Kuriosoa nola aste gutxi batzuengatik ez duten topo egin zine aretoetan Mediterraneoan migranteen trajediaren lekukotza ematen duten bi filmek. Lehena Marcel Barrenak zuzenduta itsasoren izen bera, ‘Mediterráneo‘ izenburua duen fikzio bat da. Eduard Fernandez eta Dani Rovira aktoreek ‘Open Arms’ Gobernuz Kanpoko Erakundearen sortzaileak gorpuzten dituzte. Gaur bestea estreinatzen da: ‘Aita Mari‘ euskal gizartearen eta erakudeen babesaz atunetara erreskatera eraldadutako ontziaren eta horri esker migranteak laguntzera irtendako Salvamento Maritimo Humanitario euskal GKEren inguruko erretratua. Kasu honetan dokumentala, fotokazetaritzan hasitatako Javi Julio lantzen ari den generoa.
Juliok eta bere ekoizleak, Santi Donairek, erruz dokumentatutako istorioari heldu diote. Stella Maris Berria arrantzu ontzia txikitu behar zuten Getarian Salvamento Maritimo Humanitarioak aurkitu zuenean. Eusko Jaurlaritzaren eta beste erakunde zein enpresen dirulaguntzari esker, ontziari arrain usaina kendu eta Mediterraneoan arrainak ez, migratzaileak arrantzutzeko, erreskatatzeko moduan jarri zuten. Dokumentalaren zati handia eraldaketa horri eta ondorengo hilabeteei eskaintzen zaio, izan ere, Espainiako gobernuak behin baino gehiagotan itsasora joateko baimena uko egin zion. Iñigo Mijangos eta Iñigo Gutiérrezek sortutako taldeak urtebete luzea pasa zuen helburua lortu gabe. Gobernuz Kanpoko Erakundearen ahaleginak eta fustrazioak ederki jarraitzen dituzte Juliok eta kamara taldeak.
Baina filmari salaketa dokumentala trazak nabaritzen zaizkio. Horrela migratzaileekiko Europaren politika kritikatzen duen Malin Björk ezkerreko europarlamentari suediarraren eta Karlos Zurutuza kazetariaren lekukotzak indarra hartzen dute. Zurutuzak gertu gertutik jarraitu du migratzaileak salbatu eta gero geratzeko erabakiak edota Libiako gerra egoerak nola kaltetzen duen Afrikatik Europara iristeko ametsa dutenen bidaia. Galderen unea da: ‘zergatik gu egon behar gara erakundeek itsasoan itotzear daudenak erreskatatzeko betebeharra dutenean?‘ galdetzen du Iñigo Mijangos erakundearen arduradunetako batek. Zurutuzak gogoratzen digu ‘Gadafi bota zuten baina ez zuten herri proiekturik‘, Libiako egungo nahasmenean Europaren errua azpimarratuz. Etorkizunari buruz galdera ere burura etor dakioke ikusleari migranteen geroari buruz. Mijangosek erantzuten digu ‘taldearen betebeharra migranteak erreskatatzea da, ez bere etorkizunaz arduratzen’. Zurutuzak gogoratzen duenez, etorkinak uretik erreskatatzeko Italiako eskuin zentroko gobernuak martxan jarritako Mare Nostrum operazioak garesti izan zitzaion gobernu horri: ekonomikoki eta politikoki.
‘Aita Mari‘ dokumentalaren unerik zigarrienetakoa ontziaren lehen erreskatea. Libiako kostaren parean, zodiac bat aurkitu zuten. Erregai gutxirekin. Txalupa horretan, 79 migratzaile zeuden. Gerran edo pobreziatik ihesean Eritrea, Sierra Leona edota Boli Kostatik ateratakoak; batzuk bi urtez Europara iristen saiatu zirela. Libiako armadaren fragata bat zelatan zutela, zodiac horretako guztiak itsasotik atera eta Siziliako portuan babesa hartu arteko unea kontatzen da, erreskatatzaileen eta migratzaileen testigantzekin.

Besteak beste, Javi Julio berak hartutako irudiekin, ederki uztartzen dira Pello Ramirez akordeoi eta biolentxo musikariak sortutako doinuak. Dokumentala EITB eta Eusko Jaurlaritzaren partehartzea du, hiru aldundien, Orona, Euskadiko Kutxa, Irizar eta ELAren laguntza izan ditu. Donostian, Errenterian, Bilbon eta Iruñean izango da ikusgai gaurtik aurrera.
Please comment with your real name using good manners.