Emerald Fennell britaniarrak zerua hatzputekin ia ukitu du zuzendu duen lehen luzearekin. Berak ere idatzi duen “Promising Young Woman“ filmeko gidoiak sari potoloenak eskuratu ditu: BAFTA britaniarra, Estatu Batuetako gidoilarien sindikatuko ikurra eta jatorrizko gidoi onenaren Oscar saria. Azken honetan, esaterako, Aaron Sorkin maisua gaindituta. Los Angelesen ospatu ziren sarien galaren ondoren, bere ikurtxoa eskutan, Fennellek onartu du arrosa kolorean murgilduta, gozoki bat balitz, pop ukituak dituen pelikula egin duela. Bilgarri hori nahita erabili du, garrantzitsuago, iluna den gaia ikusleek irentsi eta hausnartu dezaten. “Rape and Revenge” (bortxaketa eta mendekua) deritzan sailean sailkatu dute baina hori baino gehiago da “Una joven prometedora“ filma. Geruza gehiago ditu.
Carey Mulligan itzel dago izen egokia duen Cassandra, Cassie, gaztea bezala. Bere pertsonaiak dioen bezala mozkorrarena eginez, “astero club batera joaten naiz, eta astero mutil jator datorkit ea ondo nagoen galdetzera“. Baina mutil jator horiek guztiek beste zeozer nahi dute, Cassiek agerian uzten duen moduan. Zerrenda luzea darama. Mendeku istorioak erroak Cassiek eta txikitako lagunak medikuntza ikasten zuteneko garaian ditu. Ikasle azkarrak biak. Lagunak gertaera traumatikoa izan eta bizitza biei aldatu zitzaien. Cassiek egun 30 urte ditu, kafetegi batean lan egiten du eta gurasoekin bizi da. Mendeku istorioari buelta emango diola ematen du Ryan ikaskide ohia (Bo Burnham) agertzen denean. Baina usteak erdi ustel. Esan behar da oso ondo aukeratuta dagoela Burnham ere, Mulliganekin kimika handia du eta eszena zoragarri bat partekatzen dute.

Burnhamek eskarmentu handia du telebistako serietan. Gehienbat telebista serietatik ezagutzen ditugu paper txikiagoa duten Adrien Brody, Sam Richardson edo Allison Brie, esaterako. Castina ederki hautatu du “The Crown” edo “Call the Midwife” serietan aktore lanean ikusi dugun Emmeral Fennellek. Esaterako Cassieren amarena egiteko Jennifer Coolidge kontratatu du, “American Pie“en amarena egiten zuen, gizonezko nerabeen sexu hezkuntza komedia horietan, amarena egiten zuena.

“Killing Eve” serieko bigarren denboraldiaren idazlea ere den Fennellek thrillerra eta komedia erromantikoa nahastu ditu. Predatzaile sexualak izan daitezken mutil jatorrak azalerazteko. Baina ez bakarrik. Sexu bat diskriminatzen duen pentsamolde bat nabari utzi nahi du – “mutil gazte baten karrera ezin du hondatu neska baten adierazpenak, mozkor izango zen neska baten adierazpenak” aditzera ematen du pertsonaietako batek. Bortxaketa baten ondorioak, uzten dituen kalteak bortxatuan eta inguruan ere argi uzten ditu “Young promissing woman” filmak. Zuei geruza gehiago aurkitzea.

Please comment with your real name using good manners.