Gehienbat giza eskubideen urraketen testigantza muinean daraman zinemaldia apirilean loratzen da. Donostiako Udaleko Giza Eskubideen atalak eta Donostia Kulturako zine atalak elkarrekin antolatzen duten Giza Eskubideen Zinemaldiaren 19. edizioak apirila hastearekin batera ekingo dio ibilbideari. Apirilaren 1etik 8ra 24 nazionalitateko 40 film (24 film luze eta 16 labur) proiektatuko dira, besteak beste, Ukrania eta memoria historikoa landuz. Hasiera eta bukaera Afrikatik etorritako zintek emango diete: hasteko, Kaouther Ben Hania zinemagile tunisiarrak zuzendutako ‘The Man Who Sold His Skin‘ filma, bukatzeko Robert Guédeguian frantziar zuzendari beteranoak egindako ‘Mali Twist‘. Hemen ikusi ditudan artean nire proposamenak.
‘COW’: ‘First Tank‘ eta ‘American Honey‘ bezelako filmeekin ahots propioa duen zuzendari modura agertzen zaigu Andrea Arnold britaniarra. Iazko Cannesen, lehiaz kanpo aurkeztu zuen proposamen arriskutsuena, kritikoen artean gehien itxaroten zena: ‘Cow‘ dokumentala (Espainian ‘Vaca‘ izenarekin plazaratuko dena). Sei urtez egindako proiektuan, ‘Luma’ esnetarako behia jarraitu du Arnoldek. “Film honek behiei buruzko hausnarketa bat egitera gonbidatzen gaitu, beren mundua gertuagotik ikustera. Beren edertasuna eta egunerokotasunean izaten dituzten erronkak erakusten dizkigu”, dio Arnoldek. Eta omenaldia ere bada, bere esanetan, gugatik egiten duten guztiarengatik. ‘Luma’ behia da protagonista nagusia, zintan bere orruak gehiago entzuten dira hitzak baino. Hitzak BBC1ko programatetatik ateratzen direnak dira gehienbat. Izan ere, ‘Luma’ dagoen etxaldean, kate hori jarrita dute abereak elikatzen edo jeizten dituzten bitartean. Irrati horren bidez, urtaroak identifikatzeko aukera izango dugu. Oso proposamen kuriosoa eta interesgarria.

‘918 GAU’: Punto de Vistan lehiatu eta saritutakoa, beste geldialdia egingo du Arantza Santesteban Pérez iruindarrak bakarka zuzendutako lehen luzeak. 2007ko urriaren 4an, filmaren zuzendaria bera atxilotu eta espetxeratu zuten. 918 egun pasa zituen. DocsLisboan iaz saritu zuten zintan egun horietara itzuliko da eta horietatik hartu duen bidera. Militante izatea zer den arakatzen du zuzendariak guztiz beharrezkoa den pelikula honetan. Victoria Eugeniako ohiko egoitzetik kanpo, Tabakaleran ikusteko aukera izango da.

