Urteetan telebistako onena Euskal Herrira ekatzen zuen FIPA zinemaldiak, Biarritzen urtarrilean egiten den zine jaialdiak. Duela bi urte, fikzioa albo batera utzi eta dokumentalean, ez-fikzioan ardaztu da, FIPADOC bilakatuz. Iaz, pandemia tarteko, Berlinale antzera, urtarrilean profesionaleei tartea online egin behar izan zien, ekainean berriz publikoari eman zion aukera zine aretoetan bertan urteko dokumental uzta ona dastatzeko. Aurten ohiko dateei eutsiz publikoak eta profesionalek aurtengo uztarik onena eta klasiko batzuk disfrutatzeko aukera izango dute. Eta nola ez, industrian eztabaidatzeko aukera ere izango da datorren astelehenetik hurrengo iganderarte.
ARTE kateari bere 30. urteurrenean, eskainitako gutun zuriaren lehen kapituluak zabalduko du zinemaldia: Wim Wenders zuzendari alemanak ‘Buena Vista Social Club‘ musika talde kubatarraren inguruan 1999an egindako dokumentalak. Kate franko-alemanarrak hautatuta Rithy Phanen ‘L’Image Manquante‘ (The Missing Picture) eta Claire Simonen ‘Récréations’ (Playtime) ikusiko dira, besteak beste. Aurtengo fokua Beneluxen (Belgikan, Holandan eta Luxenburgon) jarriko dute, herri bakoitzetik bina edo hiruna film jarriko dituzte. Eta hain zuzen, Holandatik dator, aurtengo ohorezko gonbidatua: Heddy Honingmann. Perun jaiotakoak dokumentalen zinemaldi ezagunetan saritu dute, esaterako Iruñeako Punto de Vistan, Kanadako Hot Docs edota Pariseko Cinéma du Reelen. Azken zinemaldi honetan 1994an saria eskuratu zuen ‘Metal and Melancholy‘ ikusteko aukera izango da. Beraren beste lau film ere emango dira, tartean, iaz bukatu zuen ‘No hay camino – There Is No Path‘. Gaisorik, bere jaioterrira itzuli da Honingmann bere bizitzaren eta karreraren errepasoa egiteko.
Aurtengo berritasunen artean, ‘The Taste of Doc‘ saila. Gastronomiari eta sukaldaritzari buruzko dokumentaleei eskainitako saila. Bertan emango dute duela bi urte Asier Altunak filmatutako ‘Arzak 1987tik‘. Datorren igandean erakutsiko da, bertan Bergarako zuzendaria izango dela. Ez da Biarritzeko zinemaldian ikusiko den euskal ekoizpen bakarra. Iaz Marc Parramon Borik eta Amets Arzallus Antiak zuzendutako ‘Altsasu (GAU HURA)‘, Nafarroako Sakanako herrian Guardia Zibileko kide batzuk herriko gazteekin izandako liskarra eta zortzi gazteei eman zitzaien zigorra jarraitzen duen dokumentala lehian izango da. Ostegunean arratsaldeko lehen orduan eta larunbat goizean izango dira emankizunak, Arzallus eta dokumentalean agertzen diren batzuk izango dira Biarritzen. Hortaz gain, estreinekoz euskaraz azpitituluak izango dituzte emango diren pare bat nazioarteko filmek: Marija Zidarren ‘Reconciliation‘ eta Zinebin ikusteko aukera izan zen Sergei Loznitsa ukraniar errealizadore ezagunaren azkena, ‘Babi Yar. Context’.
Aipatzekoa ere Biarritzen egingo dute Sundanceko garaile eta hainbat sari jaso duen ‘Flee‘ dokumentalaren aurrestreinaldia. Animazioz eginda, Jonas Poher Rasmussen holandarraren filma dokumental onenaren Oscar saria jasotzeko faborito da. Ostegunean izango da aurrestrenaldi hori. Asteazkenean berriz, ‘Deneuve, la Reine Catherine‘, Virginie Linhartek Frantziako aktore ezaguna ardatz egingo den filma aurrestrenatuko dute. Lehiaketazko sailen artean, musika dokumentalen arten, Donostiako Dock of the Bay zinemaldian arrakasta izan zuen ‘Summer of Soul‘ ikusiko daedota ‘The Who’ taldearen inguruko pieza. Lehiaketazko beste sailak nazioarteko dokumentalak, Frantziakoak, Giza Eskubideak errebindikatzeko ‘Impact dokumentalak’, digitalean egindakoak, gazteen sorkuntza, Frantziako sorkuntzaren panorama eta Europako istoriak dira. Azken honetan ikusi ahal izango dira, Daphne Caruana Maltako kazetariaren hilketa arakatzen duen ekoizpena eta goian aipatutako ‘Altsasu (GAU HURA)‘.
Zinemaldirako abonamendua 30 eurotan eskuratzea zegoen. Datorren iganderarte badago zer ikusi Biarritzen.
Please comment with your real name using good manners.