Duela aste batzuk hitzegin nuen Estibaliz Urresola Solaguren (Laudio, 1984) Greziara bidaitzear zegoela. Bertan gidoia lantzeko erresidentzia egin du, bere lehen film luzearen, ‘20.000 especies de abejas’ filmearen gidoiari azken buelta emateko. Aurretik Malagako Zinemalditik zetorren ‘Polvo Somos’ bere laugarren film laburrak sari pare bat lortu zuela. Zinebiko Euskal Sari Nagusia irabazita zegoen eta hau publikatu bitartean beste sari bat irabazi du Cerdanyan.
Elkarrizketareko hitzordura iritsi nintzenean, Esti telefonoan harrapatu nuen bosgarren film laburrerako ekoizpen lanetan, Espainiako Kultura Ministerioko “ICAAk dirulaguntza eman berri digu eta astelehenerako tramite asko egin behar ditut“. Azkenean, grabailua martxan jarri genuenean, ehortzetxe batean girotutako eta Malagan saritutako ‘Polvo Somos‘ film laburraz aritu ginen “kontatzen du lau emakumek osatutako familia baten asteburu bitxi, arraro, triste eta samurra non familiako alabarik gazteena Bartzelonatik bueltatzen da“. Hiri horretan musikaria da Jone Laspiurrek jokatzen duen Ane. “Bera bueltatzen da aitona hil delako eta orduan ama, amona baina batez ere ahizpa zaharrenarekin topo egingo du. Euren arteko nortasun ezberdinek talka egingo dute”. Horretan lagunduko du ehorzetxearen kudeaketa susmagarria. Horren aurrean bakoitzak duen ikuspegia agertuko da ordu horietan.

Talka handiena Goize Blancok gorpuzten duen Irene ahizpa zaharrarekin izango da. “Gazteenak justiziaren oso zentzu potentea du eta aitonaren izen onari ohorea egin nahirik, prest dago dena hankaz gora jartzen“. Irene ordea besteengan eta familiaren ongizatean pentsatzen ari da “eta galdetzen dio bere buruari ea onik egiten dio ahizpak proposatutakoari amen egiteak“. Paper honengatik Goize Blancok emakumezko aktore onenaren saria jaso zuen Malagan. “Egia esan Goizeren papera hasieran bigarren mailakoa da eta hazten doa istorian zehar. Erabakia oso garrantzitsua da eta polita da hori jasotzea“. Saria ematerakoan epaimahaiak “bere bidaia emozionala aipatu zuten, eztanda egiteko zorian baitago“.

Estirentzat bi aktoreek antzeztutako pertsonaiak “pertsonai bat osatzen dute. Pertsonai horren bi alderdiak dira“. Horrela “gazteena iraultza, energia, determinazioa, borroka eta indarra dira; Irene berriz kontentzioa, zaintza, etb. da“. Hain justu, Goize Blanco Malagan saritu ondoren, Goya sariduna den Jone Laspiurrek Cerdanyako zinemaldian aktore onenaren saria hartu zuen. Sirimiri Films, Estiren ekoizetxearekin batera, Katz Estudiok eta Gariza filmak ekoiztutako ‘Polvo Somos’ Bilbon ere saritu zuten iaz. Zinebin Euskal Zinearen sari nagusia eta gidoi onenaren saria jaso zituen.

Saria jasotzea badaki zer den Estibaliz Urresolak. Jada ESCACeko ikasketa bukatzeko lanak, ‘Adri‘ film laburrak andana ekarri zizkion. “Adri kontatzen du 12 urteko neska igerilari baten historia, non hilerokoa etortzen zaion lehenengoz“. Filmaren erdigunean, gorputzeko aldaketa horrek “bere subjetibitatea eta bere aitarekiko harremana nola aldatzen ditu“. “Oso estuki lotuta zegoen lotsarekin” dio, “emakumezko subjetibitatearen eraikuntzan oso presente dagoen zerbait, fisibiologiaren ukapena, hori nire ustez feminitatearen gainerako kontrol mekanismoa bezala artikulutu izan da“. Izan ere “generoa, gorputza eta identitate dira nire lanean azaltzen ari den gaiak” onartzen dit.
Eta interes horren arrastoa ere aurkitu daiteke prestatzen ari den fikziozko bere lehen luzean, datorren urtean filmatu nahi duen ‘20.000 especies de abejas‘ pelikulan. Ekai mutikoaren suizidioa du oinarrian. “Oso unkituta geratu nintzen gertakizunarekin eta gurasoek publikatu zutenarekin” eta ondorioz, transizioan dauden haurrei laguntzen dien Naizen erakundera hurbildu zen, Lucia sortzeko. “Zakildun sei urteko Lucia neskaren bidai fisiko eta sikologikoa” kontatuko du luzeak. Oporretan bizi den herritik amonaren herrira joango da eta “hor hasiko du ingurune naturalaren esplorazioa eta bere gorputzaren esplorazioa“. Bidai horretan “lortuko du bere familiari adierazten neska sentitzen dela eta neska dela, ordurarte besteek mutil bezala tratatu badute ere. Eta egingo du sei urteko neska batek dituen baliabideekin“. Bidaia batez ere familia eta ingurukoek egingo dute.
Bitartekari izan nahi du Estik. “Aukera eman dit zinegile bezala baina baita pertsona modura mila galdera egiteko. Non dago norberaren identitatearen perzepzioaren jatorria? Zer da emakume bat edo mutil bat izatea? Zer da generoa?” dio. A maila duen Estoniako Tallin Nights zinemaldian bere gidoia saritu zuten eta horrek ahalbideratu dio Grezian egin berri duen erresidentzia egitea. Aurretik Gariza Filmsek sorturiko batean, euskal emakumezko ezinegileei zuzendutako NOKA proiektuan, The Screen Madrileko erresidentzian eta Angersen aritu da. Denak “oso intentsoak eta baliogarriak“. Batzuk “jauzi kreatibo kualitatiboa” eman diotelako proiektuari, beste batzuetan “proiektua posizionatzen ikasi dugulako” eta azkenak Claire Mathon argazki zuzendariaren eskutik eskola jaso duelako.

Hasieratik dago Lara Izagirreren Gariza Filmak ekoizetxea proiektuan, baina azken hilabeteetan, Inicia Films-eko Valérie Delpierre batu da. “Ez sartu presio gehiago” esan zidan elkarrizketa hasi baino lehen baina oso argi du zein garrantzitsu den “Espainako ekoizle oso potentea delako“. Carla Simonen eta Pilar Palomeroren lehen luzeen “Estiu 1993” eta “Las Niñas” filmeen ekoizlea da. Biak Berlinen estreinatu eta Malagan eta Goyan saritu zituzten. “Larak eta biok Olentzeroari idatzi genion eta bere ildoa eta lana ikusita zerrendaren buruan zegoen izena” aitortzen du. Estibaliz Urresola nola dagoen eroso galdetuta, idazle, ekoizle edo zuzendari moduan, muntaia gehien maitatzen duen lana dela dio. “Dirua lortu, idatzi eta epaimahaia gustukoa izango duen edo ez adrenalina pasata eta errodajea gainetik kenduta, muntaia oso plastikoa da, eskulanezkoa bezala“, dio eta aitortzen txikitako garaiak ekartzen diola gogora “ni txikitan horrela ibiltzen nintzen, marraztu eta ipuinak kontatzen. Fisikotasun hori ez dut hainbeste topatzen beste faseetan“.
Please comment with your real name using good manners.