Maite Alberdi zuzendari txiletarrak dohai berezia du gizartean izkin batean utzitakoengana gizatazunez, samurtasunez hurbiltzeko. Hala egin zuen amonaren eskola lagunekin, hilabetero biltzen ziren lagun talde horrekin ‘La Once‘ ederrean edota Down Sindromeaz jaiotako izebaren lankideekin ‘Los Niños‘ dibertigarrian. Gauza Txilera Errenteritik joandako eta egun zahar etxe batean zegoen emakumea protagonista duen ‘Yo No Soy De Aquí‘ film laburrean. Orain berriro joan da adinekoen egoitza batera, espioi pelikula bat filmatzera. Edo ez. Sundancen estrenatu zenean ‘El Agente Topo‘ filmeak kritika maitemindu zuen, gauza bera egin zuen Donostian non Europako film onenaren publikoaren saria ere eskuratu zuen. Apirilaren bukaeran dokumental onenaren Oscar sariagatik lehian izango da. Ostiraletik Hego Euskal Herriko aretoetan ikusgai izango dugu.
83 urteko alargun batek, Sergiok (Sergio Chamy) egunkari batean jarritako iragarki bati erantzuten dio. Ikertzaile pribatu bat (Romulo Aitken) adineko baten bila dago, emakume batek egindako enkarguari erantzuteko. Emakumeak zahar etxe bat ikertu nahi du, ama ondo tratatzen duten edo ez jakiteko. Sergiok egoitza horretan denboraldi batean bizi beharko du, koaderno batean apuntatu ikusitakoa eta Romulori informazioa pasa ahots oharren bidez. Horrela, adinekoen etxe horretan hartuko dugu guk ere ostatu eta egoitzan bizi diren egoilarrak ezagutuko.
Umorez hurbildu da Maite Alberdi. Sergiok teknologiarekin dituen arazoak azalduz eta planta oneko gizona izaki nola egoilar ezkongabe batean ilusioa piztuko duen erakutsiz. Sergiok ahalbideratzen digu poesiak idazten dituen beste egoilar bat ezagutzea. Umoreak baina gutxinaka beste errealitate bati utziko dio lekua: bakarkadadeari. Zein bakarrik dauden gure adinekoak. Petronila bezala ezkongabea eta familiarik gabe daudenak baina baita senideek gutxi bisitatzen dituztenak ere.

Bestelakoa ematen badu ere, Sergio eta Romulo ez dira aktoreak. Euren burua antzezten duten alargun eta ikertzaile pribatu bat baizik. Filmak irriparrea ahotan jarriko dizu eta aldi berean bihotza puskatu. Samurra, gozagarria, zurekin luze geratuko den horietakoa. Gure gomendioa zalantzarik gabe.
Donostian ostiralean estreinatuko da, Hego Euskal Herriko beste lurraldeetan ostegunean
Please comment with your real name using good manners.