Casting iragarpenatik erakargarri zitzaidan Alauda Ruiz de Azúa zinegile euskaldunaren lehen film luzea ‘Cinco Lobitos’, Berlinaleko Panorama sailean estreinatu dena. Berlineko Zinemaldian Sail Nagusian lehian egon zen ‘Victoria‘ filma irmo sostengatuz ezagutu nuen Laia Costa katalana. Susi Sánchez valentziarrak txunditu ninduen ‘10.000 noches en ninguna parte‘ pelikulan. Hein batean eskerrak horri publizitatean eta film laburretan eskarmentua duen Ruiz de Azúa zinegile sendoa deskubritu dut. Amatasuna eta famili ez hain perfektua ederki erretratzen dituen pelikula zoragarria. Film unibertsala eta aldi berean, gazteleraz filmatutako pelikula hain euskalduna.
Ama izateak piztu omen zion zinegileari istoria honi heltzeko beharra. ‘Amak nola egingo luke?’ galdetzen omen zion bere buruari. Eta horrela Amaiaren (Laia Costa) pertsonaia sortu du. Madrilen itzulpengintzan etxetik ari den 35 urteko emakumea. Ospitaletik bueltan ama izan berritan ezagutuko dugu. Antzerki konpainia batean lan egiten duen bikotekideak, Javik, (Mikel Bustamante) Madriletik kanpora lanera, bakarrik uzten duenean, ama berrien beldur eta zalantza guztiak agertuko zaizkio. Begoña (Susi Sánchez) eta Koldo (Ramón Barea), gurasoen etxera, Bizkaiko kosta herri batera, babestera joango da. Etxera, Jone alabari esaten dion bezala.

Babeslekua gutxi iraungo dio. Geruza asko dituen film honetan, gurasoen etxea ez baita berak gogoratzen zuen lekua. Familia eta urteetako bikoteetan agertu daitezken arrakaladak azalaratzen baitira. Amaiak ikusiko du nola egiten dioten gurasoei elkarri mokoka, nola agertuko diren iraganeko kontuak eta bapatean ezustekoan agertzen den oztopoa, familiaren bizitza hankaz gora jarriko duena. Amaiak familiaren gidaritza hartzera behartzen duena.

Elkarrizketa pare bat eta abesti pare batez gain, filma gazteleraz dago. Baina ezin uka euskal pertsonaiak idatzi dituela Ruiz de Azuak. Antzeztaldeak bikain gorpuzten dituena. Bikain Laia Costa, hasieran ama berri baten zalantzetan galduta, halabeharrez indarra hartuko duen emakumea bihurtuz. Susi Sánchez ere ohi bezain zoragarri, maitasun idor batek idortutako emakumearen egitena, bere eran maitakor ez bazen ama izan dena. Ramon Barea bizkaitarrak isilak diren, ezeztatuta ematen duten gizon horien erretratu fina egiten du. ‘La Casa de Papel‘-en ezaguna egin den Mikel Bustamente gasteiztarra ederki ere bere gogoz kontra desagertuta dagoen bikotekide, aita modura.

Tentuz erabiltzen du Goya sariduna den Aran Calleja konpositore bizkaitarrak egindako musika ederra Ruiz de Azuak. ‘Cinco Lobitos’ Berlinalen Panorama saileko sariaren bila dago eta zinegilearen lehen luzea denez, lehen luze onenari ematen dieten ikurra ere eskura dezake. Beste batzuen artean, Nahikari Ipiña bilbotarrak ekoiztu duen filmak Eusko Jaurlaritzaren eta EITBren laguntza izan du. Eta gauzak ondo, maiatzaren 20an iritsiko da gure aretoetara.
Please comment with your real name using good manners.