Zakar samarrak diren komedietan sailkatuta dago Karra Elejalde, tarteka niretzat histrionikoegiak diren paperetan. Horregatik printzipioz VASIL ez zegoen ikusi behar nituen filmen artean. Baina Valladolideko Zinema Astean, Semincin, Karrak eta filmeko beste protagonistak, Ivan Barnevek, aktore onenaren saria jaso ondoren zinera hurbildu eta harribitxi txikia topatu dut. Film ezagun askotan script lanetan eskarmentua hartutako Avelina Pratek buruan luze itsatsita geratzen diren pelikula horietako bat idatzi eta zuzendu du. Gizakiaren ontasunaz, inkomunikazioaz, laguntasunaz baina era berean gure aurreiritziez, mikroarrazakeriaz ari zaigu Praten lehen luzeak. Ederki idatzitako eta antzeztutako luzea.

Gidoilari eta zuzendari valentziarraren aitak Bulgariako etorkin bati eman zion ostatu egun batzuez. Zinegileak ez zuen gizona ezagutu baina horri tiraka gizona iruditu eta istorioa eraiki du. Eta xake partida baten bezala, aurrez aurre jarri sendo, paregabe ari diren Ivan Barnev eta Karra Elejalde. Zoragarri den lehen eszena batean, Elejaldek gorpuztutako Alfredok alabari (Alexandra Jiménez) kontatzen dio ezingo duela asteazkenero duten bazkaltzeko hitzordua bete Bulgariatik etorri berria den gizon bat eginkizun burokratiko batera lagundu beharko duelako. Ilunpetan eta ahapeka kontatzen dio gizona kalean lo egiten behartuta baitzen eta egongelako sofa utzi baitio Alfredok. Egoera bitxia, anfitroia apenas moldatzen baita ingelesez eta bulgariarrak espainolez hitz gutxi batzuk bakarrik baitakizki. Vasil gizon ikasia, duina, esker onekoa, sukaldari da ogibidez eta bridge eta xakean da maisua. Kartetan ezagutu du Alfredoren lagun batek, Maureen (Sue Flack) irlandarrak. Azken honek laguna konbentzitu du egun batzuz, paperak lortzen dizkioten bitartean bulgariarra etxean hartzeko.
Baina egunak asteak bihurtzen dira. Alargun aberatsa, inolako zailtasun gabe paperak lortu zituen Maureenek ez du ulertzen Vasilek dituen hesi burokratikoak. Batez ere, Vasil bulgariarra izaki, Europako Batasuneko hiritarra denez. Egoera luzatzeak hertsia, zorrotza den eta ilusio falta duen Alfredo arkitekto jubilatuak zabaltzera behartzen du. Etxean hartutakoa xake partidetara gonbidatuko du – Avelina Pratek maisuki erabiltzen dituen konplizitate detaileak ahalbideratuz. Gutxinaka xake taularen gaineko elkarrizketetan jakingo dugu Vasilek ere alaba duela Bulgarian. Eta Valentziara ekarri nahi duela, etorkizun hobeagoa izan dezan.

Aitaren eraldaketak, Vasilengana hurbiltze horrek, bere oskolatik atera duen adiskidetasun horrek Alfredoren alaba liluratzen du. Alejandra Jiménezek bikain jokatzen duen itzuiltzaile eta liburuzaleari ondorioz bulgariarra ezagutzeko nahia piztuko zaio. Antzeztaldean ere Susi Sanchez sendoa, pertsonai anbibalente batean. Carmen Vasilen bridgeetako bikoteetako bat da. Etorkinari lantxo txikia eskainiko dio baina edozer egiteko prest agertzen da bridgeko partida irabazteko emakume berekoi hau.
Gizarte kritika samurra, suabe egiten duen komedia gozoa da ‘Vasil’. Vincent Barrièrek sortu du batez ere haize-instrumentuetan oinarritutako soinu banda. Isaki Lacuestaren ‘Una noche, un año‘ Isaki Lacuestaren filmaren ondoren, bigarrez entzuten du aurten espainiar film baten Monteverdiren pieza bat. Hain zuzen, espainiar zinearen uzta ikusgarri honen erdian zaila izango du ‘Vasil’ pelikulak agian lekutxoa topatzen Goya edo bestelako sarien izendapenetan. Edo agian ez, ikusita Valentziako Berlanga sarietan gertatutakoa.
Please comment with your real name using good manners.