Zine-klub Gernika 40 urte Busturialdea zine ez komertzialez bustitzen

Zine areto komertzialez gain, eta azken urteetan erakundeek bultzatutako ekimenez gain, euskaldunen zine kultura aberastu dute herri eta hiri askotan agertutako zine-klubek. Batzuek historia luzea dute: Bilboko FAS bezala bere zazpigarren hamarkadera hurbiltzen ari da, Donostiako Kresalak berriz mende erdia egingo du aurten eta Gernika-Lumon 40 urte ospatzen ari dira. Lau hamarkadetako ibilbide hori gogoratzeko klasikoen ziklo bat osatu dute, erakusketa antolatu eta historia laburtuko duen dokumentala sortu du Busturialdeko zine bozgoragailu honek.

 
1980an Bermeon Ikusgarri zinekluba sortu zuten batzuek Gernikan aurreko zineklub batek utzitako tartetxoa profitatu zuten. Eta horrela 1982an Gernika zine-kluba abiatu zuten. “Gurera hurbildu nahi genuen balio filmikoak zituzten pelikulak, bai lengoai filmikoari zegozkienez, baina baita giza balio aurrerakoiak zituztenak ere” dio Pedro Duranak, sortzaileetako batek. Hasieran analisirako tartea ere zuten. Zine ziklo desberdinak egin dituzte, esaterako, beltzak Hollywooden edo Aki Kaurismaki zuzendari finlandarraren filmak biltzen zituztenak. Pedro Olea otsailean omendu zuten. Eta giza balioei helduta “Aste Santuan zine politikoren zikloak antolatu ditugu, emakumearen egunean emakumeen balioak azpimarratzen dituzten filmak jartzen ditugu eta urtero Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren inguruan film antimilitaristak ipintzen ditugu” adierazten digu Duranak.

 

Lekuek festibalarekin ere kolaboratzen dute

Zine dokumentala eta film laburren zikloak ere eman dituzte eta Gernikako institutuarekin batera ume eta nerabeentzako filmak jartzen dituzte Gabonetan. Lekuek festibalean ere euren tartetxoa dute. Irrati zein bailarako aldizkarietan kolaborazioak egin izan dituzte. Harro daude lau urtez egin dute zine amateurreko zikloaz. “Gerora Donostiako Zilarrezko maskorra lortu zuen Juanma Bajo Ulloak parte hartu zuen behin eta sarietako bat irabazi zuen” gogoratzen digu Duranak.

Zine-klub Gernikak azken urteetan 17 bat labur eta dokumental ekoiztu ditu. Hemen 2012an Lip Dubaren grabaketan ©Zine-klubaren Facebooketik.

Amateur zikloaz hitzegitea, euren beste aurpegiaz hitzegiteko beta ematen digu: produkzioa. “Ekipoa eskuratu dugu eta urte hauetan 17 bat lan sortu ditugu, labur eta dokumentalen artean“. Batzuk amateur zinemaldietan saritutakoak edota “Derio apaizetxearen inguruan egindakoak oihartzun handia izan zuen“. Gainera inguruko zine zaleei ekipoa uzten diete edota profesionaleekin elkartrukatzen dituzte. Sortuko duten azkena 40 urte hauetako ibilbidea laburbiltzen duen dokumentala izango da. Abenduaren 16an egingo duten galan proiektatuko da. Hortaz gain, Ibilbidea gogoratzeko ostiralean erakusketa zabaldu zuten.  Bertan filmatutako pelikulak jasotzen duen bideo bat ematen duten etengabe, euren sarien berri jasotzen zituzten egunkarien zatiak ikusi daitezke edota emandako filmeen kartelak. 

Urte berezi honetan, Gernikako bonbardeketaren inguruan programatzen duten gerra salatzeko filmeen artean, Ane Irazabalek egindako ‘Awlad-Hesiak‘ eman dute, haur errefuxiatuek hezkuntzara iristeko duten traben inguruan. Saio arrakastatsua, Duranaren esanetan. Aipatzekoa ere urtarrila eta otsaila artean eskeini dituzten zine klasikoko lau filmak: Otto Premingerren ‘Laura‘, Orson Wellsen ‘Sed de Mal‘ , Carol Reeden ‘El Tercer Hombre‘ eta Fritz Langen ‘El vampiro de Dusseldorf“. Garai bateko film osteko analisia berreskuratu dute oso jendetsuak izan diren  saio hauetan. “100 bat etortzen ziren, askok pelikula ikusi eta alde egiten zuten, aretoan ez baitzegoen berogailurik” esaten digu Duranak. Pandemia aurretik 100-150 ikusle izaten zituzten bataz beste, 16.000 lagun dituen Gernikan. “Saio batzutan 200 izan gintezken, beste batzutan ez ginen 70ra iristen“. Pandemiaren murrizketak zirela eta, 20:30tik 19:00ra aurreratu zituzten saioak eta oraindik ordutegi horrekin geratu dira. Eta horrek publikoaren galera ekarri “batzuk esan digute kalean ordutegi berriarekin lan kontuengatik ezin dutela etorri” dio, “baina batzuk ere eroso egin dira, etxean kontsumitzen geratuz” onartzen digu. 

©Zine-klub Gernikaren Facebooketik

 

40 urte hauetan zine munduak sufritutako aldaketa teknikoak ikusteko aukera izan dute. “Guk Super-8n filmatzen, egiten genuen lan batez ere.  16 mm-etan ere. Horretan genituen ekipo guztiak. Eta digitalerako aldaketa izan zenean, kostatu zitzaigun, dramatikoa izan zen.  Urteak kostatu zitzaizkigun ekipoak berritzea. Guk erosten bait ditugu” gogatzen du zine-klubeko ordezkariak. Pelikulak proiektatzerakoan berriz aldaketa errezagoa izan zen. Digitalari esker, Pedro Duranak Mundakan ere egiten ditu zine-klub saioak. “jakina galdu dugu pelikula soporteak zuen erromantizismoa. Diskoekin bezala gertatzen da, CDek duten soinu perfektu hori hotza gertatzen da. Irudi aldetik, pelikulek zuten aleka, grano hori faltan botatzen da” dio zine-klubeko ordezkari honek. 

 

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online