Pandemiak BFI London Film zinemaldia hankaz gora jarri aurretik iragarri zuten aurtengo edizioa Steve McQueenen film batek zabalduko zuela. Hain zuzen, BBCrako egindako bost film sortatik lehenak. “Mangrove” aproposa da gainera “Black Lives Matter”eko urtea ere den 2020 honetan zinemaldia irekitzeko.

McQueenen filmaren izenburua 1968.an Londreseko Nottingham Hillen zabaldutako jatetxe batetik dator. Auzoan ezarritako Antilletako etorkin batek zabaldu zuen, Antilletako janaria emateko. Poliziaren jazarpena izan, hori salatzeko manifestazioa antolatu eta antotzaileen aurka egindako epaiketa jarraitzen du filmak. “Mangroveko Bederatziren” kasutzat ezagutzen den epaiketak Britania Haundian zegoen arrazakeria azalaretzako balio izan zuen. Erdi ahaztuta zegoen epaiketa eta kasu hori gogora ekarri izan nahi du auzo horretan erroak dituen MacQueenek. Detaileei adi, irudiz beteta, bizi filmatu du epaiketa hori.

“Siberia“ Abel Ferrara bere horretan da. Berlinalen Sail Nagusian lehiatu ondoren, Londresen erakutsi dute purgatorioaren erretratu izan daiteken hau. Filmaren hasieran taberna isolatu batean azken urteetan Ferraren aktore fetitxea, Willem Dafoe, tabernari dugu. Bezeroak identifikatzen ez den hizkuntzan ari dira, errusiarra ematen du. Siberian omen gaude nik ikusitako kopian azpititulurik ez zeuden. Bezeroak eta bestelako bisitariak errusiarrez ari diren bitartean, Dafoe ingelesez ari da. Dafoeren irudipena omen? Hortik Dafoe putzu batean erori eta aita izandakoarekin topo egingo du. Bere bizitzako pertsonak agertuko zaizkio filmaren zehar, bere bitzitzaren errepasoa egingo balu bezala. Argazki txundigarria, beroa, baina gutxi konektatu du Ferraren eta Dafoeren bizitzarekin kontu kitapen film honekin, gizon zuri, heldu baten begirada duen film honekin.
Emakume heldu honi interes handiago sortu dio Phillipa Lloyden “Herself“ filmak. Dublineko zinemaldian estreinatu eta saritu zuten, Sundancetik pasa eta Donostiako zinemaldian publikoaren sariagatik lehiatu zen tragikomedia irlandar honek egungo gaitz batzuk pantailaratzen ditu: indarkeri matxista, etxebizitza eskasia eta arazo ekonomikoak. Airea hartu gabe, hiru minututan, gure protagonista, Sandra, aurkezten digu. Alabekin jolasean egotetik, gizonak egurtuta ikusten dugu. Alabaren bazkari otarrean ezkututako ohar batek salbatuko du. Gizonaren indarkeriatik behitzat.

Sandrak bidaia hasiko du, gizon abusatzaile hori atzean uzteko, lantxoak egin eta etxea lortzeko, eta bere buruaren nagusi egiteko. Azkenean, etxe hori berak eraiki beharko du. Protagonista gorpuzteko antzerkian batez ere aritutako Clare Dunne aktorea dugu, ederki lan egiten duena. Dunne ekoizpen bidean dagoen Ridley Scotten “The Last Duel” filmean ikusiko dugu. Bera da gainera “Herself” gidoiaren egileetako bat. Umore printzekin, bizitzaren gorabeherak islatzen duen pelikula hau ikusita irribarrea ahotan aterako zara. Hego Euskal Herriko zine aretoetan azaroaren 20an estreinatuko da “Volver a empezar“ izenburuarekin.
Komediarako tarterik ez, emakumearen indarkerian oinarritutako bestean, “180º rule“ iraniarrean. Farnoosh Samadi film laburren zinegile sarituak bere lehen luzea egungo Teheranen girotu du. Sara (Sahar Dolatshahi) irakasle errespetatuta da, lankideek eta ikasleek maitatua. Alaba bakarraren ama, senarrak baina hitzez gaizki tratatzen dituen horietakoa.
Senide baten ezkontzara Irango iparraldean joan nahi du familiarekin. Baina gizonak laneko bidai bat kontu ezin du eta emakumea joatea debekatzen dio. Bidean jartzen da hala ere Sara, alabarekin, ezusteko ondorioak izango duen bidaian. Torontoko Zinemaldian estreinatu zen filma hau oso ondo hasten da, zinematografia aldetik indartsu baina trajediaren jaitsiera hori gehitxo da. Eskuetatik alde egin dio Samadiri. Hala ere, Irango emakume zuzendari honen hurrengo filmaren zain geratzen naiz.
Please comment with your real name using good manners.