Frantziako zine armada indartsuak Veneziako kanalak hartu zituen iaz. Hiru film bikain Lido uhartean lur hartu eta Zinemaldiko Lehiaketa Nagusian lehiatu ziren euren bikaintasuna argi utziz. Audrey Diwanen L’ÉVÉNEMENT filmak sari nagusia, Urrezko Lehoia eraman zuen; Xavier Giannoliren ILLUSIONS PERDUES pelikulak kritikaren txaloak jaso zituen; ostiralean Espainian estreinatzen den UN AUTRE MONDE (UN NUEVO MUNDO) zintak ere zapore ona utzi zuen kalitate oso ona izan zuen edizio horretan.
Stéphane Brizek honekin ixten du aktore berarekin, Vincent Lindonekin, lan mundu ankerrari egindako errepasoa. 2015en aktoreak Canneseko aktore onenaren saria jaso zuen, LA LOI DU MARCHÉ filmagatik. Trilogiaren lehenean, Lindon luze langabezian egon ondoren, supermerkatu bateko segurtasunean aritzeko kontratuko duten langile baten paperean ari zen. 2018an Cannesen ere lehiatu zen EN GUERRE pelikulan, kaleratzeak egiten ari den enpresa bateko langile borrokalaria da Lindon. Venezian estreinatu zuten honetan, UN AUTRE MONDE berriz, enpresa munduaren beste aldean dago Lindon, kaleratzeak egin behar dituen enpresari bat, multinazional bateko erregio enpresa zuzendaria , hezurmamitzen du.
Filma hasierako kredituetan, Brizéren kamarak etxe bateko paretan dauden familia argazkiak eskaneatzen ditu. Philippe eta Anne Lemesleyk sortutako familiaren urteetako une garrantzitsuenak jasotzen dituztenak. Horietako bat Vincent Lindonen argazki propioen bildumatik atera ote duten galdetu diot nire buruari Annen paperean, Sandrine Kiberlain, Vincent Lindonen bikotekide ohia bait dugu. Familiaren argazkietatik, Anne eta Philippe abokatuekin egiten ari diren bilera batera zabaltzen da filma. Bikotea dibortziatzekotan dago. Kaleratze prozesuaren eta enpresak egiten dio gero eta eskakizun bitxien ondorioz, familia kaltetu du. Philippek etxera eraman ditu arazoak, jai egunak, asteburuak ustiatuz, Annerekin erlazioa gaiztotuz.
Lanean presioa areagotzen den heinean (tartean langile baten istripua eta gero eta erridikuluagoak diren multinazionalaren eskakizunak) eta familian, Lucas semeak duen beste krisia gertatzen denean, Philippek baloreak eta lehentasunak zalantzan jartzen ditu. Kredituetan entzungo den Anne Sylvestreren kanta ederra, ‘J’aime les gens qui doutent’, parafraseatuz. Eta aldatzera joko du. Bereak eta bi egingo ditu bere beste familia, enpresako langileak salbatzeko. Merkatuaren legea puskatu nahirik. Arrakaladak sortu nahirik monolitikoa den eremu horretan.
Brizéren argazki zuzendari ohikoak, Eric Dumontek kamara eskutan erabiltzen du behin baino gehiagotan tentsioa igoz. Bestela Lindonetik gertu jarriko dute kamara, antzezten duen enpresa zuzendariaren sentimenduak jarraitu nahirik. Nola kapitalak bera ere, langile xume bat azken batean, zanpatzen duen. Goliat ahal guztidunaren aurkako borroka ezinezkoan enpresa gizonaren erreakzioak pantailatik ikusleari transmititzeko. Eta Lindonek beste behin maisuki erantzuten du. Iaz Cannesen TITANE filmean gailendu ondoren, hilabete batzuk geroago estreinatutako honetan ere hamarreko antzezpena eskaintzen du. Horregatik, Frantziako aktore nagusienetakoa delako, Canneseko aurtengo edizioko epaimahai burua izango da.
Please comment with your real name using good manners.