CANNESetik
Duela lau urte BORDER filma arrats bitxiarekin Un Certain Regard saria jasotako Ali Abbasi irandarrak maila igo eta Lehiaketa Nagusian sartu dute aurten. Emakumeen aurkako jazarpen erakusteko thriller sendoa osatu du. Gehienbat aktore moduan Cannesera etorritako Valeria Bruni Tedeschik antzezle belaunaldi oso baten erakusteko metodoari egin dio omenaldia, aldi berean, 80eneko urte istilutsuei begiratu jarriz film irregular batean. Eta Kritikoen Astean lehiatu eta gainera lehen filmeak saritzeko Urrezko Kamararen bila artu daiteken aita-alaba gerturatzeko istorio indartsua sinatu du Charlotte Wellsek.
Iranen jaio baina zine munduan Europan hasi den Ali Abbas zuzendariak 2001an Irango hiri santu batean izandako feminizioak hartu ditu HOLY SPIDER filmaren gaitzat. Ezizen hori zuen gizon batek hamasei prostituta hil zituen, erlijioak itsututa. Hain justu, Abbas Europara zetorrela ikastera. Hamabost urtez aritu da gaiaren inguruan lanean eta azkenean, Iranen ezin filmatu eta Jordanian irudikatu dute hiri santu hori.

Armadako beteranoa, hiru semealaben aita, Saaed (Mehdi Bajestani) prostitutak kalean hartu eta hiltzen ditu. Hiri sakratua garbitu nahi du. Prentsari horrela esaten dionez. Polizia ez dirudi oso interesatua dagoela kasuan. Teheranetik emakume kazetari bat, Rahimi, (Zar Amir Ebrahimi) datorren arte. Bere bizitza arriskutan jartzeraino, Rahimik Saaed harrapatzen lagunduko du, epaiketan lekuko beharrezkoa izanik.
Thriller itxura batekin, emakumeek Iranen jasaten duten jazarpena azalaretzen du. Ez bakarrik hiltzaile horren eskutik. Rahimik kazetari lankideen eta polizien jazarpena ere sufritzen du. Kuriosoa nola kazetari hori hezurmamitzen duen aktoreak berak jazarpen matxista izan zuen, maitale ohi batek sextape kasuan sartu zuenean. Filma sendoa da. Frantzian uztailaren 16an estreinatuko da zine aretoetan.
NORK GUSTUKO: True crime istorioak eta film errebindiktiboak laket dituztenek

Ideia onak ditu igandean lehian izan den bigarrenak, LES AMENDIERS filmak baina Valeria Bruni Tedeschi zuzendariak ez ditu burutzen, kaotikoa izaki. Bera eta Frantziako antzerki eta zine aktore belaunaldi bat irakatsi zuen eskola omendu nahi izan du aktore eta zuzendari franko-italiarrak. Patrice Chéreau (hemen Louis Garrelek gorpuztuta) eta Pierre Romans (Micha Lescot)ek sortutako ereduak gutxi iraun bazuen, itzal handia izan du.

Titulun familiako alaba, Stellak (Nadia Tereskiewicz) aktore izan nahi du. Izen handia duen eta New Yorkeko Actors’ Studio ezagunarekin harremana duen antzerki eskolan sartzeko ariketan ezagutuko dugu. Bertan ere, lagun mina bihurtuko den Adèle (Clara Bréteau) eta mutil laguna izango den Etienne (Sofiane Bennafer) aurkituko ditu/ditugu. Eta berarekin prozesuaren bukaeraino, antzerki lan bat aurkezteraino, joango diren beste ikasleak. Lehen zati hau, ikasleen ariketa desberdinekin oso freskoa da, tarteka A CHORUS LINE edo FAMA bezalako produkzioak gogora ekatzen dituena.
Filma okertzen da mikrotik makrora doanean. Bruni-Tedeschik aitortu du 1980eneko alaitasuna eta makaltasuna azpimarratu nahi izan dituela eta hor hamarkada ilun horretako gai ezaguneei heldu dio (droga, IHESA, korrika bizi, gazte hil, …), karikatura bihurtzeraino. Bruni-Tedeschi beti nerbioak jota dirudi aktore modura eta hori lortu du bere protagonista batzuekin. Azaroarte itxairon beharko da Frantziako zine aretoetan ikusteko.
NORK MAITE: Dramak eta antzerkian girotutako istorioak maite dituztenek.

Canneseko zinemaldiaren paraleloan kritikoek euren astea egiten dute azken sei hamarkadetan. Bertan lehiatzen diren lehen luzemetraiak Urrezko Kamararen bila ere aritu daitezke, zinemaldiko beste ataletan lehiatzen direnekin batera. Kasua da Charlotte Wellsek filmatu duen AFTERSUN filmarekin. Britaniarrak Paul Mescalek hezumamitzen duen aita bat eta Francesca Coriok ederki antzezten duen neska nerabe baten arteko oporrak idatzi ditu. Neska amarekin bizi da eta Turkian egingo duten oporrak elkar gehiago ezagutzeko beta da. Neskak lehen musu emateko eta bera baina zaharragoak diren hoteleko beste bezeroekin dabilen bitartean, aitaren alde iluna azalaratzen da. Detailetan oso une poetikoak lortu, eta Corio izugarri ondo dago. Jarraitu beharreko izarra.
Please comment with your real name using good manners.