Gaur hasita zine maitale askok galdezinezko hitzordua daukagu. Zinean berriz estreinatzen baita ¨Deseando amar” (In the Mood for Love) filma. Wong Kar Wai (Shangai 1951) zinegile izarren unibertsoan jarri zuen filma. Duela 20 urte estreinatu zen Canneseko zinemaldian, Tony Leung aktore protagonistak zinemaldi horretako aktore onenaren saria jaso zuen. Hori gogoratzeko aurtengo Canneseko zinemaldian filma 4K-n berriztatuta eman nahi zuten. Pandemiak tarteko zine aretoetarako bidea egin du zuzenean. Gurean Bilboko Multietan eta Golem Alondegian, Getxon, Donostiako Trueban, Gasteizko Floridan, Iruñeako Golem Yamaguchin eta Tuterako Moncayon disfrutatzeko aukera izango dugu.
Filmaren soinu bandak, zinematografiak, Maggie Cheung emakumezko aktorearen soinekoek, ahopean garatzen den amodio-ez amodio istorioak milaka zinezale txunditu dituzte. Zine kritikarien zerrenda askotan film onenen artean dago. Wong Kar-Waik idatzitako, ekoiztutako eta zuzendutako filma “inoiz kontatutako amodio istorio tristeena” deitu izan dute. Hamabost hilabete iraun zuen errodajea eta bi aktore nagusiak krisiak jota utzi zituen behin baino gehiagotan.
Britaniarren esku zegoen Hong Kongen girotu zuen, kolonia horretan zegoen Shanghaieko komunitatearen barruan. 1962an kazetari batek (Tony Leung) gela alokatuko du Shanghaieko emakume bati. Alboko gela egun berean itsasontzien konpainia batean idazkaria den emakume batek (Maggie Cheung)ek alokatu du. Biek orduz kanpo eta tarteka kanpoan denbora ematen duten bikoteak dituzte. Bakardadean pasako dute denbora asko. Topo egin eta konturatu gabe erlazio bat garatuko dute. Zuzendaria harro da urte hartaraino karrerako zailena izan duen film honekin.
Berriztapen honi lotuta, Wong Kar Wairen beste sei film berriztatu dira. Gaurtik ikusgai dagoen honekin lotuta dauden Days of Being Wild (1990) eta 2046 (2004), bere lehen filma, krimenezko drama As Tears Go By (1988), Cannesen zuzendari onenaren saria eskuratu zion Happy Together (1997), nazioartean ezagutzera eraman zuen, egunez idatzitakoa eta grabatutako Chungking Express (1994) eta aurrekoaren jarraipena omen den Fallen Angels (1995). Gehientsuenak bere etxea izan den Hong Kongen filmatu ditu. Azken biak 1990eneko Hong Kongeko gizartearen erretratu sozialak dira. Wong Kar Wai unibertso bezala saldu den berriztatutako sei film horiek, Gasteizko Florida eta Bilboko Multietan emango dituzte. Donostian Trueban Kresala zineklubak proiektatuko ditu.
Zuzendariak berak ikuskatu du zazpi filmeen berriztapena, 4K kalitatean. Wong Kar Waik aldaketeei buruz zera dio: “Berriztatu behar genituela zalantza sortu zitzaigun. Publikoak gogoratzen zituen bezala berriztatu edo nik imaginatu nituen bezala“. Azkenean bigarrena hautatu zuen. Bere oroitzapenetik gertuenen zegoelako.
Horrela Chunking Express eta Deseando Amar, jatorrizko formatoan berriztatu dituzte. Fallen Angels ere cinemascopen emango dute, beste era batean montatu bazuen ere. Eta originalak ez, berriztapenak direla argi uzteko, kredituak aldatu dituzte zazpi filmeetan estetika bera izan ditzaten. Wong Kar Waik lan berria balira hartu ditu: “Publikoa gonbidatzen du hasiera berri honetan laguntzera, film hauek ez baitira berdinak, ezta gu publiko bezala“. Lagunduko dugu?
Please comment with your real name using good manners.