Urtero bezala lehioa zabaltzen dut Donostiako Zinemaldiaren programazio zabalean zuei, zinemaldira joaten zaretonoi, laguntzeko prest. Beti hemen gogoratzen dudan bezala, neronek beste zinemaldietan, hots aurten Cannesen bakarrik ikusitako eta niri gustatutako filmeak gomendatzen ditut, gehientsuenak Perlak sailean daudenak. Sail Ofizial eta New Directors sailekoak estrenaldiak direnez, zaila dut horiek gomendatzea. Baina horietako batzuk ikusteko gogotsu nago. Bestalde, Perlak sailean aritzen diren gehienek, guztiek ez esateagatik, Espainian banatzailea dute, hau da, estrenaldi komertziala izango dute. Beraz sarrerekin arazoak badituzue, gerora urtean zehar, zine aretoetan berreskuratzeko aukera izango duzue.
UN BEAU MATIN (Espainian UNA BONITA MAÑANA) bezala banatuko da. Mia Hansen-Løveren azkena Zinemaldiarekin paraleloan egiten den La Quinzaine des Réalisateurs ezagunean saria jaso zuen. Eta askok ez genuen ulertu zergatik ez zegoen Zinemaldiaren beraren Lehiaketa Ofizialean. Zuzendari frantsesak osatu duen filmografia berezian agian bere lan finena baita. Léa Seydoux Sandra da, zortzi urteko alaba bakarrik hazten ari den ama. Georg (Pascal Gregory zoragarria) aitak gaixotasun neurodegeneratiboa du eta adinekoen etxe batean jarri behar dute. Horretan dagoela, Clément (Melvil Poupaud) agertuko da Sandraren bizitzan. Gizona ez dago libre baina … Gozagarria, samurra, gu askoren errealitatea kontatuko balu bezala da amodio zahar eta berrien artean dagoen emakume honen errelatoa. Hansen-Løvek ederki nabegatzen du belanauldien artean. Ziur naiz Donostiako publikoaren bihotza harrapatuko duela. 2023ko lehen hiruhilabetean iritsiko da gure pantailetara.
TRIANGLE OF SADNESS (EL TRIÁNGULO DE LA TRISTEZA). Canneseko azken Urrezko Palmak Ruben Ostlund bere zuzendariari talde hautatu batean sartzea ahalbideratu dio: Zinemaldien Zinemaldia bitan irabazi dutenen zerrendan sartzea. Kritika zeharo banatu zuen. THE SQUARE filmik omen duen fintasuna falta zaiola eritzi dute batzuk. Besteek une eskatologikoen erruz, komedia baldarra, zakarra ikusten dute. Kapitalismoarens satira bortitza hau gustatu zait. Gainbeheran dagoen gizon modeloa (Harris Dickinson) Yaya neskalagunarekin (zendu berria den Charlbi Dean) luxuzko kruzero batera doa modeloa ere den neskak Instagramen duen arrakastari ezker lortutakoa. Bertan gaur eguneko fortuna berriekin kudeatuko dira bere burua komunistatzat jotzen duen kapitain desagertutako baten gidaritzapean (Woody Harrelson). Tartean dirudun ustel horien zerbitzupean dagoen tripulazioa. Azken parteak THE LORD OF THE FLIES gogoratzen du. Freskagarria, originala gertatu zait.
