2019an “Ihesaldia”rekin hasi zuen apustuarekin jarraituz, udazkenean Euskadin egindako telesailak bete ditu ETB1ek. Urrian eta abenduan gertaera politikoetan errotutako miniseriak programatu baditu, azaroa zine noir generoko bat eskainiko du: “Hondar Ahoak“, Txintxua Filmsek ekoiztua, Koldo Almandozek zuzendurikoa.
Arrantza portu garrantzitsu batean barku patroi bat desagertu da eta Bilbotik Nerea Garcia inspektora (Nagore Aranburu) bidaltzen dute ikertzera. Bertan Eneko Sagardoyk gorpuzten duen Alex jarriko diote laguntzaile. Lehen kapituluan behintzat, hainbat gauza ulertzeko, lagungarriagoa zaio Iraia Eliasek jokatzen duen ertzaina. Izan ere, telesailaren sinopsia, kontatzen duenez, herri horretara joandakoan inspektorea “berehala jabetuko da ez dela ohiko desagerpen bat eta ezer ez dela dirudiena. Iragana beti da inprebisiblea“.

Desagertutakoa aurretik ere egun batzutarako desagertzen omen zen. Polizia ezberdinen buruekin harreman ona duen herriko patroi garrantzitsu baten suhia da. Baina lehen kapitulu honetan, interesa gehien sortu didan iragana, inspektorearen iragana da. Vapeatzen duen emakume gogorra da Nerea. Zine beltzeko protagonista askoren tankera puntu beltz bat, arrakala, zauri sikologiko bat duena. Ondarrura iristeko – izan ere arrantza portua Bizkaiko herri hori baita-, horretara ailegatzeko errepide bihurgunetsuan ezagutuko dugun zauria.

50 minutuko lau ataletan zatituta, hurrengo kapituluetan jakingo dugu, inspektorak eta guk, sinopsian agertzen den beste lerroak zer esan nahi duten. Alegia “marinelen usadio batek dio itsasoko sekretuak lurrean kontatzen dituenari ahoa hondarrez beteko zaiola, itsasotik lurrera eramandako hitzek urratsak uzten dituztelako lerroak zeri buruz ari diren. Desagertutakoa aho hondarrez beteta agertuko da? Zein sekretuak dakar? Itsas portuek arrantza ezezik bestelako kargamentuak jasotzen dute?

Faktura ederra du. Horretan zeresan handia du Almandozen ohiko ekipoak. Goya saridunak diren Javi Agirre Erauso argazki zuzendaria eta Alazne Ameztoy, besteak beste. Telesailean ohikoa diren filmatzeko bigarren unitatea erabili dute eta horretan zuzendari Asier Altuna Iza ibili da. Niri guztiz txunditu nau Aitor Etxeberriak sinatutako musikak, telesaila edertzen duena.

Ideia Koldo Almandoz berarena da eta Txintxua Filmseko ekoizle burua den Marian Fernandezena. Fernandez gainera bigarren gidoilari bezala agertzen da. Angel Aldarondo ondarrutarrra da hirugarren gidoilaria. Asko eskertzen da erabilitako euskara, ustez lokalismoz beteta. Txalotzeko bestea Omar Diop, Ibou Sarr eta Fanta Touty jatorri Senelgadarreko aktore ez profesionalen partehartzea. Arrantza tokitan ikusten den emigrazioaren adibide eta jada “Oreina”n Almandozek erabilitako Euskadi multikultural horren seinale. “Hondar Ahoak” ikusi ahal izango dugu azaroan, asteazkenero 22:30tik aurrera. Eta euskaraz gai ez direnentzat, azpitituluak aktibatu daitezke.
Please comment with your real name using good manners.