Laburra da aurtengo Berlinale, apenas bost egunetan Sail Nagusian hautatu dituzten 15 filmak eta beste zintak ikusi behar ditugu. Bost egun horien erdialdean bihotza harrapatu nauen filma iritsi da. Izatez, Céline Sciammak egiten ohi duen guztia maite dut baina honek aurrekoa ere gainditu du. Nire Urrezko Hartza zalantzik gabe.

‘Petite Maman‘
2019an Cannesen gehien maite izan nuen filman, ‘Portrait de la Jeune Fille en feu‘ filman emakume helduak zuzendu zituen estreinekoz Céline Sciammak. Orain ezaguna egiten zaion adingabekoen mundura itzuli da, edo zehatzago izanda, haurrak fimatu ditu. Haurrek galerari eta gurasoak ulertzen nola saiatzen diren aztertzeko. Horretarako zortzi urte dituen Nelly (Joséphine Sanz) aurkeztuko digu. Amona hil berritan ganoraz agur ezin izan duela esan damu da. Gurasoekin honen etxera joango da hustutzera. Amak ezin du mina gainditu eta alaba eta bikotekidea bertan utziko ditu. Nellyk ama ulertu nahirik, honek basoan zuen haurtzaroko etxea topatuko du. Etxeloran atean Marion (aktore nagusiaren aizpa bikia den Gabrielle Sanz) aurkituko du. Honekin jolasak partekatuko ditu, ama ulertzeko eta amonari behar dion agurra emateko.

Ederra, bihotza harrapatzen dizun horietakoa. Sciamma umeen neurrira jaitsita filmatu du gidoi ona eta apenas 70 minutu dituen ipuin hau. Eskarmentu handiko Claire Mathonen zinematografia berriz ere azpimarratzekoa da.

‘Forest – I See You Everywhere‘
2003an Berlinalen lehen film onena saritzeko ematen zaion ikurra jaso zuenean ezaguna egin zen Bence Fliegauf hungariarra. ‘Forest‘ lehen film horren jarraipen independentea da Berlinalera ekarri duen film berri hau, bere zazpigarrena.

Atalak zituen film hori bezala honek ere zazpi istorio kontatzen ditu, honetan urkoa ulertzari buruz. Aita ama hiltzeaz salatzen duen nerabe batetik hasi, gizon adinetura obsesionatua dagoena emazte gaztea eta bere semeak istorio bat dutelarekin eta adinean aurrera doan gizon eta neskalagun gaztea haurra egiteraino. Jeloskortasuna, kristauen hipokresia eta bestelako medikuntzaren inguruko zinismoa dira beste istorien ardatz.

Istorioa eta pertsonai bihurrak dira. Gehienbat barnealdean filmatuta, oso gertuko planuekin edo planu luzeekin, kamara eskuetan. Istorio hauetan ezer ez da uste dena. Fliegaufek askotan parte hartu du Berlinalen eta sari potoloren bat edo beste jasota da.

‘What Do We See When We Look at the Sky?’
Sciamma bezala, Alexandre Koberidze georgiarrak bere bigarren film luzea umeekin hasi du – eskolatik ateratzen ari diren umeekin. Baina eurak ez dira filmeko protagonistak. Horiekin hasi omen ditu aditzera emateko ipuin bat kontatzera doala.

Gure protagonistak Lisa, farmazia ikasle bat eta Giorgi, futbolaria, eskola aurrean behin eta berriz topo egiten dutenak, benetako zita izan arte. Hori adosten duten egunean baina Lisa begizko joko dute. Kaleko elementuek esango diotenez, hurrengo egunean aldatuta agertuko dira, Lisa eta Giorgi bera ere. Fisikoki, batak bestea ezagutuko ez dutela eta gainera ez dira jada gai izango euren ofiziekin jarraitzeko. Ani Karseldaze hasi berriak eta Georgian oso ezaguna den Giorgi Bochorishvilik gorpuzten dute elkar ezagutu gabe topo egingo duen bikotea.

Filma genero ezberdinetan murgiltzen da, 1960eneko pelikula erromantiko frantsesak, zine mutua edota futboleko mundu koparen zaleei buruzko dokumetala da une askotan. Nahasmena baina irribarrea ahotan jartzen duen horietakoa.
Please comment with your real name using good manners.