CANNESetik
Zinemaldiko zuzendari maitatuenen artean daude Dardanne anai belgikarrak. Bitan Urrezko Palmaren irabazle, TORI ET LOKITA azken urtetako film borobilena ekarri dute Lehiketara. Migrazio eta elkartasuna nahasten ditu. Solidaritatea kasu honetan nostalgiaren istoriaren albo batean idatzi eta zuzendu du Mario Martone italiarrak, NOSTALGIA filmean. Lehiaz kanpo, orain arte gutxi ikusi eta gutxiago erabilitako angulua ukitu du Sergei Loznitsa dokumentalista ukraniar ezagunak THE NATURAL HISTORY OF DESTRUCTION filmean.

1999an zinemaldian euren lehen saria hartu zuten Jean-Luc eta Pierre Dardanne belgikarrak. Sari nagusia, Urrezko Palma, ROSETTA, filmagatik. Ikur horietako bi dituztenen elitean sartu ziren 2005ean, L’ENFANT luzemetraiari esker. Gerora Sari Nagusia, gidoi eta zuzendari onenaren iruditxoa eskuratu dituzte, epaimahai ezberdinekin. Aurten bederatzigarrenez itzuli dira Lehiaketara, TORI ET LOKITA filmari esker, emigrazioaren ankertasunean adiskidetasun solidario baten istorioari esker.
Filma hasteko emigrazio bulego batean egiten ari diren galdeketa dugu. 16 urte eta Afrika subsaharianetatik etorritako Lokitari (Joely Mbundu) egindako galdeketa. 12 urte dituen Tori (Pablo Schils) anaia dela dio eta salbatu zuelako, bera bezala bere herrian jazarpena sufritu du. Horri esker, Toriri bezala, paperak emango dizkiotela uste du. Baina gauzak ez ditu errezak izango. Bere sufrikario guztian, barkuan, Europako bidean, ezagutu duen mutikoa izango du alboan. Eta babes zentruko langileren bat.

Aitortu behar dut, euren azken filmeak maite ez ditudalako, gutxi itxaroten nuela eurengandik. Baina zinea egiten, istorioak kontatzen dakitela argi utzi dute beste behin, gainera 90 minututan. Tentsioari eusten diote metraje guztian, ezustez beteta, emozioa sortzen duen film horietakoa egin dute. Palmaresean egon daiteke. Frantzian irailaren azken asteazkenean estreinatuko da.
NORI GUSTATU: Solidaritate istorioak maite dituztenak, eta salaketa istorioak

Napolesen jaio baino Erroman lanean dabilen Mario Martone zuzendaria jaioterrira itzuli da NOSTALGIA filmatzeko, galdutako urteen nostalgiaren errelatoa egiteko. Napoleseko Ermanno Rea idazlearen, izenburu horretako, eleberria moldatu du, ekoizleek eskatuta. Eta aktore nagusiarekin batera, La Sanitá, Napoleseko auzo arriskutsuenean guztiz murgildu da.
Zuzendaria bezala, Felice (Pierfrancesco Favino) 40 urteren ondoren, jaioterrira itzuli da. Cairon, enpresari arrakastatsua, ama ikustera itzuliko da. Makal aurkitzen du eta bera zaintzen emango du denbora. Filmeko unerik poetiko eta hunkigarrienak dira. Ondoren baina nerabe zela lagun minaren, Orestes-en, bila arituko da. Nahiz eta ama lagundu duen apaiz batek mutiko hori egun mafiak kontrolatzen duen auzoko mafioso ankerrena dela esaten dion.
Eta hor hasten da nire ustez filmaren arazo nagusia. Premisa ez da sineskorra. Nostalgiak itsututa ematen baitu enpresa munduan arrakasta lortu duen gizonak. Gainera gidoian bere buruari iruzur egiten dio zuzendariak nahi duen bukaera idazteko. Sinesgaitza gertatzen da horrela Cairon lan ona duen emaztea nola ekartzen duen Italiara eta batez ere noiz. Eta Felice eta Orestesen pertsonaiak on eta gaiztoak dira, ñabardurarik gabe. Kritikaren parte bat maite du baina Mediasetek, Silvio Berlusconiren enpresak, Amazon Primekin egindako lan hau.
NORK MAITATUKO DU: On eta gaiztoen istoriok maite dituztenak.

Sergei Loznitsa ukraniarra maisua da fikzioan zein dokumentalean gure burua historia aurrean jartzen. Alemania, Lituania eta Herbehereak artean egin duen THE NATURAL HISTORY OF DESTRUCTION dokumentalak ea zibilak gerra instrumentu bezala erabili daitezken galdetzen du. Horretarako II Mundu Gerrako artxiboak erabili ditu, gehienbat Alemaniako hirien bonbardeketen ondorioak. Baina gaia egun, bere herriko, Ukraniako gerran du oihartzun. W.G. Sebald egile alemaniarraren liburuan oinarritu da: ‘Irakurketa horrek inspiratu ninduen oraindik erantzunik ez duten galderak egiten baititu. Oraindik egungo herri desberdinetako armadek onargarri eta zilegi jotzen bait dute jendea erasotzea eta hiriak eta azpiegiturak hondatzea gerra ama bezala‘ dio zuzendariak. 2018an hasi zuen proiektua eta hain juxtu bukatu bere herrian gauza bera egiten hasi zirenean.
Please comment with your real name using good manners.