Iaz Bilbon ospatu ondoren, Feroz sariak Madrileko erkidegora itzuli dira aurten. Ostegunean Madrileko lo-hiria den Alcobendasen banatuko dira Espainiako Zine prentsak ematen dituen sariak. Banatuko gaueko 22:00tik María Hervasek aurkeztuko duen eta Telemadrideko bigarren katea, La Otra katean zuzenean emango duen galan. Gauzak ondo, gau zoriontsua izan daiteke euskal zinemarentzat. Euskal film asko izendatuta baitaude eta horietako batzuk izendapen askorekin.
Esaterako draman sei izendatuetatik bi euskaldunak dira (“La Trinchera Infinita” eta “El Hoyo“). Hirugarren batean, Oliver Laxe frankogalegoaren “O Que Arde“ filmean ere dirua jarri du Euskal Telebistak. Donostiako Zinemaldiako Feroz saria jaso ondoren, Aitor Arregik, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako istorioak aukera ditu errepikatzeko, drama onenaren saria jasotzeko. Gerra Zibilaren ondoren etxean ezkutata izandako satorraren istorioak aurkari gogorra du, Pedro Almodovarren “Dolor y Gloria“, izendapen gehien, 10 dituen, filma.
Toronton eta Sitgesen sariak jaso dituen “El Hoyo“ Galder Gaztelu-Urrutia bizkaitarraren lehen luzea da. Jon Mikel Caballero iruindarrak eta Aritz Moreno donostiarrak euren lehen filmak ere sartu dituzte komedia onenaren lehian.“El Increíble Finde Menguante“ eta “Ventajas de Viajar en Tren“ beste hirurekin lehiatuko dira. Donostiarraren filma da faboritoa Tuteran AICEk, prentsak antolatutako “Lo Que Viene” mostran orduerdiko muntaia aurkeztu eta txalotu ondoren. Gainera, Almodovarren filmaren ondoren, izendapen gehien dituen filma da, zazpi. Seina dituzte “La Trinchera Infinita” eta “El Hoyo” filmek.
Zuzendaritza sailean are deigarriagoa da euskal zinemaren indarra. Sailean izendatuta dauden bost filmeetatik, hiru euskal zuzendariek osatu dituzte. Ohikoak bilakatu diren Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagari Galder Gaztelu-Urrutia eta Aritz Moreno gehitu zaizkie. Cannesen lehiatu diren Oliver Laxe eta Pedro Almodovarren izango dituzte aurrean.
Euskaldun gehiago aurkitu daitezke beste saileetan. Esaterako “Mientras Dure La Guerra“ filmean Unamumo gorpuztu duen Karra Elejalde gizonezko aktore nagusiaren sailean izendatu dute. Zaila du, askoren ahotan baitago Almodovar bera gorpuzten Antonio Banderasek egindako lana. Hain zuzen, film horretan, “Dolor y Gloria”n aritu den Asier Etxeandia bilbotarra gizonezko antzeztaldeko aktoreen artean dugu izendatua.
Musikan jada ohikoak dira Alberto Iglesias eta Pascal Gaigne. Aurten ez dute hutsegin. Donostian bizi den frantziarraren kasuan Moriartirekin egiten duen azken proiektua izendatu dute, gerra baten osteko soinu banda idazteagatik. Alberto Iglesias ere Pedro Almodovarrekin duen harremana sendotuz, mantxegotarraren film autobiografikoan egindako lana aipatu dute. Iaz jasotako saria errepikatuko du zarauztarrak?
Gidoi onenaren sailean ere euskal partehartzea. “Psiconautas” eta “Birdboy” idatzi zituen Pedro Rivero gidoilariak izendapena lortu du, “El Hoyo” filmagatik. Zuzendaritzaz gain, Jose Mari Goenagak beste sari bat eskuratu dezake, Luiso Berdejo donostiarrarekin batera idatzitako Gerra Zibileko istoria gidoi onenaren izendapena eskuratu dio. Kuriositate modura esan, filmeko emakumezko aktore nagusia, Belen Cuesta, bitan izendatuta dago. Filmagatik eta “Paquita Salas” telebista sailagatik. Telebistan eta zineman aktore izendapena lortu ditu Enric Auquer gazte katalanak.
Raul Lopez donostiarrak “El Hoyo”rako egindako trailerrak ere aipamena du. Eta karteletan Jose Ángel Peña, “Walijai” ezizenez ezagututako artista donostiarrak ere izendapena du laguna eta bulegokidea duen Aritz Morenoren “Ventajas de Viajar en Tren” filmaren kartel barrokoagatik.
Dokumental onenaren saria jasotzeko izendatuta dauden bost filmeetatik bi zuzendari nafarrek zuzendu dituzte. Oskar Alegriak “Zumiriki“n Venezian estreinatu zuen, orain zinemaldien zirkuitoetatik mugituko du, areto komertzialetik kanpo. Xixonen aurkeztu zuen bere lehen luzea Ione Atenea iruindarrak ere. “Enero“n bere bi amonak ditu protagonista. Kuriositate modura artista nafarraren aizpa, Marina Lameiro, sail horretan izendatu zuten iaz “Young & Beautiful” filmagatik. Eta Atenea da euskal izendatuen artetik, emakume bakarra.
230 kazetari eta blogarik osatzen duten elkarteak telebistan ere sariak ematen dituzte. Baina aurten bertan ez dago euskal ordezkaririk. Prentsak Ohorezko Feroz saria Gutierrez Caba klanari emango dio. Julia eta Emilio anai-arrebak jasoko dute ikurra, duela urte batzuk zendutako Irene aizpa eta arreba gogoan dutelarik.
Please comment with your real name using good manners.