CANNESetik
Bosgarren egunerako Lehian Cannesek Urrezko Palmaren bi saridun gorde ditu. Ruben Ostlund suediarra eta Cristian Mungiu errumaniarra. Bakoitzak bere estiloan, egungo errealitate sozio-politikoei argazkia atera diote. Suediarrak kapitalismoaren satira sinatu du THE TRIANGLE OF SADNESS filmean. Errumaniak berriz bere herrian eta Europa osoan goruntz egiten ari den arrazakeriari heldu dio tono serioago batean, R.M.N. luzemetraian. Eguna Patricio Guzman txiletarraren azkenengoarekin hasi nuen.

Ostlund ezaguna egin zen Cannesen, bere lehen filmak, FORCE MAJEURE (THE TURIST) zoragarriak Un Certain Regard saileko epaimahaiaren saria irabazi zuenean 2014ean. Konsagratu hiru urte geroago, Urrezko Palma hartu zuenean, traketsago den THE SQUARE filmarekin. Lehiaketan gehien itxoiten zen zuzendari horietakoa da.
Harrapatzen zaituen hasierako eszena horietakoa du. Behin publizitate kanpaina ezagun baten aurpegia Carl modeloak (Harris Dickinson) arrakastatsu ez den beste kastin bati aurre egin beharko dio, bere karreraren gainbehera azpimarratuz. Bertan apaitzen diote izenburuan aipatzen den tristuraren hirukia. Modeloek sahiestu behar duten keinua. Modaren industriaren hutsaltasuna agerian hutsiz. Carlen neskalaguna, Yaya (Charlbi Dean Kriek) modelo eta miloika jarraitzaile dituen instragramerra. Jarraitzaile horiei esker luxuzko kruzero batean lekua lortuko dute. Eta hor, gaur eguneko kapitalismoaren pertsonaiekin, askotan mespretxugarriak diren pertsonaiekin, aurkituko dira: oligarka errusiarrak, arma saltzaileak, enpresa teknologikoen aberats berriak … Tartean, barku kapitain marxista (Woody Harrelson) ezagutuko dugu eta klaseen mailakatzea ere barkuko pertsonalaren artean.
Egoera deskontrolatzen da eta azkenean pertsonai bakoitza bere errealitateei, ahalmeneei esker aurre egin behar die. Norberaren benetako balioa argi utziz. Eskatologikoa, hainbat eszenetan muturreraino joanda, algara batean izan du zine aretoa. Niri kapitalismoaren satira bizkorra iruditu zait. Baina kritika erdibitu du erabat. Aurrekoen ironia fina falta zaiola egotzi diote asko, lerro potoloekin marraztu dituela egoera eta pertsonaia
NORK MAITATUKO: Ostlunden ironia maite dutenak, gai sozial-politikoak maite dituztenek eta komedia beltzaren jarraitzaileek.
Cristian Mungiu errumaniak Canneseko sari nagusia, Urrezko Palma, irabazi zuen 4 LUNI, 3 SAPTAMANI SI 2 ZILE (Lau hilabete, 3 aste eta 2 egun) film gordinarekin. Beste lautan izan da hemen, eta hirutan saria jaso du. Horregatik ez da harritzekoa Mungiu ere itxoiten den horietakoa izatea. Egunotan lehian dagoen R.M.N. filmak Errumania eta osotara Europa osoa jasaten ari den arrazakeriaren gorakada aztertzen du. Horretarako Errumaniako erregio multikulturalenean, Transilvanian, xenofobia kasu bat kokatu du.

Alemanian lanean ari den Matthias (Marin Grigoire) Errumaniara, etxera, korrika itzuliko da semeak hitzegitera uko egin baitio basoan topaketa beldurgarri bat izan ondoren. Matthias herrian geratzen den alemaniar jatorrikoa da. Maitale ohia, Csilia (Judith State) berriz hungariarra. Herrian lan eskaintzak eskasak dira, baina Csiliak arazoak ditu ogia faktoriarako langileak topatzen, Europako dirulaguntza ahalbideratuko lukeen kontratazioa egiteko, soldata eskasa baita. Ondorioz, Sri Lankako bi behargin hartuko dituzte. Eta berauek, jada, Frantziako ikertzaile bati ostatu eskaintzan dion pentsio batean jarri.
Matthias eta Csiliaren arteko harremana berotzen den bitartean, herriko gorrotoa Asiako etorri berri horienganako sutzen da baita. Eskuko kamara batekin filmatutako plano-sekuentzia batean eztanda egingo duena. Bukaera sinbolikoa, interpretazio desberdinetara zabalik. Iradokitzailea, kritika erdibitu Mungiuren proposamenak ere.
NORK GUSTUKO IZANGO: Gai sozio-politikoak maite dituztenek.
1973ko Txileko Estatu kolperaino ibilbidea erretratu zuten LA BATALLA DE CHILE dokumental sortaren egilea, Patricio Guzmán, diktadurak herbestera bidali zuen. Salvador Allende sozialistaren iritsiera erretratu zuen zinegilea Frantzian bizi da azken 50 urteetan. Baina beti jatorria gogoan eta bere zinearen iturri. Lekuko, NOSTALGIA DE LA LUZ, BOTÓN DE NACAR, eta CORDILLERA DE LOS SUEÑOS. Cannesen, lehiaz kanpo, aurkeztu duen azkenean, MI PAIS IMAGINARIO, 2019tik Txilen izandako eztanda sozial-politikoa filmatu du, Gabriel Boric ezkertiarra presidentziara eraman zuen iraultza. Eta filmeko protagonistetako batek dioen bezala, iraultza feminista izan delako, Guzmánek erabaki iraultzailea hartu du. NOSTALGIA DE LA LUZekin hasi zen dokumental sortak duen poesia falta zaio, narrazioari heltzeko urgentzia dela eta, baina Guzmánek dokumentalgile bezala duen maisutasuna argi geratzen da beste behin.
Please comment with your real name using good manners.