Hain izan da edizio berezia eta azkarra non ostiral eguerdirako, oraindik hainbat film ikusteke nituela, jakitera eman direla aurtengo sari nagusiak. Prentsak ikusgai zuen Sail Ofizialean eta agian zinemaldi osoan egon den zinta luzeena, 217 minutuko dokumentala eta Netflixek egindako ekoizpena.

‘Wheel of Fortune and Fantasy‘
Bere lehen filmeekin Alemanian egiten den Japoniar zinema astean izan ondoren, Ryûsuke Hamaguchi mundu mailan ezaguna egin zen berak zuzendutako ‘Happy Hour‘ filmak 2015ean Locarnoko zinemaldian aipamen berezia lortu zuenean. Duela hiru urte Cannesen kritika onak eduki zituen, Berlinera itzuli da hiru istorioetan kontatutako film honekin.

Amodiozko triangelu bat duen lehen istorioan kostata sartu naiz. Pantailan zortzi minutuko taxi bidai batean emakume gazte batek beste bati esaten dio mutil bat ezagutu duela. Berak ez dakiena da kontatzen dion neskaren mutila izan dela bi urtez. Harritzekoa biek dioten moduan lagunak baitira. Beste biek gehiago harrapatu naute. Bigarrenaren erdian ezkonduta eta maitaleak dituen emakume bat dago. Maitaleetako bat irakaslea den eta saritzen duen idazle baten jeloskor da. Horregatik segada egiteko eskatuko dio. Itzela da irakaslearen bulegoan gertatutzen dena. Trikimailuak bere bizitza hankaz gora jarriko du. Azkenean aintzinako eskola bilerara datorren emakumea dugu, non nerabeetako amodio bat berriz ikustera datorren. Identitate nahasmenarekin jolasten du zuzendari-idazleak. Emakumeak zentroan jarri nahi omen ditu zuzendari gizonak.

‘Ballad of a White Cow‘
Iaz Irango film batek jaso zuen Urrezko Hartza heriotz zigorraren inguruko salaketarekin. Koranen agertzen omen den behi txuriaren pasartearekin hasten den honek gaiari beste buelta eman dio. Bethash Sanaeeharekin batera edizio honetan lehiatzen den filma zuzendu duen Maryam Moghaddamek Mina jokatzen du. Esnekien lantegi batean ari dena duela urtebete alargundu zen. Gizonari egin izan ez zuen hilketa bat leporatu eta estatuak erahil zuen. Minak ez dio egia esan filmak maite dituen alaba mutuari. Gizonen baimena behar duen gizarte horretan senarraren lagun ohia agertzen zaio, ustez dirua zor diona. Baina gizon horrek gezurra esango dio, Minak alabari esan dioen.

Gezur hori gizarteak jartzen dizkio arazoetako bat baino ez da. Gradualki tentsioa garatzen da naturalismo eta minimalismoan filmatutako istorio hau. Telefilm baten trazak hartzera doala uste duzunean, buelta eman eta bide onari eusten dio. Nik oso gustura ikuten ditudan horietakoa, gure pantailetan ikusiko dugulakoan nago.

‘Mr Bachmann and his class‘
Zein ederra den Alemaniako herri bateko ikasgela bateko erretratu hau. Laurent Cantenen ‘Ente Murs (La Clase)‘ izan dut gogoan, bertan mendiko herri txiki batetako eskolaumeak jarraitzen bazituen urte batez, hemen Maria Speth zuzendariak Alemaniaren bihotzeko industri herri batera herrialde askotatik etorritako eskolaumeak jarraituko ditu. Gurasoek lanera, eurek eskola berri eta gizarte berri batera moldatzera. Ez ohizko metodoak dituen irakasle baten begiradapean.

Batzuk etorri berriak Bulgariatik edota Siziliatik, alemanera menperatu behar dutela beste gaiak ikasiz gain. Beste batzuk bigarren belaunaldiko etorkinak, turkiarren edo ukrainiarren seme alabak, etxean oraindik beste ohiturak ikusten dituztenak. Azken batzuk alemaniar jatorrikoak. Guztiak gidatzen eskola maite ez zuen psikologoa gerora behartuta irakasle egindakoa. Bachmann irakaslea erretiroa hartzera doa baina aurretik eskolara etorri berriak instituturaino gidatu nahi ditu, lan hobeak ahalbideratuko dieten instituturaino. Tartean, herriaren historia iluna – esklaboez hornitutako nazien lantokien gunea izan zen – eta turkiarrak zergaitik iritsi ziren Alemaniara ikasiko dute, dugu.

Umeekin eta irakasle honekin maiteminduko zara. Musika, kanten bidez, urkoari errespetua irakatsi eta eskola ematen dien irakaslearekin maiteminduko zara. Zein garrantzitsua den horrelako irakasle inspiratzaileak izatea. Eta zein garrantzitsua Alemaniak egun bizi duen neonazien igoera bizi duenean, film hau kaleratzea. Pena hiru ordutediko luzaerak ez ote dion komertzialki kalte egingo.

‘Una película de policías‘
Alonso Ruizpalacios mexikarrak ‘Gueros‘ filmarekin lehen luze onenaren saria jaso zuen 2014 Berlinalen. Ondoren egindakoak hemen ere aurkeztu ditu. Duela hiru urte ‘Museo‘ berezia eta aurtengoa, dokumental modura sartu dutena Sail Ofizialean. Tentsioz beterik dagoen eszena batean Teresa polizia ezagutuko du. Dei bat erantzunez, kale ilun batera iritsiko da, autoko irratian kasu arriskutsuen berri ematen dutela. Une batean edo bestean tiro egingo diotela uste arazten digute, baina azkenean usteak ustel, eszena bestelako bidetik joango da. Bira berdintsuak daude film osoan zehar. Teresa eta Montoya bikotekidea aurkeztuko dizkigu Ruizpalaciosek eta horien bitartez polizia erakunde bezala eta gizartearen lurjotzea kontatzen da.

Netflixerako egindako film honetan baina ezer ez da uste duguna. Polizien film bat ematen duena dokumental bat da. Agian publiko zabala batera iristeko. Tartean, aktoreak ditugu eta benetako poliziak. Aktoreek “maitasuna patruila” bezala ezagunak egin ziren bi polizienak egiten dute. Lanbrotzen dira dokumental eta fikzioa, tartean kamarari hitzegin diotela aktoreek. Kamara maisuki mugitzen dute. Aire freskoko ufada zalantzarik gabe.
Please comment with your real name using good manners.