VENEZIAtik
Bigarren eguna Netflix eguna izan dugu. Ostegunean Sail Ofizialeko lehian aurkeztu diren bi izenburu plataformak ekoiztu edo banatuko ditu. Biak ikusmiraz itxoitzen zirenak. Hirugarrena klasiko batzuen idazle eta karrera luzeko zuzendari batena.

Aitortu behar dut. Oso Jane Campionen zalea naiz. Ondorioz Neftlixerako egin duen ‘The Power of the Dog‘ Zinemaldi honetan nire ikusi beharrekoen artean zegoen. Eta ez dit hutsegin. Oraingoan gizonezko bat jarri du filmaren erdian, gaizki ulertutako maskulinitatea, gizontasun toxikoa aztertzen duen western-ean. Zelanda Berriko zuzendariak 1925an Estatu Batuetako Montanan kokatzen den Thomas Savagen eleberria moldatu du. Benedict Cumberbatch eta Jesse Plemons, Phil eta George Burbank anaiak dira. 25 urtez logera bera eta batzutan ohe bera partekatu duten ganaduzale arrakastsuak. Azkena sinplea eta gizon ona den bitartean, lehena maltzurra, homofobikoa, kontrolatzailea, min ematen duen horietakoa. Matxoen erreinuan gizonena. Haziendako gauzak eskularrik gabe egiten dituen horietakoa. Berez, baina, Phil gizon minduta, sekretuak, barruak suminduta da.
Hain ohituta dago Phil George kontrolatzera non George Kirsten Dunst jokatzen duen Rose alaguna ezkondu eta rantxora ekartzen duenean, Philen oreka etengo du. Une batez behintzat. Anaiarekiko jazarpena emakumearengana zuzenduko du. Bere sumindura areagotuko du Peterrek (Kodi Smit-McPhee), Rosen semea makalak. Baina ondo emandako biran, Philek babespean hartuko du Peter. Eta hortik etorriko da bukaerako ustekabea. Harrapatzen zaituen bukaera horietakoa. Non indarra baina maltzurtasuna gailentzen den. Batzuen aburuz, motela, niretzat sublimea da Campionek egiten digun erretratua. Ikasitakoa, indartsuak bakarrik onartzen duen paraje batean sekretua lurperatu behar duen gizona ederki jokatzen du Benedict Cumberbatch britaniarrak. Sarien lehian egon beharko luke. NORTZUK MAITEKO DUTE: Campionen zaleak, lagun torturatuen istorioak eta samurtasunez kontatutako istorioak maite dituztenak.
Canneseko ohikoa da Paolo Sorrentino zuzendari italiarra. Venezian estreinatu zen zuzendari honen azken lana baina Netflixen laguntza izan du. Eta ondorioz, Veneziako zinemaldiari erreza gertatu zaio zuzendari maitatua berriz erakartzea. Napolesen jaiotako zinegilea bere nerabe garaietara itzuliko da gurasoen heriotza kontatzeko. Guztiz biluztu da ‘È stata la mano di Dio‘ (Espainian ‘Fue la mano de Dios’ izenburuarekin emango denen) filmean. Familiaz, futbolaz, patuaz hitzegiten digun tragikomedia honetan.
1980an, tabako merkatu beltzeko sarrera den Napolesen, Fabietto Schisa (Filippo Scotti) gaztearen ardura bakarra, ea Maradona hiriko taldearen jokatzera etorriko den edo ez da. Hori eta izeba ederraren maitasuna lortzea. Familian bromak egiten maite dute eta familia bilerak une dibertigarriez trufatuta daude. Ezustean baina gurasoak (Toni Servillo eta Teresa Saponangelo, zein baino zein zoragarriago) hilko dira eta Fabiok azkar batean koskortu beharko du. Futbolagatik duen ikusmina zinera aldatuko duela. Algarak nagusi izan dira aretoan filmearen parte handi batean, politoki onartezinak diren txantxekin ere farra egiteraino. Horrela gero zetorkiena lasaiago irensteko. Fellini eta ‘Amarcord’en erreferentziak argiak ditu. Bai pentsa pasean eta baita publikoarekin estrenaldian txalo zaparrada luzea jaso ditu filmak. Bukaera ezberdinak dituena. NORTZUK MAITE: Sorrentino baino neurtuago bat, familia dramak, coming of age gustuko dituztenak.

‘Taxi Driver’-en idazleak, Paul Schrader-ek berriz gerra beterano bat bihurtu du protagonista zuzendu duen 21. film honetan. ‘The Card Counter‘ luzean Oscar Isaacek, William Tell jokatzen du, Iraken, Abu Ghrabin torturan egin zituen marine ohi bat. Atxilotuetakoekin egindako argazkiei esker, gartzelera bidali dute eta han kartetan jokalari maisua bilakatu da. Zuhurra, anbizio txikikoa, min ematen ez duten irabaziak lortzearekin nahikoa du. Bera bezala zigortu nahi izan zuten beste marine torturatzaile baten semea (Tye Sheridan) ezagutzen duen arte. Galdutako belaunaldi baten ordezkari, ‘The Kid’, izena ematen dio marine ohiak. Lagundu nahi du, erredentzio modura. Horretarako kartetako jokalarietan inbertitu nahi duten dirudunen ordezkaria den La Lindaren (Tiffany Haddish komikoa) proposamena onartuko du.
Duela lau urte Venezia txoratu zuen ‘First Reformed’ aurreko filmearekin, berriz kritikaren txaloak jaso ditu mendeku thriller honekin. 72 urteko zuzendariak erritmoz murgiltzen gaitu joko partidetan eta aldi berean, kritikatu Iraken egindako gehiegikariak. Black Rebel Motorcycle Club taldeko Robert Levon Beenek filmerako idatzitako kantak zoragarriak dira. Eta Isaac izugarri dago, mamuak atzean dituen marine bezala. Guatemalan jaiotako aktorea Venezian estreinatu behar diren gutxienez beste bi ekoizpenetan dago. Uneko aktorea da. NORTZUK MAITE: thriller politikoak maite dituztenak.
Please comment with your real name using good manners.