BFI Londreseko zinemaldiaren azken urteetako ildoa izan da emakume zinegileen ekoizpen gehiago programatzea. Iaz film luzeen Sail Ofizialean hamar filmeen erdia emakumeek zuzendu zituzten. Aurten ere, emakume zinegileen ekoizpen asko sartu dute egitarauan eta asteburuan ikusitakoaren arabera kalitatezkoa. Lau aipatzeagatik, ofizioan urte batzuk daramaten Josephine Becker eta Malrgozata Szumowskarekin azkenekin batera lehen luzea zuzendu duten Regina King eta Cathy Brady filmak ikusi dira.
Zer dute amakomunean Cassius Clay (Mohammed Ali) boxeolaria, Sam Cooke kantaria eta futbol estatubarretako izar handienetako gerora aktore bihurtutako Jim Brownek? Arrazakeria jasan zutela, euren anai-arreba beltzak bezala. Pixar faktoriako lehen pertsonai beltzari, “Soul” filmeko pertsonaiari ahotsa jarri dion Kemp Powers aktoreak duela zazpi urte bere lehen antzerki lana idatzi zuen. Bertan benetako gau baten istoria fikzionatua egiten du. Cassius Clay (Eli Goree) boxeo txapeldun bihurtu berri da Miami Beachen ospatu den txapelketan, baina ezin du bertan geratu ospatzen arraza banaketa legeen tarteko. Beltzerako motel batera joango da lagunak dituen Cooke (Leslie Odom Jr.) kantaria, Brown (Aldis Hodge) atleta eta Malcom X-ekin (Kingsley Ben-Adir) afroamerikarren eskubideen aktibistarekin batera.
Nation of Islam erakundeko bozemalea denak deitu ditu eskubide zibilen borrokan eta kulturan duten papera argitzeko. Gau horren ondoren, Cassius Clayk izena aldatu zuen Mohammed Ali deitua izateko, Brownek futbola utziko duela iragartzen du eta Sam Cookek eskubideen zibilean mugarria izan zen abestia “A Change is Gonna Comme” telebistan kantatzen du. Antzezlana hori hartuta Regina King aktoreak zuzendari modura egin duen lehen luzea filmatu du. Powersek berak idatzitako gidoiari aurrekari bat jarri dio non protagonistek jasandako arrazakeria ikusten den. Antzezlana filmatu baino gehiago egin du Veneziak estreinekoz hautatu duen emakume afroamerikar baten film honekin. Kritikaren txaloak jaso zituzte zuzendariak, gidoiak eta aktoreak. Sarien denboraldirako lehian egon beharko lukete.
Sundancen irabazle, “Shirley“ ere aipatzen dute batzuek Oscar eta bestelako sarietako. Elisabeth Mossek Shirley Jackson gorpuzten du. Jackson ezaguna zen beldurretako liburuen idazle bezala eta etxetik atera nahi ez duen emakume goibel bezala. Beste maisulan bat prestatzen ari dela eta Michael Stuhlbargek jokatzen duen katedradunarekin ezkontza hondamendirako bidean dela, ezkonberri batzuk azalduko dira bikotearen bizitzan. Emazte gaztea (Odessa Young) biktima erraza bilakatuko da idazlearen eskutan.

“Madeline’s Madeline” aztoratzailea zuzendu zuen Josephine Beckerrek zuzendu du une biografikoak dituen filma. Honi ere bere estiloa berezia eman dio. Martin Scorcese eta Todd Haynesen ekoizlea den Christine Vachonek ekoiztu dute filma. Moss izugarri dago eta berriz sarien denboraldian hautagaien arten egon beharko luke.
Film laburren zuzendari saritua, Ipar Irlandako Cathy Bradyk bere herrialdeko azken hamarkadako historia testuinguru erabiltzen du “Wildfire“ bere lehen luzerako. Kreditu aurretik bi minutuz, telebistatik ateratako irudi muntaia ikusten dugu, 1960.eneko hamarkadatik borroka armatua bukatu zuen Ostiral Santura eta orain berriz herria aztoratu dezakeen Brexiteraino. Testuinguru horretan, Ipar Irlanda eta Irlandako Errepublika arteko muga hiriko bi aizpeen historia kontatzen digu Bradyk.
Urteetan desagertuta egon den Kelly (Nika McGuigan) etxera itzultzen denean, Lauren (Nora Jane Noone) aizparekin zuen harreman estua berreskuratzen du. Baina era berean bere buruaz beste egin zuen amaren iragana eta ezkututako sekretuak argitara emango dituzte. Amak zuen gaixotasuna alabak heredatu ote duten beldur dira ingurukoak. Bradyk tentuz ikutzen du jasandako traumaren gaia, leku geopolitiko konkretu batean. Dramara egingo duenean uste duzunean, heltzen dio, sekretuak gutxinagaka azaleratuz. Bi aktore nagusiak izugarri daude. Zoritxarrez horietako bat ez dugu beste behin pantailan ikusiko. Nika McGuigan leukemiaz hil egin zen iaz, filma grabatzen bukatu zutenean. Berari eskainita dago filma.
Aitortu behar dut zuzendari poloniar hau maite dudala. Małgorzata Szumowskaren “Body” Berlinen ikusi nuenetik jarraitu dudan zuzendaria da. Gorputza hain zuzen gaitzat duen zinegilearen atzean bere argazki zuzendaria, Michał Englerten begirada ere garrantzitsua da. Orain biek lau eskutara idatzi eta zuzendu duten lehen filma, “Never Gonna Snow Again“ Venezian estreinatu zen eta egunotan Londresen ikusgai dago, Szumowskarekin ere maitamendua dagoen zinemaldi honetan. Satira hau Poloniaren hautagaia da Oscar sarietarako.

Basoetatik agertzen zaigu, argiak piztu eta itzaliz pasatzen den heinean, Varsoviara iritsiko da Zhenia (Alec Utgoff), Chernobylen hondamendia izan eta zazpi urte lehenago jaiotakoa. Langile eta ikasleen aterpe batean ostatu hartuko du, auzo aberats batean masajeak etxez-etxe ematen duen bitartean. “Desperate Housewife” moduko urbanizazio batean, non seme-alabak Varsoviako Eskola Frantsesan ikasten duten, Zheniak emakume aspertu eta gizon gaixoen gorputza ukitzen du, euren neurosiak sendatu nahirik. Bitartean, hildako bere amaren itzala luze jasaten du. Umore printzak nagusi, Utgoff izugarri dago aurpegi lasaia, izukaitza jartzen. Iaz kale egin bazidan “The Other Lamb”arekin, berriz harrapatu nau honekin, konnposizio ederraz jantzita dagoen tragikomedia honekin.
Please comment with your real name using good manners.