Heriotz zigorraren gaia puri purian dago Irandik datorkigun filmeetan. Berlinaleko iazko Urrezko Hartza jaso zuen heriotz zigorra eta sendotasun moralaz ari zen film batek. Aurtengo Berlinalen ere zigor gorena kritikatzen zuen beste film bat lehiatu da. Sundancen Atzerriko Film onenari Epaimahaiaren saria jaso eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia zabaldu duen “Yalda, la noche del perdón“ honek ere zigor mota hori du oinarrian. Heriotz zigorra eta reality show-a nahastu ditu zuzentzen duen bigarren luzean Massoud Bahkshikek. Erritmoz gidatu eta antzezpen onak dituen filma.

Cannesen lehen luzea estrenatu ondoren, Bahshik oraingoan Irango telebistan jarraitzaile asko zituen saio batean inspiratu da. “Honeymoon” zeritzan saioak hamar urtez Ramadaneko hilabetean dirua jasotzen zuen zorrak ezin oraindu preso zeudenak askatzeko. Horri helduz, reality showa imaginatu du Bahkshik Iranen nagusi den “begia begi truk” legeak dakarrena kritikatzeko eta era berean, gizarte patriarkala, klase desberdintasuna eta telebista espektakulua salatzeko.
Ramadamen ez, baizik eta neguko solstizioan, Yalda gauean, emakume gazte bat telebista katera ekarri dute. Maryam (Sadaf Asgari) urduri dago, oso, argi ikusten da hori. Bera baino 40 urte zaharragoa zen, Nasser, senarra hil du. Bere esanetan istripuz. Eta ondorioz, heriotz zigorra eman diote. Burua salbatzeko aukera bakarra, telebista programa hori da. Bertan aurrez aurre Mona (Behnaz Jafari) izango du, senarraren alaba bakarra eta Maryamenen lagun ohia. Berari eskatu beharko dio barkamena. Programan zehar telefono mezuen bidez bakarmenaren alde ala kontra agertu beharko da publikoa. Alde atera ezkero eta Monak barkatzen badu, programaren konpainia babesleak Maryamek eman behar dion konpentsazioa ordainduko dio Monari.

©Somaye Jafari/JBA Productions
Bahkshik thriller erritmoa eman dio lehen parteari, pertsonaien aurkezpenari. Gutxinaka jakingo dugu Maryamen aita Nasserren gidaria zela. Hura zendu zenean, Monak lana eman ziola Maryami. Gerora, langile zuenean, Nasserrek Mona denbora bateko emaztetzat hartu zuela. Erlijioaren aitzakitan, herrialde horretan dagoen bikote era bat, emakumearen kaltetan izaten dena. Programa jarraitzen duen publikoak ere ezagutuko du Maryam haurdun geratu zela Nasserren iritziaren kontra. Hori guztia programan une musikalak eta aktore ezagunak agertzen direla.

Publikoak hori euren etxeetan ikusten duen bitartean, tentsio uneak daude telebista katean. Esaterako Maryamen amarekin hitzegiten saiatzen ari den bikotea agertzen denean. Ezustekoa dakarte. Maryamen patua aldatu dezakeena. Erritmoa pittin bat makaltzen da eta bukaera antiklimatikoa gertatu zait. Baina ikuspuntu interesgarria du filmak eta esan bezala goraipatu behar diren antzezpenak.

Maryamen estutasuna igortzen digu Sadaf Asgari gazteak. Bikain dago, azken boladan film askotan ari da. Zinebin duela lau urte irabazitako “Exam” laburrean ezagutu genuen, esaterako. Jahar Panahiren “Tres Caras“en ikusi genuen Behnaz Jafariren lana ere azpimarratzekoa. Oso sineskor jokatzen du Mona, mamuak dituen emakume hotzarena. Gure zine aretoetan, Araban ez ezik, beste lurraldeetan jatorrizko zein bikoiztutako bertsioan ikusi daiteke.
Please comment with your real name using good manners.