Zinemaldiko egitarau zabalean zer hautatu zuei laguntzeko egindako post sail honetan hauxe azkena, sail ezberdinetan mokoa sartuta.
MOONAGE DAYDREAM. Zinemaldietan batzuetan hautu zailak egin behar dira. Hori gertatu zitzaidan neri Cannesen, lehiaz kanpo zegoen dokumental honekin. Ezin nire eskeman kabitu. Eta bai damutu, zine informatzaile eta industriako kide dexentek Brett Morgenek idatzi, zuzendu eta ekoitzitako filmeari botatako laudorioak entzun ondoren. Askok David Bowieren zaleak dira baina ez guztiek. Guztiek ordea ahots batez txalotu dute Bowieren artxibo pertsonalarekin egindako zine bidai ederra. Tartean inoiz aurkeztutako irudiak edo zuzeneko kontzertuen pasarteak ere ditu. Perlak saila ixten duen filma zinemaldia bukatu eta gure zine aretoetara iritsiko da.
MY WAY OUT. Urteak egin zituen Izaskun Arandia tolosarrak Erresuma Batuan. Egonaldi luze horretan zinegintzan trebatu eta Vicky Lee bezalako pertsonai argitsuak aurkitu zituen. Leek My Way Out club mitikoa, Londreseko trans komunitatearen erreferentziazko lokala sortu eta elikatu du Londreseko Ekialdean. Toki horretan babesa, bere izaera askatasunez aldarrikatzeko gunetzat harturiko bost lagun jarraitu ditu Arandiak bere lehen luze honetan. Esperientzia tarteka gogorrak baina itxaropen, argi eta musikaz beteriko zinta, Zinemiran aurkitu duzuen britaniar kutsu gehien duen filma hau euskal luze onenaren Irizar sarirako eta Sebastiane sarirako hautagai da.
918 GAU. Blog honen jarraitzaileak zaretenek badakizue Arantza Santestebanen lehen luzearen zale garela. Esperientzia zuzenetik militante baten garapena kontatzen duena. Batasuneko Mahai Nazionaleko kide, Segurako sarekadan atxilotu zuten, Garzón epailearen aginduz. 918 gau pasa zituen gartzelan. Epe hori eta ondoren bizi izandakoa narratzen du iruindarrak lehen pertsonan, oroipenak eta eurek sortutako arrakaladak astinduz. Besteak beste, DocsLisboa irabazitako dokumentala hilaren bukaera zine aretoetan izango da.

LA MONTAGNE. 2014ean New Directors sailean parte hartutako Thomas Salvador frantziarra berriz dator Donostiara, kasu honetan Tabakalera-Zabaltegin lehiatzera. Eta dator Canneseko Quinzaine des Réalisateurs-eko sari nagusia jaso zuen filmarekin. Salvador berak antzezten du pertsonai nagusia Pierre, 40 bat urteko paristarra. Hiri handian aspertuta oporretara doa Alpeetara, bakarrik. Eta bertan gero eta bakartuago, luzatuko du egonaldia. Paranormal ukituak duen filmaren argazkia Alexis Kavyrchinena da. Berak ederki erretratu omen ditu izatez ederrak diren Alpeak.
CERDITA. Carlota Peredak 2019an fikziozko film labur onenaren Goya saria jaso zuen bullying-ren inguruko izenburu bereko filmarekin. Orain luzera ekarri du Sara, pisu asko duen gaztearen istorioa. Laburrean aritu zen Laura Galánek berriz antzezten du piszinan dagoela eskolakideek arropak kentzen dioten nerabe umilatua. Sundanceko zinemaldian estrenatu, zine independienteren meka aztoratu zuen indarkeri, ironia eta gizarte kritikaren nahasketa honek. Donostia eta Sitgesetik pasa ondoren, urriaren 14ean bustiko ditu odolez zine aretoetako eserlekuak.
DANS LA NUIT. Azken hiru urteetan, beste zinemaldiek egin modura, klasiko zahar eta modernoak berriztatuak emateari ekin dio Zinemaldiak. KLASIKOAK sailean aurten estreinekoz – lehen, saila ez zegoenean ere egiten zuten moduan – film mutua emango dute. 1930ean, soinua hasten zenean, Charles Vanel aktoreak zuzendu zuen film bakarra. Kamara mugimendu berriztatzaileak ditu, beste zuzendariengan eragina izan zutenek. Institute Lumièrek berriztatu du. Erakunde honen zuzendariak, Thierry Frémauxek aurkeztuko du saio bakarra izango den hau. Gainera, Joserra Senperena musikoak propio saio honetarako sortutako pieza joko du. Beraz zine eta zuzeneko musikaz disfutatzeko aukera paregabea
Please comment with your real name using good manners.