A maileko zinemaldietatik, lehena nagiak astitzen Berlineko hartzarena da. Otsailean ospatzen denez Berlinale iaz libratu zen Ekialdetik zetorren pandemiaz. Beranduago egiten ohi diren zinemaldiak guztiz moldatu zituenak. Mariette Rissenbeek-ek eta Carlo Chatrian-ek elkarrekin eta estreinekoz zuzendu zuten edizio hori arrakastatsua izan zen, kritikaren arabera azken urteetako onena.

zuzendari artistikoa, Carlo Chatrian. ©Alexander Janetzko
Aurten baina pandemiak bete betean harrapatu du zinemaldi alemaniarra. Egoerak oker egin duenez herri horretan, Salomon erregearen antzera Berlinalek zinemaldia bitan zatitzea erabaki zuen. Bi datetan ospatuko da. Astelehen honetan hasita eta datorren iganderarte, Europako Film Merkatua eta hainbat industriako zita egingo dira, birtualki. Orduan, prentsak (eta tartean Pantaila Handiak ere) hautatako filmak ikusteko eta epaitzeko aukera izango du. Ekainean berriz, pandemiak ahalbideratzen badu, Berlinalen garrantzitsu den publikoak zine aretoak beteko ditu aurtengo hautapena dastatzeko.

Lehia nagusian hautatu dituzten hamabost filmeen artean, Berlinalen ohikoak diren zuzendariak daude, halaber, Hong Sangsoo hegokorearra, Radu Jude errumaniarra edoeta Alonso Ruiz Palacios mexikarra. Cannesen behin baino gehiagotan lehiatutako Xabier Beauvois eta Céline Sciamma frantziarrak berriz estreinatuko dira Berlinalen. Beauvoisen zintan, Jean-Paul Belmondo izar frantziarraren biloba ikusiko dugu antzeztaldean. Aipatzekoa ere Daniel Brühl aktore katalandar-alemaniarrak zuzendu duen lehen film luzea sartu dutela. Dominik Graf, Maria Schrader eta Maria Spethekin batera Urrezko Hartzaren bila izango diren alemaniarren taldea osatzen du.

Lehian dauden bost film emakumeek zuzendu edo ko-zuzendu dituzte. Iaz izandako proportzioa da: hemezortzi izenburu zeuden lehian, sei emakumeek sinatuta. Hain bitxia izango den edizio honetan, Berlinalek erabaki du bere Epaimahai Ofiziala osatzeko Urrezko Hartza irabazitako sei filmeren zuzendariak gonbidatzea. Azken bost urteetan saritutakoak: Mohammad Rasulof irandarra (There is Not Evil, 2020), Nadav Lapid israeldarra (Synonyms, 2019), Adina Pintilie errumaniarra (Touch Me Not, 2018), Ildikó Enyedi hungariarra (On Body and Soul, 2017) y Gianfranco Rosi italiarra (Fuocoammare, 2016). Eurekin batera, Jasmila Žbanić bosniarra, zeinaren lehen film luzeak, Grbavicak, sari nagusia jaso zuen 2006an.

Lehiaz gain, interesa sortarazten dute Berezietan kokatu dituzten hamaika luze. Tartean Tahar Rahim frantziarra Oscarretarako lehian jarri dezaken The Mauritanian filma edota Michelle Pfeiffer, Lucas Hedges eta Imogen Poots antzeztaldean duen French Exit zinta. Neronek gorriz markatu ditu bi dokumental: Martin Eden zoragarriaren zuzendariak, Pietro Marcellok egindako Per Lucio, Italiako kantari ezaguna zen Lucio Dallaren eta bere aroaren erretratua eta Tina Turnerren omenez egindako Tina.

Horietaz gain, beti uzta ederra aurkitu daiteke Panorama, Forum edota iaz sortu berria den Encounters sailetik. Eta nola ez, Berlinaleko berezia den Generation atalean. Azken urteetako berrikuntza den telesailen artean HBO Españan arrakasta izaten ari den It’s a Sin aipatzekoa. 1980eneko hamarkada, Hiesaren urteak deskribatzen ditu Russell T Davies, britaniar fikzioaren azken artizarrak sorturiko honek – bereak dira ‘Years and Years’ distopia eta ‘Queer as folk’ ezaguna.

Berlineko zine zoragarriak faltan botako ditut. Etxetik, sofatik, ikusi beharko ditut Berlinarlek eskaintzen duena zuei kontatzeko. Hori bai, ekoizetxeek eta banatzaileek uzten dutenaren menpe geratuko gara.
Please comment with your real name using good manners.