da. Aipatzekoa ere film onenen bila dauden luzeetan ere badaudela euskaldun batzuk. Kritika txunditu duen AS BESTAS dramako ekoizle taldean Ibon Cormenzana bilbotarra dugu. Komedietan berriz, Álex de la Iglesia bilbotarrak ekoiztutako eta zuzendutako EL CUARTO PASAJERO dago lehiakideen artean. Zeintzuk eramango duten zine informatzaileen FEROZ ikurra urtarrilaren 28an ezagutuko da Zaragozan egingo den galan.
Please comment with your real name using good manners.