BROKER. Eta familia erlazioak ederki josten dituen zuzendari bat badago hori Hirokazu Kore-Eda japoniarra da. Zinemaldiako lagun zaharrak (hemen erakutsi ditu DE TAL PADRE, TAL HIJO eta NUESTRA HERMANA PEQUEÑA, besteak beste eta Donostia saria jaso) eta UN ASUNTO DE FAMILIA (SHOPLIFTERS) filmagatik Urrezko Palma baten garaileak Hego Koreara egin du salto. Herrialdi horretan ematen den kutxeetan umeak usteko fenomenoa arakatzen du familia disfuntzional baten bidez. So-young gazteak (Ji-eun Lee in) gau euritsu batean besotan daraman umea elizak horretarako duen kutxa batean utziko du. Zelatan bi polizia ditu. Umea ikuztegi bat duen Sang-hyeonek (PARASITESeko aitarena egiten zuen Song Kang-ho) eta honen lagun gaztea Dong-sook (Dong-won Gang) lapurtuko dute merkatu beltzean saltzeko. Neska itzultzen denean, ezusteko bidaiari ekingo diote laurok. Song Kang-hok Canneseko edizio honetako aktore onenaren saria jaso zuen film honegatik. Film poliziakoren itxuraz familia loturak arakatzen dituen film samurra. Honek ere donostiar zinegileen bihotza harrapatu dezake. Abenduaren 21ean Hego Euskal Herriko zine aretoetan
AS BESTAS. Western itxuraz Galizako landan talka egiten duten bi bizimodu jarri dituzte parez pare Rodrigo Sorogoyen zuzendariak eta ohiko duen Isabel Peña gidoilariak. Azken orduan Cannesen onartutakoa, lehiaz kanpo, Premiere deritzan sailean erakutsi eta egun jada, Espainiak Oscar sarietarako aurrehautatua, niretzat Sorogoyenen sendoena, gehien gustatu zaidana. Antoinek (Denis Menochet) eta Olgak (Marina Fois) Frantzian zuten bizitza atzean utzi eta Galizako herrixka batean baserria erosiko dute, nekazaritza ekologikoa egitera eta ortuko produktuak merkatuz merkatu saltzera. Bizilagunek, Anta anaiek (Luis Zahera eta Diego Anido) ez dituzte ondo hartzen. Energia berriztagarrien espresa batek lurra erosi nahi du haize errotak landatzeko. Frantsesez ez dute saldu nahi, bertakoek bai. Konflikto hori zeharo gaiztotzen da. Itzelezko antzezpenak dituen zinta azaroaren 11ean izango dugu Hegoaldeko pantailetan. Jada Iparraldean ikusgai dugu.
R.M.N. Filmearen izenburuak errezonantzia magnetikoaren siglei dagokio. Pertsonaietako bati horrelako prozesura egiten diote, baina Cristian Mungiuk bere herrialdeari, Errumaniari, eta zabalduz, Europari egiten dio Cannesen lehiatu eta kritikoak azken eszenaren esannahiarekin pentsakor utzitakoa film honi esker. Milaka errumaniar bezala Mattias (Marin Grigore) Alemanian egiten du behar. Semeak zeharo kikildu duen istilu bat izan duela jakiterakoan lana utzi eta herrira itzuliko da. Bertan amodio zahar batekin, Csillarekin (Judith State) harremanari berrekingo dio. Honek egun herriko enpresa nagusiena, okindegia kudeatzen du. Bizi irauteko Europako dirulaguntzak eskatzen ari dira, baina langile kopuru bat behar dute eta herritarrek ez dute bertan lan egin nahi, diru baldintzak eskasak direla eta. Orduan, kanpotarrak kontratzera behartuta ikusiko dira. Eta horrek istilua sortuko du. Europa jasaten ari den xenofobia olatuari errepaso interesgarria, teknika fina eta esan bezala pentsarazten duen bukaera batekin.
TORI ET LOKITA (Espainiako zineetan TORI Y LOKITA bezala). Jean Pierre et Luc Dardanne anai belgikarrek bi Urrezko Palma dituzten hautatakoen klubean daude. Baina eurek bakarrak izango dira 75. edizioko sari berezia eskuratzen. Emigrazioari buruzko beste erretratua, Europara iristeko beharraren narrazio gazi-gozoa da hori lortzen lagundu zien filma. Belgikan asiloa eskatzen ari da Lokita oelyMbudu) jada eskubide hori lortuta duen Tori (Pablo Schils) anai duela esanez. Argi geratzen da segituan odoleko anai-arrebarik ez direla. Baina euren lotura odolak ematen du baino sendoagoa da. Ondorioz Lokitari asiloa ukatzen diotenean, sortzen den egoerari biek egingo diete aurre. Bi aktore gazte eta ezezagunak oso sineskorrak dira, azpimarratzeko antzezpenak ematen dute. Dardannek biraz beteriko gidoia, narrazio fina sinatu dute. Gure barneak nahasten duen horietako, gordina eta ederra. Hegoaldeko zineetan oraindik ez du estrenaldi datarik, Iparraldekoetan urriaren 10etik aurrera ikusiko da.
Please comment with your real name using good manners.