Abenduaren 28an 125 urte bete dira publikoak estreinekoz sarrera ordaintzen zuela film bat ikusteko. Lumières anaiek sortutako negozioaren lehen urrats hori ospatu ezinik geratu dira Frantziako zineak, Baionako Atalantek harpiduneei helearazten dien ohartxoan gogoratu dietenez. Izan ere, Hego Euskal Herriko zine aretoen egoera tamalgarria bada, are tamalgarrigoa Ipar Euskal Herriko zinezaleen egoera. Iaz 5 hilabete baino gehiago itxita egon dira bertako zine aretoak – martxoaren 15tik ekainaren 22ra. Urriaren 30an berriro itxi zituzten eta oraindik pantailak beltzean jarraitzen dute.

Hori sufritu dutenen artean Donibane Lohizuneko “Le Seléct“ eta Baionako “L’Atalante“ aretoak daude. Lehenak 10 langile ditu, zine aretoaz eta barruan duten kafetegiaz arduratzeko. Bigarrenak 12, zine eta kafetegian banatuak. Duela urte batzuk Baionako arte eta entsegu zine ezaguna ibai ertzera mugitu zen, kafe-erakustoki zabal bat jarrita. Oraindik lan horretan egindako inbertsioa gogoan, etorri zaie egoera honi aurre egitea. Eurek dena den zine komertzialagoa duten aretoak baino hobeto eutsi diete. Majorren mendera daudenek publikoaren ehuneko 70 galdu dute, eurek ikusleen erdia baino zerbait gehiago.

Euren zaleen laguntza izan dute, abonamenduak erosi bait dituzte. Gainera administrazioak egindako itxialdia denez, “gobernuaren laguntza dugu” esan digu L’Atalanteko ko-zuzendaria Sylvie Larroquek. “Sarreren gaineko zerga ez dugu ordaindu beharko eta eremu fiskalean beste kendurak izango ditu. Langileak berriz langabezia partzialan daude. Hau da gobernuak ordaintzen die“. Beste laguntzak ere dituzte Larroquek argitu digunez, “Zineaz arduratzen den Centre du cinéma (CNC) ekoizpena, banaketa eta zine aretoak laguntzen ari da. Eta erregioak ere diru laguntzak jarri ditu martxan“. Baina 2021an nola berrekingo dioten beldurtzen ditu.
Abenduaren 15an hainbat zerbitzu zabaldu zituen Akitania Berria erregioko gobernuak. Baina kultura ez zen beharrezko jo eta ireki gabe geratu ziren gure zineak. Urtarrilean irekiera aztertu behar zuen gobernuak, baina etxeratze-agindua 18:00tan jarri zuenean, balizko irekiera bat bertan behera utzi zuen. Agindu hain goiztiarra “ez da errentagarria eta irekitzea zentzugabea litzateke” dio Larroquek “kontutan izanda ikusleen ohiturak“. Adi daude gobernuak eman dezaken argi berdeari. Baina hori urrun ikusten dute, “Le Seléct”eko Xabi Garateren ustetan hori ez da gertatuko “Frantzian 5000 kutsadura kasu berri neurtzen diren arte“. Egun 20.000 kutsadura inguru zenbatzen dira egunero.
Bien bitartean, bai batak eta besteak etxetik filmak ikusteko aukera ematen duten ekimenekin bat egin dute. Esaterako “La 25ème heure“ deritzan plataformarekin – zine aretora joango balira bezala ordu jakin batean film bat ikusteko aukera ematen zaie ikusleei eta ondoren, zuzendariarekin hartueman bat. Horrela Atalanteko ikusleek Frederic Wiseman dokumentalista estatubatuarrara entzuteko aukera izan zuten urtarrilaren 24ean. Hortaz gain, Baionako zine aretoaren jarraitzaileek “La Toile“ plataforma dute erabilgarri. “Bertako film asko L’Atalante eman ditugu“, argitu digu Larroquek. “Proposamen apala baina gure publikoa olgatzeko modua epe honetan“.

Le Selécteko Garatek gogoratzen digu “zabaldu ahala film asko daude zine aretoera iristeko prest. Egitarau ederra izango dugu“. Tartean, urriko itxialdia hastear estrenaitu berri zuten “Une Vie Secrète“, alegia Arregi, Garaño eta Goenagaren “Lubaki amaigabea”. Martxorako zabaldu ezkero, Euskadiko Filmategiarekin otsailarean 1ean eman behar zuten “Alegria Kapitaina” 1920ko film zaharberrituaren emanaldia egingo dute martxoaren 30ean.
Please comment with your real name using good manners.