Ingurumen eta Komunikazio Zientzietan lizentziatua, Juan Palacios (Eibar 1986) zinegileak duela 4 urte euskal film onenaren saria irabazi zuen Zinemaldian, “Pedaló”, euskal kostatik lau lagunen istorioarekin. Orain bere bigarren film luzearekin, lur barrura, Gaztelako mesetara joan da bertako paisaiak eta jendeak erretratatzeko. Hustutako Espainia erretratatzeko. Copenhageneko dokumentalen zinemaldian, Bartzelonako L’Alternativan eta Zinebin saritu ondoren, “Meseta” zine areto batzutara irtisi da asteburu honetan. Amsterdamen lan eta bizi den Juan Palaciosekin hitzegin du Pantaila Handiak.
PANTAILA HANDIAN –Noiz erabaki zenuen pedalotik jaitsi eta lur barrura egitera?
JUAN PALACIOS – “Bi proiektuak elkarrekin joan ziren. Kopenhagen nengoen Pedaló editatzen neguan, eta udan Zamorako herri txiki batera joaten nintzen. Urtero bezala, aiton-amonaren herrira, eta orduan hasi nintzen filmatzen. Eurek dira “Meseta”ko protagonista batzuk. Beti konexio handia izan dut herri, lurralde horrekin. Hain da Euskal Herritik ezberdin. Pancorbotik pasa eta lur lau berdindu zabal hori, sabana ematen duena. Estetikoki txikitatik erakarri nau lurralde horrek. Eta emozionalki, hainbeste uda aiton-amonaren herrian pasata, …”
Oso lurralde berezia beraz?
– “Bai, oso lurralde zinematikoa. Niretzako filmak leku batetik hasten dira. Espazio horretatik. Hor dauden elementuek erakartzen naute eta nire lana horiekin irudiak sortzea. Narratiba pertsonalak izan daitezke, gizakiak ez diren narratibekin konbinatzen direnak, paisaien narratibekin nahastuz. Hasieratik lurraldea nuen protagonista nuen eta hori definitzeko elementuak dira beste guztiak“.
Elementu horiek, hezur eta haragizko pertsonai kurioso andana dituzu. Non aurkitu dituzu?
– “Zinematikoena euren ahotsa iruditzen zait. Paisaia euren ahotsaren bitartez kontatuko balute. Nik bilatzen nuen pertsonai bakoitzak lurralde horren mugarri bat izatea. Esaterako herria aintzinean nola zen adierazteko filmean ikusten zen argazkilariarekin harremanetan jarri nintzen. Duela 100 urte hartutako argazkiak balira erretratuak egiten ditu. Lanabesak eta jantziak bilatzen ditu argazkia osatzeko. Bestalde, emakumeen falta kontatzeko ezkongabe bat nahi nuen eta hori kamiolaria da. Errepidean kantari ibilitako bikote musikala herrikoak dira. Artzaina eta emaztea, … Gehientsuenak herrikoak dira, eta hori neguan 70 lagun bakarrik bizi direla“.
Eta nola hartu zizuten dokumentala egin nahi zenutela esan zenienean?
– (Irribarrea) “Aiton-amonek benetako lana bilatzeko esan zidaten, gero filma Xixonen erakutsi genuenean ikustera etorri ziren baina. Bikote musikalari kamara jarri eta listo. Artzaina kostatu zitzaidan. Kamara gabe, berarekin eta ardiekin ibilaldi luzeak egin behar izan nituen, gutxinaka irabaziz, kamara aurrean filmatu ahal izateko. Agertzen diren bi neskak, umeen eskasia adierazteko erabili nituenak, kostata ere bereganatu nituen, eroso izan arte“.
Une batean, zure amona ibaian arropa garbitzen ikusten da, beste une batean, ikuzlea, garbitzailea erabiltzen du. Aintzina eta modernitatearen arteko jarioa ematen du. Eta ez da bakarra.
– “Bai, herri hori niretzat horrela da. Ez dakit amonak zergaitik egiten duen. Baina horrela da guztia, oin bat aintzinean, bestea orainean. Eta agian aiton-amonei zor dien irakasbide inportanteena da: paleolitikoarekin konektatzen duen mundu bat erakutsi bait didate. Iraganera, iraganeko ezagupen eta ohiturei zabalik dagoen leihoa da. Ez dakit noiz arte baina“.

Beste une batean, irrati programa batera egindako deia erabiltzen duzu, hippy batek kontatzen du neskalagunarekin herri batean bizitzen jarri zela, baina herritarrek ez zutela ondo hartu. Zein da zure begirada, hippy horrena edo begirada inozenteagoa duten umeena?
– “Egia esan, erdibidean. Tirabira hori, nekazal munduak sortarazten dituen begirada desberdinak aztetu nahi nituen. Izatez, gizon horri gertatutako esperientziak egon badaude, baina guk beti irudi idilikoa islatzen dugu. Nire ustez, nekazal mundua berpiztu behar bada, bi aldetatik lana egin behar da. Iritsi berriek gauza asko utzi behar dituzte atzean eta bertokoak besteei zabaldu behar dira. Gainera gogoratu posibilitate asko eskaintzen duen mundua dela, baina era berean sakrifikatua. Hor duzu artzainaren eta emaztearen sekuentzia. Askeak dira, baina egunean egun bizi dira, elementuen menpe. Horrek bakea ekarri dezake baina bizitza modernoak ematen dituen gauza asko albo batera uztera prest egon behar da“.
Begirada nostalgikoa ekidin ezina zen, ezta?
– “Beitu, beldur hori nuen eta sahiesten ahalegin dut. Nezakal mundua idealizatzen nuela ikusten nuen bakoitzean beste alde batera joaten saiatzen nintzen. Baina agian mundu horrekin dudan konexioa hain da indartsua non oso zaila zait begirada nostalgikoa guztiz alde batera uztea“.
Azken denboraldian ikusi dudan zabaltze sekuentzia batekin, irudi indartsuz beteta, “Meseta” lasai, pausoz pauso, dastatzen den film horietakoa da. Euskal ekoizleek sorturiko Doxa Produciones-ek eta Jabuga Filmsek ekoitzia, EITBren laguntza du. Atera Films euskaldunak banatuta, atzodanik dago zineetan, hasieran behintzat, Euskal Herrian, Bilboko Multis-en eta Eibarreko Coliseon.
Please comment with your real name using good manners.