Clio Barnard britaniarrak saria jaso zuen Canneseko Zuzendarien Hamabostaldian fikziozko bere lehen luzearekin. THE SELFISH GIANT drama sozial gordina Bredforden kokatu zuen. Inglaterra iparraldeko hiri ere bere lehen dokumental luzearen, Iruñeako Punto de Vista zinemaldian saritutako THE ARBOR filmearen muinean dago. Hiri horretara itzuli da errealismo-sozialen iturrietatik edaten duen zuzendariak bere laugarren luzea girotzeko: iazko Zuzendarien Hamasbostaldian estreinatu zen, ALI & AVA, motxila duten adinean sartutako bikote baten erromantze musikala, Cannesen estreinatu zen aurrekoa baino arinago, argitsuagoa.
Hipnotizatzen duen lehen eszena batean non musikaren botere lasaigarria, sendagarria azpimarratzen den Ali (Adeel Akthar) ezagutuko dugu. Pakistandar jatorriko DJ ohia egun familiak dituen etxeen errenta jasotzeaz arduratzen da. Bihotz onekoa, maizter duen Europa Ekialdeko familia batekin du harreman berezia eta honen bitartez, alabaren irakasle laguntzailea, Ava (Claire Rushbrook) ezagutuko du. Irlandatik etorritako etorkin baten alaba, lau seme-alaben ama, Avak harreman zailak izan ditu bikotekideekin. Bredforden fama txarrena duen auzoan bizi den emakume eskuzabala, maitakorra da.
Amodio egarri, Ava dena den erlazio berri baten beldur da. Besteak beste, aita duela gutxi galdu eta bera ere aita berriki izan den Callum semeak harremana nola hartuko duen beldur. Barnarden aurrekoan, The Selfish Giant filmean mutiko genuen eta orain koskortu dugun Shaun Thomasek gorpuzten du, sendo, Callum. Alik ere berea du: banatzear dago baina familairi ezkontzaren porrota azaldu nahi ez diolako edo, emazteari etxean geratzea proposatzen dio. Runa emazteak (Thomas Bidegaien LES COWBOYSen ezagutu genuen Ellora Torchiak ederki jokatzen duena) ez du teilatupe berean jarraitu nahi baina. Bi mundutik datozen Aliren eta Avaren hurbilketa musika lagunduta egingo da. Soinu bandan Karen Dalton, Bob Dylan, Buzzcocks, Daniel Avery, The Specials, … entzungo ditugu.

Tarteka naif samar, Clio Barnardek bere filmografiako pelikula samurrena, publikoari errez iristen diren horietako bat burutu du. Irriparra ahoan aterako gara zinetik. Besteak beste, ondo antzeztutako maitakor gertatzen diren pertsonaiei esker. Baina pelikulak ez ditu guztiz film erromantikoen kodeak betetzen. Barnardek aprobetxatzen du erretratu sozio-politikoa egiteko: Britania Handia osatzen, aberasten duten klase, arraza eta etorkin moten erretratua egingo digu. Chav (choni) munduen erretratua eta etorkin etorrita diru pilatzeko eta klasez aldatzeko aukera izan dutenen erretratua.
Iazko BAFTA sarietan, britaniar zinea saritzen duten golardoetan, bi aipamen lortu zituen. Bata britaniar film onena, bestea Adeel Akhtar berak, gizonezko aktore onena, Aliren barne zurrunbiloa, kezkak primeran islatzen dituelako. Cannesen estrainatu ondoren, Sevillako Europear zinemaldian sail ofizialean lehiatu zen eta aurten Donostiako Giza Eskubideen zinemaldian izan dugu. Ostiraletik Bilboko Golem Alhondigan, Donostiako Trueba zinean eta Iruñeako Golem Yamaguchin.
Please comment with your real name using good manners.