Urtero bezala zinemaldi desberdinetan ikusitako filmeen gomendioekin natorkizue. Oraindik Venezian,
Donostiako jaialdian batez ere Perlak baina baita Horizontes Latinos eta Tabakalera-Zabaltegin ikusiko diren hainbat proposamen bakandu ditut. Gehientsuenak zine areto komertzialetan edo plataformetan jada estrenaldi data dute. Baina zuena erabakia Donostiako Zinemaldia ikustea nahiago duzuen.
Azken Berlinalen gehien txunditu filma izan zen ‘Petit Maman‘. Saririk gabe atera zen Céline Sciammak idatzi eta zuzendu duen beste maisulana, film samur, labur hau. Saririk ez baina kritika osoaren oneritsia jaso zuen. Amona galdu berritan, gurasoekin honen etxea hustutzera doa zortzi urteko neskato bat. Txikitako etxea zuen amarentzat jasan ezinda da eta desagertzen da. Edo ez. Bitartean neskatoak adin bereko beste neska bat topatuko du basoetan. Ederra, familiaz, memoriaz eta agur esateaz erreflexio zoragarria. Urriaren 22an estreinatuko da Hego Euskal Herriko zine aretoetan. Iparralden jada ikusi da.
Canneseko Zinemaldiaren ataria, trailerrak txunditu nindun eta osoa ikusitakoan ez zuen hutsegin. Julia Ducournauk bere bigarren luzearekin, Canneseko sari nagusiena eskuratu zuen, ‘Titane‘ guztiz merezitako Urrezko Palma da. Aurrekoak samurra bazen, gorputzaren, aldatzen ari den gorputzaren ikerketa hau gordina da. Lehen 40 minututan, eskuak begi aurrean nituen, esplizitoegia baita. Baina behin gore estiloa gaindituta, beste bide batzuk hartzen ditu filmak. Irudi hipnotikoak, musika are hipnotikoagoa lagunduta eta Vincent Lindon beterano eta Agathe Rousselle berriaren antzezpen paregabeekin. Zine areto batean, soinu sistema onarekin eta pantaila handian ikusi beharreko horietakoa. Zinemaldia bukatu eta berehala, urriaren 8an estreinatuko da Bidasoa alde honetan. Bestean jada ikusgai da.
Aurtengo zine zuzendaria izan da ezbairik gabe. Ryûsuke Hamaguchi japoniarrak Berlinaleko Epaimahaiaren saria irabazi zuen ‘Guzen to Sojo‘(La ruleta de la fortuna y la fantasía)rekin eta Cannesen berriz gidoi onenaren eta kritikarien FIPRESCI saria jaso zuen ‘Drive me car’ luzearekin. Lehena hiru mugimendutan, emakumeezkoak protagonistak dituen hiru istorioak kontatzen ditu. Eurek hartutako erabakiak, ona eta txarrak jartzen dira airean. Azken istorioak harrapatu nindun. Azaroaren 5ean estreinatuko da Euskadi eta Nafarroako zinematan.
Cannesen saria eskuratu dion ‘Drive my car‘ egiteko, Hamaguchik Haruki Murakamiren ipuin bat hartu du oinarrian. Drama pertsonal bat ezin gaindituta, antzerki aktore eta egun zuzendari ezagun batek Chejoven ‘Osaba Vania’ antzezlana aktore talde multinazional batekin montatzeko erronka onartzen du. Neska gazte bat jartzen diote gidari. Errepidean gora eta behera euren arteko adiskidetasuna sendotuko da, eta iraganari aurre egiteko indarra hartuko dute. Ederrak biak. Bigarrenak lehena baino gehiago gustatu zait. Honek ez du aretotan estrenaldi datarik oraingoz. Gero Filminen egongo da, banaketa etxe berri batekin egindako akordioa tarteko.
Eta beste liburu bat, Honoré de Balzacen ‘Illusions perdues‘ moldatu du pantailara Xavier Giannoli frantziarrak. Epoka filmea izan ziteken baina Giannolik freskoa, azkarra egin du, gaurkotasuna islatuz. XIX. mendean idazlea izan nahi duen Angoulemako gazte baten Parisera iritsiera, gizartean arrakasta eta galera. Diruagatik liburu eta antzerki kritikak egin eta aktore zein idazleen karrerak hondatzen dituzten kazetarien munduan kokatzen du. Gaur egun erresonantzia ditu behintzat Giannoliren testuak. Venezian Lehiaketa Ofizialean filma ikusi duen prentsaren zati handiari egoera ezaguna egiten zitzaion. Oraingoz datorren urterako dauka areto komertzialetan estrenaldia iragarrita. Ikusi beharko saritu eta data hori aurreratzea duten.
‘Top of the lake‘ telesailak egin ondoren, Zelanda Berrian jaiotako Jane Campion zinera itzuli da. Eta itzuli maisutasunez. Thomas Savage estatubatuarraren ‘The Power of Dog‘ eleberria izen bereko luzean eman du. Benedict Cumberbatchek jokatzen duen XX. mendearen hasieran Montanako ganaduzale azkarra, ankerra da protagonista nagusi. Anaia kontrolpean du, azken honek alargun batekin ezkontzen den arte. Honen seme sentikorrak, afeminatuak, ganaduzalearen mundua desorekan jarriko du. Venezian kritika txunditu du. Batzuentzat lehen partea motel samarra du. Denek baina onartzen dute bigarren zatiaren indarra. Netflixerako egindako filma, agian plataforma horretan baino ez dugu aukera izango ikusteko. Eta egia esan, pantaila handia eskatzen duen horietakoa da hau ere.
Gauza bera esan daiteke, azken Cannesen, ‘Un Certain Regard‘ sailean aipamen berezia jaso zuen ‘Noche de Fuego‘ filmari buruz. Dokumetal ederrak egin ondoren, Salvadorren jaio baina Mexikon babesa hartutako Tatiana Huezok orain arte aztertutako gaia, feminizidioak Hegoamerikan erabili du bere lehen fikzio honetarako. Estatu Batuetara etorkinak bidaltzen duen herri bat droga trafikatzaile eta armadaren gerraren erdian dago. Nagusiek nerabezarora iristen diren neskak ezkutatu behar dituzte, narkoek esklabu sexual modura eraman ez ditzaten. Aurreko ‘Tempestad’ ez fikziozko filma bezala poesiaz, irudi indartsuez bete du Huezok. Donostian ‘Horizontes Latinos‘ sailean lehiatuko da. Oraingoz plataforma horretan du estrenaldia.
Eta Netflixen bakarrik ikusi izango omen da Berlinen saritu zuten ‘Una película de policias‘. Dokumental eta fikzioa artean jokatzen du Alonso Ruizpalaciosek, erritmoz, polizia thriller bat balitz bezala filmatu duen luze hau. Polizien bikote bat jarraituko dugu, ‘Horizontes Latinos‘en ere lehiatuko den honetan. Baina polizia bikote hori jarraitzeaz gain, metazinea ere dago.
Bihar bigarren atal batean, beste gomendio batzuk.
Please comment with your real name using good manners.