‘BABI YAR. CONTEXT’: Tabakaleran ikusiko den bestea, ZINEGIN proiektatu zuten. Sergei Loznitsa zuzendari ukraniarrak bere herriaren historiari errepasoa egin dio behin eta berriz (gomendagarria esaterako ‘Donbass‘ filma). Berria artxibo materialarekin osatu du Loznitsa entzutetsuak. Kyiv-en ipar-mendebaldeko sakan batean, Babi Yar sakanean, II. Mundu gerran, naziek egindako sarraskia, 33.771 juduen akabatu zituztenekoa, testinguruan jarri du. Nola iritsi ziren hortara eta ondorengo hamarkada ere gogoratuz. Ukraniaren une honetako inbasioak berriz gogora ekarri du Babi Yar, hor dagoen memoriala Errusiatik botatatako eraso batek kolpatu berri duelako.
‘ALI & AVA‘: Goikoa interesgarria baina astuntxoa bada ikusteko, Clio Barnard zuzendari britaniarraren azkena guztiz arina da. Zine aretotik ahotan irriparra duzula ateratzera laguntzen duen horietakoa da. Inglaterrako iparraldean, iragan industrial duen Bradforden topo egingo dute bi bakartik. Bere ezkontzaren porrota oraindik onartzeke dagoen Ali (Adeel Akhtar) eta erlazio toxikoetan egondako Ava (Claire Rushbrook), adin ertainekoak biak. BAFTA sarietako hautagaia izan da Adeel Akhtar. Will Smith gailendu zen. Britaniar zinema independienteen sarietan berriz, BIFA sarıetan, aktore onenaren ikurra eskuratzea lortu du Akhatarrek. Musika ere saritu zuten gala berean. Musika azpimarratzekoa da, ia protagonista da film honetan.
‘BREADWINNER‘: Afganistanen Taliban erregimenaren itzulerak 2017ko animaziozko film hau programatzea ahalbideratu du. 11 urteko Parvana jarraitzen du Nora Twowney irlandarrak zuzendutako filma, animazioa goi dauden emakume zuzendari gutxinekoa. Parvanaren bidez emakumeek talibanen aurreko erregimenean jasandako jazarkeria ikusiko dugu. Animazio klasikoko zinta best seller batean oinarritu da eta Angelina Jolie du ekoizle. Toronton izan zuen estrenaldia, eta Oscar sarietarako animazio luze onena jasotzeko izendatua egon zen.
‘CASABLANCA BEATS’: Hasiera emanaldiarekin batera, lehen egunean, Afrikatik etorritako zintak izango dira ikusgai zinemaldian. Horietako bat da, Canneseko sail ofizialean lehiatu zen hau. Herri frankofonoetan ‘Haut et Fort’ bezala kaleratutako zinta Paris jaio baina Marokiar-Tunisiar jatorriko den Nabil Ayouch-en hamargarren luzea da. Egilea Casablancako atentatuen aurrekariak kontatzen zituen ‘Los Caballos De Dios‘ zoragarriaren egilea da. Honetan kontatzen du rapero ohio baten, Anasen (Anas Basbousi) iritsiera Casablancako auzo bateko kulturgunera – hain justu zine zuzendariak berak sorturiko gunera. Irakasleak akuilututa gazteak bere burua musikaren bidez askatu, pasioa bizi eta nortzuk diren arakatuko dute. Tarteka dokumental trazekin, gazteen ametsei ahots ematen die. Aktore ezprofesionaleekin eginda, konpromezua duten gazte marokiarrak omendu nahi ditu. Marokoaren tradizioetatik aldegin nahi duten gazteak. Aipatzekoa Anas Basbousi raperoaren magnetismoa eta egindako lana.

‘LINGUI’: Goikoa baino gutxiago gustatu zitzaidan Canneseko sail nagusian lehiatu zen beste hau. Txaden jaio baina Frantzian zinegile egin zen Mahamat-Saleh Haroun zuzendari beteranoak Txadeko emakumeak omendu nahi ditu proposamen berri honetan. Izenburua Txadeko hizkuntzako hitz bat da: lingui, amankomunean bizitzeak ekartzen duen lotura esan nahi du. Kausotan, filmak Txadeko emakumeen sororitatea azpimarratzen du. Txadeko hiriburuko auzo pobre batean, Amina ama ezkongabeak (Achouackh Abakar Souleymane) gogor lan egiten du gurpiletatik burdina atera, landu eta otarretan bihurtzeko. Lan gogorra bera eta 15 urteko alaba, Maria (Rihane Khalil Alio) aurrera ateratzeko. Baina hala moduz lortutako egonkortasuna behera etorriko zaio alaba haurdun geratzen denean. Neskak ez du haurra izan nahi. Gizarteak eta Aminak praktikatzen duen Islam erlijioak gaizki ikusten dute abortua. Gainera legez debekatuta dago. Aukera bakarra emakumeen artean sortutako sareak emango dio.

Hauek nik ikusi eta proposatutakoak baina aukera zabala dago 19. Giza Eskubideen Zinemaldian, beste errealitateetara hurbiltzeko.
Please comment with your real name using good manners.