Lehiaketa Ofizilean Urrezko Hartzaren bila Europako filmak izan ditu prentsak asteartean. Dénes Nagy zuzendari hungarriaren lehen fikziozko luzeak aurrez aurre egin die eskarmentu handia duten Xavier Beuvois frantziarraren eta Radu Jude errumaniarren filmeei.

‘Albatros’
‘De Dieux et Hommes‘ (2010) filmean Xavier Beauvoisek Argelira 1990ko fundamentalismoaren erdian harrapatutako moje komunitate batera eraman bagintuen eta ‘Les Gardinnes‘en (2017) I. Mundu Gerran guda zelaitik kanpo geratutako emakumeengana, oraingo honetan Normandiako kostako herri batera, gaur eguneko komisaldegi batera, daramagu.
Jérémie Renier aktore belgikar sendoak Laurent Sandrial da, marinel familiako polizia, ezkontzekotan dagoena hamar urtez bikotekidea eta alabaren ama duenarekin. Herrira itzuli da gendarmeen buru izateko, suizidioak, moskorrak etxeratu, umeen aurkako sexu delituak … etab kontrolatzearren. Laurenten bizitza guztiz aldatuko da Europako araudiek estututako albeltzain batek arakatzaileak mehatxu egiten dituenean. Egoera kontrolatu nahi du Laurentek baina zorigaiztoko hutsegite bat egingo du.

Laurenti ontzi baten maketa oparitu diote, Albatros ontziaren maketa. Baina filmaren ingelesezko izenburua –Drift Away, noraezean – filmaren bigarren zatiarekin hobeto doa. Hutsegitearen ondorioz, Laurentek dena uztea erabakiko du. Beauvoisen kontatzeko era oso motela izaten ohi da, baina narrazioa pizten duen aitzakia filmaren hasieratik ordubetera izateak tentsioa galtzera darama. Renier, hori bai, itzel dago noraezean dagoen pertsonai horretan.
‘Bad Luck Banging or Loony Porn‘
Ahots propia du Radu Judek. Film hau uneari lotuta errodatu du – iazko udan Bucaresten jendeak musukoa duela – ironikoki kontatzeko gizartea eskandalizatzen delako pornografiarekin eta ez kapitalismoaren beste pornografiekin. Hiru ataletan zatituta, balizko hiru bukaera eskaintzen digu Raduk, azkenean kontatutakoa txantxa handi bat dela aditzera emateko. Agian bukaera horretatik hasi naiz, hasieratik ez ahazteko: sexu eszena islatzen duen etxean egindako bideo bat, hiru minutukoa.
Emi (Katia Pascariu), eskola ezagun bateko irakaslea, alaba eta amarekin bizi da. Senarrarekin porno eszena bat irudikatzen du. Biak musukoak jarrita. Baina emakumearen identitatea ezaguna egingo da. Gurasoek eskolatik bota nahi dute. Bilera horretara joan behar dela, Bucarestetik ibiliko da Dublinetik James Joyceren Ulises bezala. Ibilbidea aprobetxatuko du Juderen kamara publizitate karteletara, telebista iragarkietara eta denden erakuslehioetara joateko. Bertatik datozten iragarkietan: gorputzaren miresmena, erlijioa, politika, publizitate sexista … erreparatzeko.

Bigarren atalean, Judek hiztegiak eskainiko digu, zuzendariaren obsesioarekin lotuta dagoena: Errumaniako nazionalismoa. Behin baino gehiagotan barrea eragin dit.
‘Natural Light’
Saritutako dozena bat film labur, fizkiozkoak zeinak dokumentalak egin ondoren, Dénis Nagyk jauzia eman du film luzera eta bete betean sartu da Urrezko Hartzaren lehian. Nagyk bat egin du Hungariako zineman modan dagoen joerarekin: iragan hurbilari astindua ematearena. Pál Závada idazlearen izen bereko eleberria iruditan eman du. Bertan kontatzen denaren arabera II. Mundu Gerra Hungariako Armadaren 100.000 soldadu naziekin batera Okupatutako Sobietar Lurraldeetara joan ziren. Euren eginkizuna: partisanoak akatzea, behar izan ezkero babesten zituzten herriak kiskalduz.

Lehen eszenan neguan, Estatu Batuetako tranpajartzaileen filmak gogora ekartzen duena, hungariar soldadu horiek basoetan gordeta herritik herrira ikusten ditugu. Basoko biztanleei harrapatzen zuten apurra kentzen. Horietako bat István Semetka da, nekazari arrunta, subteniente kargura igota. Szabó Ferencen lehen papera hau empatizatzen kostatzen horietako pertsonaia da – nekatuta baina hotza dirudiena, iheskorra, bere herriko baten besarkadari nekez helduko diona. Bere unitatea herri batean instalatzen denean biktimen errukia edo garatuko du. Zinematografia eder batek janzten du narrazio argia duen filma. Hotzegia une batzutan harrapatzeko baina nota bikaina duena.

‘Tina‘
Lehiazko film pisutsuen ondoren, zerbait arina nahi nuen eta Universaleko logoaren pean egindako dokumental honetan murgildu naiz. Batez ere erretratatzen duen abeslariagatik. Baina zintaren une batean Tina Turnerrek berak dioenez, bere bizitza ez da arina izan. Dan Lindsay eta T.J. Martinek zuzenduta tributuzko ohiko dokumental estatubatuarra da: kontzertuen pasarteak telebistarako emandako elkarrizketen zatiekin (besteak beste, Tinaren ama edota Ike Turner berak, Tina urteetan kolpatu zuenak) managerrek, biografoek, lagunek, egungo senarrak eta kantariak emandako lekukotasunekin nahastu dira. Erwin Bach senarra agertzen da ekoizle exekutiboa bezala, eta kantariaren hitzetan hau izan behar du ‘behin betiko dokumentala’.
Please comment with your real name using good manners.